Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: hizkuntza

20/01/2008 GMT 1

Merkealdietan gaudenez gero, ...

martinez @ 13:49

Txiste benetan eskasa nirea. Azaldu nahi nuen Euskaltzaindiak Leizarragaren Testamentu Berria erosi berri duela. Ez merke, ordea, 20.500 ingeles libera (27.000 bat euro) ordaindu baitio Sotheby's enkante etxeari.

Sotheby'sek pasa den azaroan atera zuen liburua enkantera, baina inork ez zuen erosi. Geroago hitz egin zuen Euskaltzaindiak etxearekin eta erosketa adostu.

Liburu erosi berria klasikoaren lehen bertsioa da, 1571n argitaratua. Antza, 1907. urtean libururaren 26 ale zebiltzan munduan. Egunera hamabi bat iritsi omen dira, Euskaltzaindiaren iritziz.

Hori guztia eta gehiago, beti legez, Azpeitiko Euskara Patronatuaren web gunean: www.erabili.com

04/12/2007 GMT 1

Beste emakume bat Euskaltzaindian

martinez @ 21:12

Lourdes Oñederra euskaltzain oso izendatu zuen Euskaltzaindiak azaroaren 30ean Bilbon egin zuen osoko bilkuran.

Lourdes Oñederrak, orain arte euskaltzain urgazle, 30. zenbaki-hutsartea beteko du.

Oraindik ere bada lotsatzeko modukoa emakumeeta gizonen arteko proportzioan Euskaltzaindian. Proposatuko nuke gizonezko gehiagorik euskaltzain ez izendatzea, emakumeek % 40 iristen ez duten bitartean.

Eta zalantza bat bururatu zait: Euskaltzaindia herri erakundea izanik, ez al dago Berdintasun Legearen mende?

06/11/2007 GMT 1

Atzerritarrak euskaldunberri

martinez @ 21:14

Frida aldizkaritik atera dut albistea. Olinder kolonbiarra da eta postari gisa dihardu Leioan (Bizkaia). Hemendik gutxira, izena emango du euskaltegi batean, euskara ikasi nahi duelako eta apur bat gehiago gizarteratu, etorkizuneko lan aukerei begira ere bai, noski.

Adalgisa bolibiarra da eta hizkuntza "arraroak" ditu gogoko. Haren ustez, euskarak harreman hobeak edukitzen lagunduko dio eta semeari eskolako lanak egiten ere bai.

Olinder eta Adalgisak zerikusirik ez daukate elkarrekin; bakarrik atzerritarrak izatea, orain bizi diren herritik oso oso urrun dagoen bste herri batean jaio izana eta bertan etxekotu eta bertako hizkuntza ikasi nahia. Euskaltegian egingo dute topo elkarrekin eta batera ekingo diote euskarari.

Egunean Euskadi Autonomia Erkidegoan Erefuxiatuei Laguntzeko Batzordeak (CEAR-Comisión de Ayuda al Refugiado) atenditu dituen etorkinen % 38k adierazi du euskara ikasi nahi duela. Javier Galparsorok, Euskadiko CEARko presidenteak dioenez, harrigarria eta oso ona da, beste zailtasun asko gainditu beharraz gain, euskararekiko interesa ere erakustea. Horrek duda gabe erakusten digu erroak egin nahi dituztela hemen.

Interes handiena 26-45 urte bitartekoek omen dute (% 68) eta Sestaon, Erandion eta Leioan bizi direnek.

Getxoko Udal Euskaltegian iaz hirurogei etorkin matrikulatu ziren euskara ikasteko eta, ikasitakoa praktikatu nahian, "Munduko Afaria" ospatu ohi dute urtero. Ikasleek beren herriko plater tipikoak prestatu ez ezik, zerbitzari moduan ere jardun behar dute afari horretan. Udal teknikarien esanetan, afaria oso esperientzia ederra izan zen ikasleentzat, baina, guztiaren gainetik, inportanteena da sarea egin dutela etorkinek eta euskararen oinarria behintzat berenganatu dutela.

24/10/2007 GMT 1

Biraoak

martinez @ 17:44

Patxi Salaberria eta Juan Jose Zubiri euskal filologoek "Biraoak. Nafarroan bilduak" liburua atera berri dute Pamiela argitaletxean. Ehunka birao bildu dute liburura ikerlari biek, asmoa darabiltelarik euskaraz berba itsusirik ez dagoelako uste ustela galaraztea eta hizkera adierazkorra bizirik iraunaraztea.

Liburuak madarikazio zerrenda ez ezik, azalpenak ere badakartza esamoldeen jatorriaz eta sarriaz eta "erabiltzeko arauak" ere bai.

Liburura jo dezake, beraz, Nafarroako euskal biraoen berri jakin nahi duen orok. Liburua aurkezteko ekitaldian, dena den, Zubirik gaineratu zuen oso gomendagarria dela halaber euskaldunberrientzat, ikasgelan nekez entzuten baita horrelako berbarik. Egileen iritziz, ez dago gaztelaniara jo beharrik madarikatzeko eta euskal baliabideak gaztelaniazkoak bezain eraginkor eta mingarri direla.

Urtebete eta erdia eman dute filologo biek lanean, Nafarroako hainbat herritako zortzi lagunek lagundurik. Liburuak lehen zatian sarrera orokorra egiten du, lanaren metodoa aurkeztu eta biraoak egiteko atzizkiak eta bitarteko sarrienak, eta biraoak zelan ahozkatu behar diren. gero dator birao zerrenda, alfabetoaren ordenaz eta, horretaz gain, bakoitza non erabiltzen den, zein esangura duen eta zenbaterainoko indarra leku bakoitzean.

Bigarren zatian, berriz, esanguraren arabera sailkatu dituzte biraoak, sinonimo, adibide eta guzti. "Indargarriak" izeneko kapituluan, azkenik, azaltzen dute nola eman diezaiekegun indar handiagoa esamolde itsusiei, hainbat berba gehituz. Eta bukatzeko, biraoak dakartzaten 37 literatur lan hautatu dute.

Dudarik gabe, liburu ezin interesgarriagoa euskararekiko interesa dugunontzat.

15/10/2007 GMT 1

Euskal literatura Frankfurteko Liburu Azokan

martinez @ 17:05

Urriaren 10ean hasi zen munduko liburu azokarik handiena Frankfurten. Aurten Katalunia da ohorezko gonbidatua. Euskal Herriaren partetik, Miren Azkarate Kultura sailburua eta Patxi Baztarrika sailburuordea ere izan dira hor, hainbat euskal editorerekin batera.

Idazleei ari bagara, Arantxa Urretabizkaia, Xabier Montoia eta Ibon Uribarri entzuteko parada izango dute bisitatzaileek eta Petra Elser eta Idoia Noble itzultzaileak ere bai.

Frankfurteko azokaren 59. edizioa da aurtengoa. Zazpi mila eta piko erakusletari egongo dira eta 110 herrialdetako nobedadeak aurkeztuko dituzte astebetez. Horrelaxe bilakatzen da Frankfurt kontratazio eta harremanetarako gune nagusi. Aurten hirugarren aldiz lortu da euskal literatura sustatzeko ekitaldian egitarau ofizialean sartzea. Bejondaiela!

06/10/2007 GMT 1

Atxaga Bilbon 2001. urteko abenduan

martinez @ 09:30

atxaga-eskaileran.jpgBernardo Atxagak hitzaldia eman zuen Bilbon, Bilbo Zaharra euskaltegiaren foruma zela eta, 2001. urteko abenduaren 1ean. Kasualitatez etorri zaizkit eskura hitzaldiaren transkripzio baten fotokopiak, azpimarra eta guzti, eta erabaki dut azpimarratutako pasarte solteak apur bat moldatu eta hona ekartzea. Ez ahaztu toki-egunak: Bilbo, 2001eko abendua.

  • Literaturak aspaldian herri jende xehea oso gutxitan hartzen zuen aintzat. Herria bakarrik azaltzen zen jenero komikoetan. Baina gero urteak joan dira eta jenero komiko horiek sekulako garrantzia hartu dute literaturaren historian, picarescarekin esate baterako. Hasiera batean, ordea, herri xehea irri egiteko baino ez zen azaltzen literaturan. Gutxi gorabeherako gauza gertatzen ari da orain telebistaz: herri xehekoa bazara, nahi izanez gero, agertuko zara pantailan, baina jendeak irri egingo du zure bizkar, lelokeriak entzuten.
  • Durangoko Azokan liburu erdal pila saltzen da; gehiena, esango nuke. Bestetik, Bilbon euskal kulturak orain ez dauka nire gaztetan zeukan statusa; galtzen ari da. Eta berdin esango nuke euskal telebistari buruz. Euskal telebistak ehunn mila ikusle irabazi omen ditu. Zeinek? Zein hizkuntzatakoek? Euskara galtzen den urtean bost milioi lagun joango dira Korrikara. Eta euskal libururik saltzen ez den urtean Durango Azokan Ehungarren Urte Triunfala ospatuko da.
  • Nik Tolosako liburutegia bisitatu ohi dut. Eta galdetzen dut zenbat liburu ateratzen den, bataz bestez, hogei mila biztanle baino gehiago daukan Tolosan. Hogei liburu egunean. Zenbat euskaraz? Ehuneko hamabi.

Gaizki esanak barkatu, ondo esanak gogoan hartu eta ondo bizi.

04/10/2007 GMT 1

Gazte euskaldunak eta etorkinak

martinez @ 16:42

Giza talde bi horien arteko harremana ikertu du Haizea Cobos Errazti antropologo eta soziologoak. Ikerketaren emaitzak www.erabili.com gunean argitaratu ditu. Ohi legez, argitaratutakotik ideia eta datu solte interesgarri batzuk atera eta hona ekarriko ditut.

  • Etorkinek euskarara hurbiltzeko joera eskasa erakusten dute. Joera pragmatikoa da hori, besterik gabe, gehiengoaren hizkuntza aukeratzen baitute.
  • Inmigrazioari buruzko jarrera ahoz azaltzerakoan, euskaldunak irekiago dira erdaldunak baino. Jarrera positibo eta ireki horrek, ordea, ez dakar berez harremanak gauzatzea. Atzerritarrei eta kultur aniztasunari tolerantzia handiena erakusten dietenak unibertsitate ikasketak dituzten gazteak eta euskaldun abertzaleak dira, hau da, eguneroko bizimoduan etorkinekin harremanik txikiena izaten dutenak.
  • Gazte atzerritarrekin harremanak dituzten euskaldun askok ez dute euskara jotzen nortasun faktoretzat edo markagailu etnikotzat.
  • Honako hauek izaten dira gazteen kulturaren azpimarkagailuak: lengoaia (hizkuntza ez ezik, ahozpo adierazpideak ere bai), musika (kontsumitzen eta ekoizten dena: tabernak musika motaren arabera definitzen dira), estetika (nortasunaren adierazpen gorputzaren bidezkoa) eta ideologia (EAEn abertsaletasunaz indartua). Hizkuntza gazteen kulturaren bereizgarria da, dudarik gabe; beste guztien menpe dago, ordea.
  • Bilbon atzerritarrak gehienbat Alde Zaharrean eta San Frantziskon bizi dira. Alde Zaharrean % 16,6 dira atzerritarrak eta San Frantziskon, berriz, % 21. Auzune bi horietan euskaldunen ehunekoa eskasa da: % 5,9 eta % 5,3, hurrenez hurren. Antzerako kopuruak agertzen zaizkigu Gasteizen. Ondorio legez esan dezakegu, bada, etorkinak jasotzen dituzten auzuneak ez direla euskaldunak. Gazte euskaldunek eta gazte etorkinek ez dute harremanetarako aukerarik, inmigrazioaren esparrua eta euskararenak bat ez datozelako.
  • San Frantzisko Bilbon eta Gasteizko Alde Zaharra euskaldun gazteen aisiarako guneak dira. Hala ere, giza talde bien arteko alde soziala eta ekonomikoa eta heziketa mailakoa direla kausa, bi taldeok ez dute hurko gisa elkar ikusten.
  • Hainbatek jarrera aktiboa erakusten dute kulturaniztasunaren alde; kulturaniztasun eroso edo erromantikoa da hori, ordea.
  • Gazte euskaldunak errazago identifikatzen dira etorkinen jatorriko estatuetako gutxiengo kulturalekin edota autodeterminazio-eskubideak aldarrikatzen dituzten bertako mugimenduekin. Jarrera positibiagoa izaten dute, kasu, bereber edo saharren alde.
  • Etorkinek ez dute barneratzen EAEko hizkuntza auzia, ez eta horrek eragiten duen dinamika soziala ere. Haiek ere egoera elebidun edo hirueledunetatik datoz. Hortaz ez gaitu harritu behar pragmatismora jo izanak.
  • Etorkin gazteek arrazoi musikal eta estetikoen aldetik kultura bat ere hautatzen dute. Eta hautatzen dituzten musika, estetika edo harremanetarako ohitura ez dira Euskal Herrikotzat jotzen.
  • Etorkin gazteek koadrilaren giroari itxia eta arrotza deritzote, saihestu egiten dute eta bestelako harreman motak bilatzen dituzte. Hemengo gazte askoren aiasialdiko harremanak koadrillara murrizten dira eta koadrillak ikastolatik mantentzen dira. Orain 25 urte inguruan dutenek eskolan inmigranterik topatu ez dutenez gero, ez dute aukerarik izan haiekin har-emateko.
  • Lurralde soziala etniaren arabera ere banatzen da. Nortasun subjektibo nagusiki euskalduna duten gazteek eta markagailu etniko gisara euskaratrekin identifikatzen direnek, hau da, beren burua "euskaldun" definitzen dutenek eta guztietan euskalduneneak edo borrokazaleenak omen direnek herrietako gunerik nagusi eta zentrikoenetan ematen dute aisialdia (Alde Zaharreko tabernetan, gaztetxean...). Gazte atzerritarrak, berriz, beren auzoetan, aldirietan ohi dabiltza, eta herriko beste gazteak eta minorizatuta dauden gainerako gazteen kultura edo etniak topatzen dituzte: txunta-azaleak, raperoak... Baina batez ere txunteroak, nortasun euskaldunetik urrunen dagoen eta nortasun espainola esleitzen zaion gazte kultura, alegia.
  • Gazte euskaldunek eta etorkinek ez dute espazio komunik. Eta Gernikako Gazte Asanbladako 24 urteko baten ustez, uste eta aurreiritziz gehiago dakite gazte euskaldunek errealitateaz baino. Hau panorama beltza etorkizunerako.

26/08/2007 GMT 1

Mikel Zalbide Agustin Iturriagaz (II)

martinez @ 16:27

Aurreko kapituluan esan genuen 1823an itxi ziotela ikastetxea Iturriagari eta irakasle gisa jardutea debekatu.

Orduan bere burua euskaraz janzten, alfabetatzen, hasi zen eta, horretan zebilela, 1830ean deia jaso zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietatik: euskara gainbehera zetorrelarik, zerbait egin beharra zegoela ikusten zuten Batzar Nagusiek eta euskara indarberritzeko plan bat erabaki zuten. Plan hori idatzi eta aurkeztea eskatu zioten, bada, Agustin Iturriagari. Baiezkoa eman zuen Agustinek eta bizpahiru urtetan jardun zuen horretan, Iztuetarekin eskuz esku.

Horretantxe ari zen, 1833an Lehen Karlistada lehertu zenean eta han bukatu ziren, aldi baterako, herri aginteen enkarguak. Gainera, herritik alde egin behar izan zuten Agustin Iturriagak, anaia Cayetanok eta zenbait lankide zaharrek, 1834an. Donostiara joan ziren lehenik eta Agustinek Iparraldera jo zuen hurrengo urtean. Han egon zen bost bat urtez, harik eta 1840an, gerra bukatuta, Hernanira itzuli zen arte.

Behin Hernanin, eliz lanak egiteaz aparte, hamar bat urte lehenago Batzar Nagusien enkarguz prestatu zituen ikasliburuak argitaratzeari ekin zion. Donostiako Baroja etxean argitaratzen saiatu zen, baina hirutik bakarra baino ez zuen lortu horrela argirtaratzea: Fabulua-ipuinen liburua. Beste biak, "Arte de aprender la lengua castellana" eta "Dialogo-jolasak" bere kontura argitaratu behar izan zituen. Beste hainbat liburu eta berak prestatutako hiztegia ere argitaratzeko asmoa zuen; ezin, ordea.

Dena den, ez zen hori ustekabekorik larriena izan, enfoke-aldaketa baizik. Iturriagaren langintzak bi helburu zituen: lehenik, euskara indarberritzea, eta bestetik, umeak gaztelania errazago eta probetxu hobez eskuratzeko bidean jartzea. Hernaniko ikasliburu biak, aitxitik, lehen asmoa gabe argitaratu ziren.

Hirugarren ustekabea ere izan zuen Agustinek; lehenengo bi liburu horien salmenta uste baino okerrago atera zitzaion. Suerte hobea izan zuen, nolanahi ere, hirugarren liburuarekin, fabula-ipuinei buruzkoarekin.

Ez zen horretara mugatu Iturriagaren jarduna 1840tik 1851ra. Juan Mateo Zabalaren aditz-liburuaren onespen-azterketan jardun zuen Iztuerarekin batean, San Inazioren martxa, ordura arte gaztelaniaz kantatu ohi zena, euskaraz jarri zuen eta errotulazio publikoan euskarari presentzia argia ematen hasi zen.

11/08/2007 GMT 1

Mikel Zalbide Agustin Iturriagaz (I)

martinez @ 08:48

mikel_zalbide.jpgMikel Zalbide euskaltzain osoak aurtengo ekainaren 2an irakurri zuen Donostian sarrera-hitzaldia. Agustin Iturriagaz mintzo zen. Hitzaldiaren testu osoa, ohar eta guzti, www.erabili.com gunean duzue. Nik laburtu egingo dizuet.

Agustin Iturriaga apaiz pedadogo hernaniarra XIX. mendean bizi izan zen. Garaiko abade gehienak ez bezala, pentsaera ilustratu-liberaletik zetorren. Garaiko apaiz jendea, egia esan, bateragaitza zen gizarte-aurrerakuntzarekin. Eskola-maisu gisara zihardutenen neurrian, haien ustez, baserriko semea (alabarik aipatu ere ez) baserritar izateko jaioa zen, ez bestetarako, eta hartarako ez zuen kultura idatziaren beharrik. Lapitzak ez dik artorik ematen, ohi zioten.

Oso urrutik zegoen Agustin apaiz-prototipo horretatik: justu beste punta-muturrean. Gainera, ekintza-gizona zen hernaniarra.

Bazuen Agustinek lagunarte jasoa, goi-mailakoa. Gipuzkoako jende ikasiarekin, Hernaniko eta Donostialdeko jende ilustratu eta, oro har, liberal famakoarekin bildu ohi zen sarri.

Iturriaga pedagogo izan zen gehienbat. 1818an zabaldu zuen ofizialki Hernanin bere ikastetxe berritzailea: zigorra debekatua zegoen eta ikasgai osagarriak eskaintzen zituen; kultura-giro osoan txertatuz erakusten ziren hizkuntzak, bere hutsean irakatsi ordez.

Gipuzkoako eskoletan hizkuntza kontuan gaizki jokatzen zela konturatu zen Agustin: gaztelaniaz erakusten zitzaien, erdaraz gutxi edo tutik ere ez zekiten umeei. Ikasle gehienak etxetik euskaldunak izanik, euskaraz eman behar zela eskola uste zuen Iturriagak.

1820an Madrilen gobernu-moldea aldatu eta liberalek agintea eskuratu zutenean, eskola kontuetarako aholkulari hartu zuten berehala Iturriaga. Gipuzkoa osorako ikasmaterial egokiak presta zitzan eskatu zioten. 1821ean, beraz, Aldundi liberalaren enkarguz, ikasmaterial elebidunak sortzen hasi zen buru-belarri.

1823an, ordea, erori egin zen aginte liberal-konstituzionala. Ikastetxea itxiarazi zioten eta susmagarrien zerrendara pasa zen Iturriaga. Apaiz-postutik apartatu zuten eta Zestoara bidali, baina hurrengo urtean Hernanira itzuli zen. Handik gutxira hasi zen haren kontrako epaiketa; horren ondorioz, debekatu zioten irakasle lanetan jardutea.

Eta hori lehenengo kapitulua baino ez da.

23/07/2007 GMT 1

Atapuerka?

martinez @ 15:39

atapuerca.jpgTxantxetako kontua dirudien arren, Xabier Kintanak ederki argudiatu du, www.erabili.com gunean plazaratutako artikulu batean, Burgoseko Atapuerca aztarnategi ezagunaren izen horrek euskal jatorria duela.

Hasierako "ata-" horrek (inoiz "eta-" aldaeraz) euskal toponimo askotan dugu, hala aurrizki nola atzizki: Atauri, Etaio, Mendata, Etxegarate... Fililogo izan beharrik ez dago jakiteko "ate" esan nahi duela; hau da, "puerta", "puerto", mendien arteko sarrera edo irteera.

Beraz, Atapuerca "ate-puerta" geminatu semantikotik etorriko litzateke eta gero "puerta" bukaera "puerca" bilakatuko zen, gaztelaniazko "puerco, -a" berbaren eraginaz edota lehenengo eta bigarren t-en disimiliazioaz.

Toponimian anitz dira geminatu semantikoak hala gaztelaniaz nola ingelesez. Pirinioetan dugu, esaterako "Valle de Arán", "aran" (euskaraz) eta "valle" (gaztelaniaz) esanahiaz antzekoak direlarik. Malaga aldean badago halaber "Fuente de la Aina" izeneko iturri bat, "fuente" (gaztelaniaz) eta "aina" (arabieraz) iturri direlarik. Eta Galesen, azkenik, badago Mount-Pen-Hill mendixka, hiru berba horiek ("mount" latinez, "pen" galesez eta "hill" ingelesez") 'mendi' esan nahi dutelarik.

Hiztegi arruntean ere badaude geminatu semantikoak: gaztelaniaz oso ohikoa da "perro dogo" izeneko txakurra: "perro" gaztelaniaz eta "dog" ingelesez. Eta kaleko edo familiarteko euskaraz arruntak dira oso "egia verdaderoa", "antzerako parecidoa" eta "beste punta-muturrean".

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!