Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: hizkuntza

03/10/2008 GMT 1

Euskara atzerrian ere bai

martinez @ 08:57

Iturria: www.erabili.com

2008-09-22 

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta UNEDek (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak), 2008-2009 ikasturterako lankidetza hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute, UNEDen bitartez euskara eta euskal kultura lektoretza Espainiako estatuan nahiz atzerrian sustatzeko.

Euskara ikasteko arrazoiak

Miren Azkarate Kultura sailburuaren ustez, euskarak bere eremu naturaletik kanpo ere "interes handia pizten du". Euskara ikasteko arrazoi sentimentalez gain, azpimarratu zuen badirela "arrazoi zientifikoak, kulturalak, politikoak...". Bere esanetan, "asko dira guregana hurbildu direnak gure hizkuntza politika ezagutu nahian, asko dira euskara bera eta bere bilakaera ezagutu nahi dutenak, euskararen biziraupenaren misterioa ezagutu nahi dutenak, edota euskaldunotaz eta Euskaditaz zerbait jakin eta hizkuntzaren oinarrizko ezagutza jaso nahi dutenak".

Euskara atzerriko 24 unibertsitatetan

Halaber, Azkaratek oroitarazi zuen datorren urtetik aurrera beste tresna sendo bat ere izango dutela zeregin horretan: Etxepare Euskal Institutua. Eta bitartean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak baduela jada, ekimen bat indarrean: lektore programa, bere sorreran, duela bost urte, "uste genuena baino are urrutirago iristen ari dena".

"Orain arte lektoretza programa 12 herrialdetan bazegoen ere, gaurtik aurrera, UNEDekin sinatu duten hitzarmen honen ondorioz, gehiagotan". Emaitzetan ere urrutirago helduko direla azaldu zuen sailburuak: "jende askorentzat nobedadea izango da jakitea 24 unibertsitate daudela gaur atzerrian euskara eta euskal kultura irakasten, 800 ikasle baino gehiago dabiltzala euskara eta euskal kultura ikasten unmibertsitate horietan. 60tik gora Helsinkin, 100 baino gehiago Txilen... Edonor harritzeko modukoak dira datuok".

Kultura sailburuaren iritziz, "hemendik kanpora egiten den guztia ere ondo etorria izango da euskararen prestigioaren eta ezagutzaren mesedetan baldin bada. Aliatuak behar ditu euskarak, nonahi. Gero eta gehiago gainera, bizi dugun globalizazioaren garaian".

Hitzarmen hau dela tarteko, datorren ikasturtean posible izango da Espainian euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako ikastaroak, diplomak, aldizkari zientifikoak, unibertsitateko ikastaroak, mintegiak, eta abar aurrera eramatea.

  • Euskara eta Euskal kulturako ikasketak eskainiko ditu UNEDeko Hizkuntza-zentroan (CUID). Ikastaroak 150 orduko modulutan garatuko dira, eta ikasle bakoitzak ezin izango du bi modulu baino gehiagotan parte hartu ikasturteko.
  • Euskal kultura zabaltzeko eta hedatzeko kultur ekintzak egitea, UNEDen urrutiko hezkuntzarako metodologia erabiliz, legeak ezarritako aurrez aurreko eskolak emango diren arren. Helburua da unibertsitatearen jarduerak ez mugatzea irakaskuntzaren arlora, baizik eta ikasle kopuru nahiko handia duten zentroetan, Madrilen bezala, ikasleak euskal bizimoduarekin harremanetan jartzeko ekintzak garatzea ikasturtean zehar.
  • Irakaslearen esku beharrezkoa den ekipamendua jartzea (ikasgela, programan ikastaroa iragartzea).
  • Lektoreari lan-kontratua egingo dio eta horren arabera ordainduko dio.

Miren Azkarate: "Gezurra badirudi ere, gaur egun Espainiako unibertsitaeetan atzerriko hizkuntzak bezain arrotz dira euskara, katalana, aranesa, galegoa...".

22/09/2008 GMT 1

Joannateguy eta eskuara 1902an (6)

martinez @ 07:18

(...)

JAKINTSUEK ZER DIOTEN EUSKARAZ

Huna lehenik Axular, hamazazpigarren mendean Sarako erretor zena. Omen handiko liburu-egile horrek dio: "Iduri luke beste mintzaira guztiak elkarrekin nahasiak direla; eta aldiz euskara bere lehenbiziko garbi gartan dago."

Hemezortzigarren mendean beste jakintsu handi batek, Larramendi jesuitak, iskribatzen zituen hitz hauek: "Nahi baduzue jakin euskara zer den, beha zkizkote beste mintzairarik ikasi ez duten jende batzuei nola mintzo diren beren artean; eta zu zoratua egongo zara zein den gozoa, argia, bizia, garbia eta zuzena."

Bizkitartean jesuita hura bera auhenez zegoen, euskara hain ederra izanik, eta haren denborako predikariek ez zekitela karrikako emakume batzuek bezain ongi.

Eta gutartean ere zenbatak ez daitezke ikusia dugunak, gure mintzaira ederra dlea, bereziki entzun ondoan kosta aldeko, Gipuzkoako edo oraino Zuberoko predikari batzuk. Orduan bai ohartu gaitezke euskara musika soinurik gozoena baino gozoago dela.

Txaho zuberotarra ez zen jakitaterik gabeko gizona; eta hala dio: "Euskara gizonez gorago denak egina den mintzaira da, eta mintzairetan den ederrena."

Eta orain, euskaldun lagunak, ari zaitezkete zeuen baitan: "Bai, atsegin da horrelako hitzak entzutea, baina, ondikotz, euskaldun batzuek esanak baitira hitz horiek." Entzun ezazue, beraz, liburu-egile arrotzek zer dioten.

(...)

17/09/2008 GMT 1

Joannateguy eta eskuara 1902an (5)

martinez @ 17:48

(...)

EUSKARAREN EDERRA

Aitortzen dugu ipar aldetik eta hegoagotik hartuak eta estutuak gauzkaten mintzairak, biak latinaren umeak, ederki orraztuak direla, apainduak eta aberastuak ere bai, mintzaira arrotzei harturiko hitzei esker; eta halarik ere euskara, zenbat-nahi higatua baldin bada-eta, hastapenean zuen edertasunetik, euskara ager daiteke bi mintzaira horien eta gainerakoen aitzinean.

Ezen latina eta greka bezain ongi Jainkoak emana dugu, eta beste mintzairekiko nahastikarik gabe gelditua da.

Damurik lurrak hazi dituen ahalmen handiko haoinbeste euskaldunetatik bati ez bati ez bazaio gogoratu behar zituela agerian ezarri euskarak bere baitan dauzkan aberastasunak!

Erran nahi baita gure mintzaira ederra egon dela atzeman ondoran batere landua izan gabe, utzia litekeen harri baliosa bezala.

(...)

13/09/2008 GMT 1

Joannateguy eta eskuara 1902an (4)

martinez @ 07:42

(...)

EUSKARARI ZOR DIOGUN BESTE ON BAT

Euskarak begiratu gaitu beste hainbeste eskualdetako jendeak bezain itsusi eta lazo bilakatzetik. Zeren eta gaiztaginek eta halaber ere erlijioaren etsaiek ez jakin gure mintzaira, eta gure herrietatik kanpo egon behar izan dute, harro-arazi gabe, nahi zuketen bezala, gure arbaso eta aiten buruak, kendu gabe haien bihotzetik lehen-lehen denboretatik hona hartua zuten erlijio sainduarentzako amodioa.

ONGI EZ DENA

Egia da oraingo egunetan bestelako airerik eta haizerik ere dabilela bazterretan. Frantziako eta Espainiako aintzindarien meneko bilakatuak, ez baldin bagara ere jadanik eginak zein gure aldeko erdarari, bederen ederki egiten ari gara.

Lana franko hemendik hamar-bat urteren buruko, ikusten bada, gure hiri txikietan, euskaraz hitz egiten dezakeen haurrik.

Ez dut esan nahi gaizki denik erdara ikastea, baina ez dago ongi euskara uztea frantsesez edo espinolez mintzatzeko.

Euskararen etsaiek zer atsegina ikusi ahal bagenitu denak erdarari lotuak, denak erdaldun bilakatuak!

Baina ez, ez dute horrelako irririk egingo, bestetalp ikuskaterik zor diogu euskara gure Ama onari.

(...)

04/09/2008 GMT 1

Joannateguy eta eskuara 1902an (2)

martinez @ 06:54

Har dezagun berriro Joannateguyren saiakeraren haria. Hona hemen bigarren zatia. Uste dut zortzi izango direla denetara.

 (...) 

EUSKARARI ESKER DAKIGUNA

Euskaraz mintzo garenok badakigu gure arbasoak nor eta zer ziren. Liburuek esaten digute, gerrara joanez gero, euskaldunak gizon gaitzak zirela, zenbat-nahi bortitzak baldin baziren ere Erromako armadak; eta garaitu bazituzten ere bazter guztietako jende-aldeak, ezin garaitu ahal izan zituztela euskaldunak, egun arte ezin landatu izan dituztela beren banderak Bizkaiko mendietan.

Liburuetatik dakigu gure arbasoek askotan buru emateko izan dutela, batean Erromako armadei, bestean moroei, edo frantsesei, eta buru eman dutela inoiz amorerik eman gabe, eta amore eman ordez jo eta jipoitu dituztela behin baino gehiagotan erromanoak, moroak, frantsesak eta besterik ere bai.

Liburu frankotan irakur daiteke lazgarri zela ikustea euskaldunak nolako kopetarekin jartzen ziren etsaiari buruz, ez bakarrik beren herrian zirelarik, baina herritik atereak, beste armada batzuetan ere.

Hitz batez badakigu euskaraz mintzo garenok, uretan eta lehorrean, inoren beldur ez ziren gizon batzuen semeak garela.

Eta horrelakoa jakiteak ez al du deus baliorik?

Deusik ez al du balio jakiteak gure arbasoak eta aitak nolako gizonak ziren? Deusik ez al du balio nolako aitoren semeen haurrak garen esan ahal izateak?

Ez da hori niri iruditzen zaidana.

(...)

08/07/2008 GMT 1

IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak

martinez @ 11:37

Hemen duzue horri buruzko argitalpena www.erabili.com gunean.

Eta hona hemen emaitzen laburpena eta agian nire gogoeta batzuk horiei buruz.

Ondorio nagusiak:

  • Euskal hiztun elebakarrik ez dago. Agian hizkuntza gutxi izango dira munduan elebakarrik gabeak. Horrek hizkuntzan bertan dituen eraginak ikertzea oso oso interesgarria izango liztateke.
  • Hamasei urte edo gehiagoko biztanleen artean elebidun gehiago daude. Iparraldean ere gazte elebidunen kupurua hasi da dagoeneko gora egiten.
  • Erdaldun elebakarren ehunekoak behera egin du EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, aldiz, gora egin du.
  • Euskararen osasun egoeraren adierazgarri nagusia haren erabilera da. Horregatik, etorkizuneko hizkuntza politikako jarraibideeetan atentzioa eta kezka erabilera nonahi areagotzean jarri behar dugu.
  • Euskararen erabilera ez da ezagutza beste hazten ari. Hori normala da: harreman-sareak eta erabilera-eremuak erabakigarriak direlako. Hiztun asko berriak dira. Elebidunen erdia gune erdaldunetan bizi da, gaztelaniaz edo frantsesez jarduten duten harreman-sare zabalak eta euskara erabiltzeko erabilera-eremu urriak ditu.
  • ...

04/07/2008 GMT 1

Sagrario Aleman euskaltzaina (4)

martinez @ 08:30
  • Euskara hizkuntza zaila dela dio askok. Moreno Cabrerak dio hizkuntzak ez direla zailak edo errazak, aldearen araberakoa dela zailtasuna. Portugaldarrentzat gaztelania alemana baino errazagoa da, eta alemanentzat nderlandera gaztelania baino errazagoa. Xamarrek dioen bezala, bi hizkuntzen arteko aldea bera da alde batetik edo bestetik begiratuta. Hortaz, distantzia edo zailtasun bera du erdara (frantsesa edo gaztelania) ikasi behar duen euskaldunak edo euskara ikasi behar duen erdaldunak.
  • Euskara ikastera hurbiltzen da hainbat heldu. Hasiera hartan oso gazteak, 25 urtetik beheitikoak, ziren etortzen zirenak, kultura, dantza eta mendi taldeetan zebiltzanak asko, ikasleak, giro politiko jakin batean mugitzen zirenak. 1986-87rako aldatu zen ikaslearen tipologia, ikaslea ez da lehengo gune beretik heldu. Argi esan dezakegu ikasleria gero eta zaharragoa dela eta gizonezko baino emakumezko gehiago dugula ikasgeletan.
  • Esaldi hau formagatik hautatzen dut, ez edukiagatik: Irakasle batek aditza lantzeko jostailu polit bat asmatu zuen eta Mañueta karrikan txurroak nola horrelaxe saldu genituen jostailu haiek.
  • Kostatzen zaio euskara ikasleari hasieran esaldiaren ordenaz jabetzea. Zergatik esaten ditugun gauza guztiak atzekoz aurrera esaten digute. Asisko Urmenetaren erantzuna ematen diegu honelakoetan: altxorraren bila jostaketan aritzeko askoz ere errazagoa delakoz euskararen ordena zuzena (handitik txikira), erdararen aldrebesa baino. Hurrengo pista, beheitiko pisuko sukaldeko ezkerreko armairuko eskuinaldeko bigarren kutxan dago. Eta erdaraz hor hasiko zara, en el segundo cajón del armario... Hara, erdaraz hori irakurri orduko, euskarazkoa irakurri duena lehenengo pisuan da.
  • ...

30/06/2008 GMT 1

Sagrario Aleman euskaltzaina (2)

martinez @ 09:44
  • Etxalekun gaur, lehen ez bezala, eskolako hizkuntza da euskara, ez ordea jostaketakoa.
  • 1992an inauguratu zen Imozko udaletxea. Besta hartara Nafarroako Gobernuko ordezkaririk etorri zen. Eta dena euskaraz egin zen. Dena ez, Gobernuaren bedeinkazioa erdaraz izan zen, ordezkariak euskaraz ez baitzekien. Transmisioa ez da etxean bakarrik egiten, herriak ere egiten du. Hiruretan hogeita hamarreko hamarkadan, herrian, transmisioa makaltzen hasi zen. Erdararen presentzia handiagoa zen, komunikabideak zirela eta, batez ere telebista zela eta. Telebistak etxe guztietan edo ia etxe guztietan izan baitzuen sarrera, horratx, erdara sukalderaino sartua. Hau nabaria da hizkeran. Telebistak hizkuntzan duen eragina, hau nere gai kuttuna!
  • Hamarkada horrez geriztik sortutakoek Etxalekun erabiltzen diren hainbat hitz ez dituzte inoiz erabiltzen, eta beste asko ez dituzte ezagutzen. Eta guk, heldoagook ere, gero eta gutxiago erabiltzen ditugu, gazteek eskolan ikasitakoa eta telebistan entzuten duguna, nahitaez, gurea baino hobea delakoan. Hona hemen ospedun hizlariaren teoria.
  • Kanpokoari ederresteko eta etxekoa zokoratzeko eta gutxiesteko joera ez dugu oraingoa halere, lehen ere ongi irakatsi ziguten euskararik hoberena Tolosakoa zela. Gure euskara kaxkarra zela eta zenbatetan ez ote dugu Etxalekun, det erabili kanpotarren aurrean, gure arteko dut erabili ordez, bait batuan dut onartu eta gero ere. Ondo eta hobeto bikotea ongi eta hobeki-ri gain hartzen ari da. Ez da inor jostatzen, orain denak jolastu egiten dira.
  • ...

26/06/2008 GMT 1

Sagrario Aleman euskaltzaina (1)

martinez @ 18:02

Ea apurka-apurka ugarituz doazen emakumeak Euskaltzaindian % 60 - % 40 majiko horri iritsi arte.

Sagrario Alemanen sarrera-hitzaldia eder-ederra iruditu zaidanez gero, politena, Martinezen paragrafo hautatuak, agertuko dizkizuet, beti legez www.erabili.com gunetik hartuta. Tituluari berari xarmagarria deritzot, emea, hurbila, adierazkorra oso: Berdetik horira. Alemanen lehen pertsonari eutsiko diot.

  • Berrogeiko hamarkadan Etxalekura, gure herrira, etortzen ziren familia erdaldunetako umeek agudo ikasten zuten euskara. Guraso euskaldun batzuek, ordea, ez zieten seme-alabei euskararik irakasten etxe askotan, "guk sufritu duguna sufri ez dezaten", zioten gizonezko askok, soldadutza garaia buruan. Eskolako ikasketak ongi egiteko, zailtasunik gabe, euskara jakitea oztopotzat zeukaten frankok. Martinezen familian gauza bera gertatu zen: belaunaldi batetik batera eten zen euskararen katea.
  • Hiruretan hogeita hamarrekoan, gauzek okerrera egin zuten, eskolak elkartu egin zituzten eta haurrak beren herrietatik atera eta giro eta herri euskaldunetatik lekutu. Haur esukaldunak gutxiengo ziren komunitate horietan, eskola handi horietan, eta bertako hizkuntza bakarra, erdara.
  • Gros y Ladós-ek argitaratu berri duen "Recuperación del euskera en Navarra" liburuan, etorkizunerako egiten duen aurreikuspenean, dio, hamarkada gutxian euskararen erabateko galera zekarren maldan beherako joera geldiarazi dela, irauli egin dela. Mendebaldeko ibarretan 2001ean populazioaren ehuneko 80,3k dio euskara badakiela eta urte berean, haurren ehuneko 91,5 da euskalduna. Ibilbide horrek etorkizun itxaropentsua dakar.
  • ...

18/06/2008 GMT 1

Amelia Barquínek euskaraz eta hizkera sexistaz (3)

martinez @ 13:14
  • Neska eta emakume berbak irain moduan erabili ohi dira euskaraz. Hori sexismoaren seinale eta sintoma argi baino argiagoa ez bada, datorrela Jainkoa eta ebatz dezala.
  • Androzentrismoa dabil garai zehatz bateko "sufragio unibertsala" aipatzen dugunean, erabat ahaztuta Frantziako iraultzaren denboran, esaterako, emakumeek ez zutela botoa ematerik. Kontuz, bada, horrelako unibertsaltasunarekin.
  • Esukaraz atsotitz eta esaera zahar benetan kaltegarriak ditugu. Hona hemen hainbat adibide:
    • Ahuntza, atsoa eta emakumea, teman ez ditu inork irabaziko.
    • Ahuntzak katen den mahastia eta andreak agintzen duen etxea, antzeko.
    • Alaba baino, semea hobe.
    • Alaba bakarra, etxean gerra.
  • Ponte izenei dagokienez, Espainiako Kode Zibilak debekatzen dituenez gero identifikazioaz eta sexuaz nahasmena sor dezaketen izenak, onartezina da euskaraz emakume batek eta gizon batek izen berbera izatea. Baina benetan uste al duzue beharrezkoa dela sexu bereizketa izenen bidez argi eta garbi geratzea? Beste hizkuntza askotan behintzat ez da horrelakorik gertatzen.

Eta, bukatzeko, Barquínek azkeneko komentarioa jasoko dizuet. Esuakaz genero morfemarik ez egon arren, argi ikusi dugu zein puntutaraino dagoen generoa, hala ere, euskaran. Aldameneko hizkuntzekin alderatuta, nahiko antzekoak dira horretan, mezuen edukietan adierazten den sexismoa eta emakume eta gizonen trataera asimetrikoa baita diskriminaziorik ohikoena.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!