Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: hizkuntza

24/04/2009 GMT 1

Zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitazioari buruzko Dekretua aurkeztu dute

martinez @ 09:40

Nire lehenengo erreakzio alpertsua: beste titulu bat atera behar! Hau nekea eta nagia! 

Iturria: www.erabili.com

Dekretuak gaikuntza profesionala arautuko du, bai euskaratik beste hizkuntzetarako eta bai beste hizkuntzetatik euskararako itzulpen eta interpretazio lanetan jarduteko; eta, bestetik, lanbide honetarako gaituak daudenen erregistroa osatzeko.

Zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitazioari buruzko Dekretua aurkeztu zuten herenegun (2009-4-22) Donostian, bezperan Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak onartu ondoren. Dekretu honen xedea da, batetik, zinpeko itzultzaile eta interprete gisa aritu ahal izateko gaikuntza profesionala arautzea, bai euskaratik beste hizkuntzetarako eta bai beste hizkuntzetatik euskararako itzulpen eta interpretazio lanetan jarduteko; eta, bestetik, lanbide honetarako gaituak daudenen erregistroa osatzea. Habilitazioa lortzeko lau bide daude: probak gaindituta, Interpretazio eta Itzulpengintzako unibertsitate-ikasketak baldintza jakin batzuetan eginda, Espainiako Kanpo Arazoetarako Ministerioaren tituluaren jabe izanda, eta esperientzia profesional zehatz bat edukita.

"Dekretu hau onartu izana jauzi garrantzitsua da ikuspegi ugaritatik begiratuta", nabarmendu zuen Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, ondoan Jon Urrutia Mingo, IVAP erakundeko zuzendaria; Andoni Sagarna, Euskaltzaindiko zuzendaritzako kidea eta Iker saileko burua; Jon Irazusta, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea; Bakartxo Arrizabalaga, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (EIZIE) presidentea; eta Erramun Osa, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako (HPS) Koordinaziorako zuzendaria zituela.

Baztarrikak azpimarratu zuen dekretu honi esker lege, justizia, administrazio eta ekonomia arloetako harremanak "gero eta nazioartekoago bihurtu" diren bezala, euskara bera ere "hizkuntza nazioartekoagoa" dela. Xehetu zuenez, dekretu honen argitan, "euskara hizkuntza normalizatu, moderno eta bizi-indardunen multzoan jartzeko beste urrats bat gehiago eman da. Aurrerapauso kualitatiboa. Izan ere, euskararen erabilera ofiziala administrazioarekiko harremanetan bezala enpresa munduko harreman komertzial eta ekonomikoetako kontratuetan sendotzeko pausoa baita". Era berean, gaineratu zuen dekretuari esker euskarako itzulpen eta interpretazio juridiko, judizial eta ekonomikoen "segurtasuna eta ofizialtasuna bermatzen eta indartzen" direla. Halaber, bere ustez, euskarako itzultzaile eta interpreteentzako gaikuntza profesional berri bat "finkatzen da unibertsitatean itzulpen eta interpretazio ikasketak egiten ari direnentzako" eta "gure autogobernuaren garapenerako urrats bat da".

Eskaria areagotzen

10/1982ko Euskararen Oinarrizko Legearen 12. artikuluaren haritik, otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuak Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala sortu eta arautu zuen. Harrezkero Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arduratu da euskararako eta euskaratik gaztelaniarako itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetasun juridikoa ziurtatzeaz, dokumentuek itzulpen ofiziala behar zutenean. Gaur egun, baina, eskaria areagotu denez, herritarrei zerbitzu hobea eta iristerrazagoa ziurtatzearren, komenigarria da eginkizun hori profesional prestatu eta habilitatuek ere bete ahal izatea. Komenigarria da euskarako zinpeko itzultzaileak habilitatzea, eremu publikoan ez ezik eremu pribatuan ere jardun dezaten.

Aipatutako itzultzaile eta interpreteen lanbide-habilitazioak ahalbidetuko du euskararen erabilera, eta, aldi berean, gaztelaniarekin ez ezik gainerako hizkuntzekin ere parekatzeko bidean jarriko du euskara bera, herritarren eskubide eta betebeharrei dagokienez. Halaber euskararen erabilera erraztuko du lege, administrazio nahiz ekonomi arloetako agirien prozeduretan, hauek inoiz euskara ofiziala den lurraldeetatik kanpokoak direnean edo bertan eragiten dutenean.

Dekretuaren aurrekariak

Baztarrikak azaldu zuen urte asko pasa direla Euskadiko Autonomia Erkidegoan zinpeko itzultzaile eta interpreteen figura sortu nahi izan zenetik gaurdaino. "Ez da atzo goizeko kontua zinpeko itzultzaile eta interpreteena. 1982ko Euskararen Legearen 12.1. artikuluan aurreikusi zen lehen aldiz ("Jaurlaritzak araupetuko ditu bi hizkuntzen arteko zinepeko itzultzaile-titulua lortzeko eta emateko baldintzak" / "El Gobierno regulará las condiciones para la obtención y expedición del título de traductor jurado entre las dos lenguas oficiales"). Auzitegi Konstituzionalak, ordea, Lege horren kontra Espainiako Gobernuak jarritako ez-konstituzionaltasun errekurtsoari buruz 1986an emandako epaian ez-konstituzionaltzat jo zuen aipaturiko 12.1. artikulu hura, eta anulatu egin zuen. "Titulu akademiko ofizial" moduan hartu zuen zinpeko itzultzailearena Auzitegi Konstituzionalak eta, 1986ko epaian zioenez, Erkidego Autonomoarena ez, baizik eta Estatuarena omen zen "titulu akademiko ofizialak" sortu eta emateko baldintzak finkatzeko eskumena. Harrezkero -1986tik 2009ra bitartean, alegia- "linboan" egon da zinpeko itzultzaileen kontu hau, ez aurrera ez atzera".

Auzitegi Konstituzionalaren 1986ko epaiaren ondoren, 1980ko hamarkadaren bukaeran hain zuzen ere, Espainiako Gobernuaren Kanpo Arazoetarako Ministerioak euskarako zinpeko itzultzaile titulua emateko deialdia egin zuen. Gutxi gora behera 12 itzultzailek eskuratu zuten titulua. Geroztik, ordea, ez da izan inolako aukerarik euskarako zinpeko itzultzaile titulua lortzeko. Zehatzago esanda: Espainiako Gobernuak 1992an eta 1996an onartu zituen bi Errege-Dekretutan zinpeko itzulpena eta interpretazioa soilik "atzerriko hizkuntzei" buruz arautu zuen, arautu gabe utzi zituelarik gaztelania ez diren Espainiako "beste hizkuntzei" legokiekeen zinpeko itzulpena eta interpretazioa. Horrela, bada, euskarako zinpeko itzultzaile titulua arautzea ustez legokiokeen Espainiako Gobernuak 1992tik aurrera bere egitekoetatik kanpora utzi zuen kontu hau. Lehen esan bezala, beraz, 1982an hasi eta Auzitegi Konstituzionalak atzera botatako kontu hau "linboan egon da urte hauetan guztietan", gehitu zuen Baztarrikak.

Sailburuordeak esan zuenez, Euskararen Legearen eskutik 1982an hasi zen bide hartan, baina gerora Auzitegi Konstituzionalaren 1986ko epaiak eragin zuen iluntasunean, argia piztu dela, eta arazo juridiko hura gaindituta geratu dela. Auzitegi Konstituzionalak berak ireki zuen arazoa gainditzeko bidea. Lehen urratsa 1989ko epaiaren eskutik eman zuen, eta behin betikoa 1993ko 111/1993 epaiaren bidez. Izan ere, epai honetan elkarren artean bereizi egin baitzituen "titulu akademiko ofiziala" eta "gaikuntza ofiziala". Auzitegi Konstituzionalaren arabera, "titulu akademiko ofizialak" arautzea Estatuaren eskumena da; ez, ordea, jarduera profesional jakin baterako "gaikuntza ofiziala" arautzea. Jarduera profesional batean aritzeko "gaikuntza ofiziala" litzateke zinpeko itzultzaile- eta interprete-habilitazioak egiaztatzen duena. Eta hori, euskararen kasuan, Erkidego Autonomoaren eskumena da.

Zergatik eta zertarako dekretu hau: balorazio orokorra

Hogei eta piko urte hauetan guztietan, 1982ko Euskararen Legeko 12.2. artikuluan aurreikusitako Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO) izan da zinpeko itzultzaileei dagozkien egitekoak neurri batean beregain hartu dituena. Gaur egun, ordea, euskararen erabilerak aurrera egin ahala eta inoiz bereak izan ez dituen hainbat esparrutan ere (bereziki esparru sozio-ekonomikoan) bere presentzia etengabe areagotzen ari denez, herritarrei eta enpresei zerbitzu hobea eta eskuragarriagoa bermatzeko komenigarria da prestaketa handiko profesionalak habilitatzea, euskarako zinpeko itzultzaileak eta interpreteak habilitatzea, alegia, eremu publikoan ez ezik eremu pribatuan ere euskaratik beste hizkuntzetarako edo beste hizkuntzetatik euskararako itzulpen eta interpretazioen fideltasuna, zehaztasuna eta ofizialtasuna bermatuko duten profesionalak.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aurkezpenean berretsi zuenez, herritarrek eta enpresek egiten duten euskararen "erabilera ofiziala normalizatzen lagunduko du" dekretuak. "Zuzenbide, justizia, administrazio, ekonomia eta beste hainbat arlotako harremanak gero eta gehiago ari dira nazioarteko bihurtzen. Euskarak harreman horietan ere balio osoarekin presente behar du. Hala izango bada, zehaztasun osoko itzulpenak behar ditugu, euskaratik beste hizkuntzetara eta alderantziz, batez ere lege, administrazio eta ekonomi arloetako testu, kontratu eta jardueratan".

Baztarrikaren arabera, zehaztasun eta ofizialtasun hori "bermatuko" duten profesional "habilitatuak behar ditugu: horiek dira zinpeko itzultzaile eta interpreteak". Habilitazio profesional horri esker, arlo horietan euskararen erabilera bultzatzeaz gain, euskara gaztelaniarekin ez ezik gainontzeko hizkuntzekin parekatzeko bidean jarriko dugu. Era berean, euskararen erabilera erraztuko da lege, administrazio eta ekonomi arloetako agirietan eta prozeduretan, agiri eta prozedura horiek euskara ofiziala den lurraldeetatik kanpo burutzen direnean.

Baztarrikak adierazi zuenez, dekretu honi esker lege, justizia, administrazio eta ekonomia arloetako harremanak "gero eta nazioartekoago bihurtu" diren bezala, euskara bera ere "hizkuntza nazioartekoagoa da. Europako eta munduko hizkuntza ez da ingelesa: Umberto Eccok esan bezala, Europako -eta munduko- hizkuntza itzulpena da". "Horrexegatik euskarak ere presente behar du itzulpenean, eta horretarako primerako makulua izango da dekretu hau. Hala diote, gainera, Europatik datozkigun aireek. Izan ere, duela hilabete, joan zen martxoaren 24an, Europako Parlamentuak hizkuntza aniztasunari buruzko ebazpen sonatu eta garrantzitsu bat onartu zuen. Ebazpen horrek itzulpengintza -itzulpengintza teknikoa, barne- garatu beharra azpimarratzen du Europako Batasuna indartzeko estrategia erabakigarri gisa".

Orobat, azaldu zuen Microsoft-en sistema eragileetan edo Google-en zerbitzu eta aplikazioetan beste hizkuntzen ondoan "euskarari lekua eginez euskara munduko hizkuntzen lehen mailan jartzen dugun" bezala, zinpeko itzultzaile eta interpreteak habilitatzearekin ere "indartu egiten" dutela euskarak munduko beste hizkuntzen artean duen posizioa. "Munduan erabilienak diren eta normalizatuta dauden hizkuntza guztiek dituzte zinpeko itzultzaile eta interpreteak: gaurtik aurrera, baita euskarak ere. Alde horretatik ere pauso garrantzitsua da hau euskararen normalizaziorako".

Dekretuaren deskribapena

  1. Euskarako zinpeko itzultzaile eta interpreteen figura sortu eta beren habilitazio profesionala arautzen du Dekretuak.
  2. Zinpeko itzultzaile edo interprete habilitazioa dutenek eginiko itzulpen eta interpretazioei ofizialtasuna aitortzen zaie.
  3. Habilitazioa lortzeko lau bide daude: probak gaindituta, Interpretazio eta Itzulpengintzako unibertsitate-ikasketak baldintza jakin batzutan eginda, Espainiako Kanpo Arazoetarako Ministerioaren tituluaren jabe izanda eta esperientzia profesional zehatz bat edukita.
  4. Probetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da gutxienez diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitekto teknikoa edo baliokidea den beste tituluren baten jabe izatea. Probak euskarari eta zuzenbideari buruzkoak izango dira eta, gainera, itzulpenak eta interpretazioak egin beharko dira.
  5. Itzulpengintza eta Interpretazioko unibertsitate-tituluaren jabe direnek baldin eta, gainera, besteak beste, itzulpen edo interpretazio praktiketako irakasgaietan gutxienez 24 kreditu gainditu badituzte, probarik egin gabe eskuratu ahal izango dute habilitazio profesionala.
  6. Espainiako Kanpo Arazoetarako Ministerioak emandako euskarako zinpeko itzultzailearen izendapenaren jabe direnek ere inolako probarik gabe eskuratu ahal izango dute habilitazio profesionala.
  7. Lege, administrazio eta ekonomia arloetan hamabi urtez jarraian eta jarduera nagusi gisa jardun dutenek ere, probarik egin beharrik gabe eta merezimendu edo esperientzia profesionalaren bidez habilitazio profesionala eskuratu ahal izango dute. Kontuan harturik badirela hainbat eta hainbat profesional urte hauetan guztietan hartarako prestakuntza arauturik izan gabe itzulpengintza eta interpretazio lanbidean jardun dutenak, eta kontuan harturik neurri batean beraiek izan direla euskarazko hizkera juridiko eta administratiboa finkatu dutenak, beharrezkoa eta justiziazkoa iruditu zaigu meritu bidezko habilitazio-aukera hau ezartzea.
  8. Probak gaindituz habilitazioa eskuratzeko deialdia gutxienez hiru urtez behin egin beharko da. Lehen deialdia dekretua indarrean jarri eta gehienez ere urtebeteko epearen barruan egingo da.
  9. Esperientzia edo merezimendu bidezko habilitaziorako deialdia dekretua indarrean jarri eta gehienez ere bederatzi hilabeteko epean egingo da. Merezimenduen bidea apartekoa eta guztiz ez-ohikoa da, eta horrexegatik behin bakarrik erabili ahal izango da bide hau.
  10. Probetarako deialdiak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (edo une bakoitzean Jaurlaritzako hizkuntza politikaren eskumena duen organoak) eta IVAPek egingo dituzte elkarrekin, eta habilitazio-izendapenak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak edo une bakoitzean Jaurlaritzako hizkuntza politikaren eskumena duen organoaren arduradunak egingo ditu.
  11. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: HPSren (edo une bakoitzean Jaurlaritzako hizkuntza politikaren eskumena duen organoaren) ordezkaria izango da presidentea eta IVAPena presidenteordea. Epaimahaikide izango dira EHUk, EIZIEk eta Euskaltzaindiak proposaturik izendaturiko hiru ordezkari, eta HPSren arduradunak IVAPekin adostuta aukeraturiko sei bokal.
  12. Zinpeko itzultzaile eta interpreteen Erregistro ofiziala sortuko da, eta itzulpenaren eta interpretazioaren ofizialtasuna egiaztatzeko erabili beharko diren ziurtagiri-eredua eta zigilua ere araututa geratu dira dekretuan.

22/04/2009 GMT 1

EiTB-k sortzen duen testu-masa Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko du

martinez @ 09:47
 Oso berri ona sasoi berriari ekiteko.

Iturria: www.erabili.org

Euskaltzaindiak eta Euskal Irrati Telebistak (EiTB) hitzarmena sinatu zuten atzo (2009-4-21), Akademiaren egoitzan. Hitzarmen horren bitartez, EiTB-k ekoitzi dituen hainbat testu Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan.

Hitzarmena Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Julian Beloki EiTB taldeko irratietako zuzendari-koordinatzaileak sinatu dute.

Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoak, ikerketarako testu-corpus etiketatu eta linguistikoki antolatu bat prestatzea du helburu. Euskaltzaindiak prosa arruntezko corpusa prestatu nahi du, bai lexikoaren erabileraren azterketak egiteko, bai eta lexikoari dagozkion arauak eta gomendioak dokumentatzeko ere.

Corpus hori osatzeko hainbat hornitzaile aurreikusi dira, hedabideak bereziki, eta hauen artean, besteak beste, interes orokorreko komunikabideak. EiTBri dagokionez, 2000. urteaz geroztik sortutako testu-masatik, eduki hauek jarriko ditu Euskaltzaindiaren eskuetan:

  • ETBk bikoiztutako filmak
  • ETBk bikoiztutako dokumentalak
  • ETBk bikoiztutako marrazki bizidunak
  • ETBk bikoiztutako telesailak
  • ETBk ekoitzitako dokumentalak
  • ETBk ekoitzitako haur programak
  • ETBk ekoitzitako telesailak
  • ETBk ekoitzitako bestelako programak
  • ETBren albistegiak
  • Eusko Irratiak ekoiztutako irrati-nobela guztien testuak

Lexikoaren Behatokia egitasmoa UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatuko du Akademiak.

Emaitzak denon baliagarri izango dira, dudarik ez.

18/01/2009 GMT 1

Fikzio zientifikoa ala etorkizun soila?

martinez @ 11:16

Araceli Diaz de Lezana oso artikulu jakingarria plazaratu du www.erabili.com gunean. Euskarazko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiaz (IKT) ari da eta interes handiz irakurri dut, IKTk izugarrizko lotura estua baitu hizkuntzarekin.

Artikulua oso-osorik irakurtzea merezi badu ere, azkeneko zatia izan zait niri deigarriena, etorkizunean garatuko diren hizkuntza-teknologiak aipatuta, pelikulero hutsa iruditu zait-eta. Laburtu egingo dizuet:

Ahotsaren teknologiak:

  • Eskuko telefonoak: datozen urteotan horietan ikusten dute enpresek negoziorik inportanteena. Aurreikuspenen arabera, hurrengo urteotan izugarri handituko da eskuko telefonoen kopurua. Beraz, sistemak garatu behar dira hizkuntza anitzetan zerbitzuak telefonoz emateko: negozioei buruzko informazioa, hirien egoerari buruzko datuak, helbideak, erosketak, erreserbak, eguraldia, telebistako programak, kirolak, jokoak... Sistema horiek eragina izango dute munduko biztanleriaren frakzio handi batean. Telefonoak Internetekin konparatuz gero, aplikazioak garatzeko orduan, hainbat informazio ematen du: pertsonaren generoa (emakumezkoa ala gizonezkoa), adina, heziketa-maila, arraza... Esaterako, esaten da emaitzak oso desberdinak direla gizonezkoekin edo emakumezkoekin erabiliz gero. Beraz, sistema horietan giltzarria izango da interfaze egokiak, multimodalak, egitea. Gainera, telefono bidezko zerbitzu horiek, itsuentzat esaterako, oso erabilgarriak izango dira.
  • Hitz egiteaz batera hizketa ulertzea (spoken language understanding), eta, gainera, komunikazio-zirkuitu eleanitz batean.
  • Ahotsa edo hizketa ezagutzea: ahotsa kontrolatzea, emozioak gehitzea, sistema interaktiboak garatzea...
  • Hizketatik hizketara itzulpena (Speech-to-Speech Translation): ahozko teknologia eta itzulpen automatikoaren teknologia erabilita.

Itzulpen automatikoa (Machine Translation MT)

Praktikak esaten du oso antzekoak diren hizkuntzen arteko itzulpenaren emaitzak oso onak direla (% 95); oso desberdinak diren hizkuntzen artean, berriz, emaitzak, oraingoz, ez dira onak (% 65 gehienez ere). Dena den, kalitatearen kontzeptua aldatzen ari da eta, orain, beste parametro batzuekin batera neurtu behar da, hau da, kantitatearekin eta prezioarekin. Itzulpen automatikoaren kontsumitzaileek ez dute perfekzioa bilatzen; bereziki, ulertzen ez duten testu baten inguruko gutxi gorabeherako informazioa nahi izaten dute lortu. Nahiago dute informazio inperfektua izatea, ezertxo ere ez izatea baino.

Beraz, planteamendua da, erabiltzeaz batera, modu kontrolatu batean, sistema hobetzen joatea, hots, kalitatearen kontrola egin behar da. Erantzuteko denbora ere neurtu behar da. Azken honetan, ebaluatze-sistemak (BLEU esaterako) erabiltzen ari dira itzulpen automatikoaren sistemak ebaluatzeko.

Informazioa berreskuratzea (Information retrieval)

Informazio garrantzitsua modu azkarrean eta eraginkorrean bilatzeko tresnak dira. Horretarako, hizkuntzak gurutzatu egiten dira, hau da bilaketa eleanitzak egin daitezke (cross-lingual retrieval). Hor kokatzen dira liburutegi digitalak ere, hau da hizkuntza desberdinak erabilita, munduko dokumentu inportanteak edo bestelako altxorrak erabiltzaileen eskura jartzeko sistemak. Teknologia honek galdera-erantzuna sistema erabiltzen du bai eta ontologiak eta thesaurusak ere. Informazioa erlazionatu, sailkatu eta laburtu egiten du. Azken finean, web semantikoaren teknologia da: kontzeptuak, entitateak eta gertaerak izaten ditu kontuan, egiturazko azterketak egiten ditu eta etiketa semantikoak jartzen ditu.

 

Internet

Orain gutxi pertsona batek esan zuen Internet dela "agora" berria. Hau da, Informazioaren eta Komunikazioaren aroak Interneten du ardatza. Azken urteotan Sarearen bilakaera azkarra ikusi dugu. Azkeneko honetan, web sozialetik (2.0) web semantikora (3.0) pasa gara. Gero eta eduki gehiago dago Interneten eta hizkuntza askotan. Beraz, eduki konplexu horiek kudeatzeko sistemak behar dira. Eta sistema horiek hizkuntza, makina bidez ikastea eta jakintza irudikatzeko teknologia behar dute testuinguru berrietan aplikatzeko. Semantikan oinarritzen dira, hau da, kontzeptuetan, kontzeptuen arteko erlazioetan, eta ondorioz ontologietan, thesaurusetan. Web semantikoan ere galdera-erantzuna sistema erabiltzen da. Esan behar da, Interneten eduki eta zerbitzuaren bereizketa desagertzen ari dela.

Lan ederra, beraz, behar-etzirako.

23/10/2008 GMT 1

Testu antolatzaileak. Erabilera estrategikoak (2)

martinez @ 07:07

Ikus lehen atala.

Nola bihurtu ulerterrazago gure testuak? Hiru ataletan emango diogu erantzuna galdera horri.

1.- Ikuspegi gramatikaletik ikuspegi komunikatibora. Ikuspegi komunikatiboak bere baitan hartzen du gramatikala eta beste hiru ikuspegiz osatu eta zuzentzen du. Ikuspegi soziolinguistikoa, testuala eta estrategikoa dira hiru horiek. Osotasuna da ikuspegi komunikatiboa eta pentsamolde berria eskatzen digu, paradigma- eta ikuspegi-aldaketa.

2.- Testu-antolatzaileak era estrategikoan erabili. Honetan bi estrategia sail bereiz ditzakegu: aurrerakarga arintzekoak eta pasualdiak markatzekoak.

2.1.- Atzerakarga arintzeko estrategiak. Lau dira:

2.1.1.- Testu-antolatzailea, ahal den neurrian, lotzen dituen zatien tartean erabili, edo ahalik aurreen: bada ere -> nahiz eta, bihurtu dela -> nola bihurtu den, ... delarik -> eta ...

2.1.2.- Iragarlez hornitu testua: baldin (eta), harik (eta), ahalik (eta), baita, ezta...

2.1.3.- Testu-markatzaile bihurtu berez ez dena, eta aurreratu: hurrengoan -> eta ondoren ... une horretan -> Orduan...

2.1.4.- Testu antolatzailea sartu. Asmatu. Gehitu. Ez zegoen tokian jarri.

2.2.- Pausaldiak markatzeko estrategiak:

2.2.1.- Testu-markatzailea kokagunez mugitu. Aurrerantz ia beti.

2.2.2.- Testu-markatzailea bihurtu berez ez dena eta kokagune egokira eraman, behar izanez gero.

2.2.3.- Testu markatzailea (gainera, berriz, beraz) tartekatu 2.1.4. atalean bezala.

20/10/2008 GMT 1

Testu antolatzaileak. Erabilera estrategikoak (1)

martinez @ 10:03

Titulu hori daukate, batetik, Pello Esnal hizkuntzalariak aurtengo irailean Iruñean aurkeztu zuen liburuak, eta bestetik, liburuari buruz www.erabili.com web gunean plazaratu duen artikuluak.

Artikuluaren laburpena emango dizuet, ohi legez neure komentarioak tartekatuta.

Bi galdera nagusi daude liburuaren abiaburuan. Hauexek: zergatik dira ulergaitzak edo ulerterrazak zenbait euskal testu? Nola bihurtu ulertarrazago gure testuak? Abiabura irakurri bezain pronto piztu dit interesa artikuluak, horixe baita funtsean eskribitzaileon kezka nagusi: testuak ulerterrazago, irakurgarriago, argiago, garbiago egitea.

Zergatik dira gure testuak ulergaitzak? Agian erdaraz pentsatzen ditugulako. Eta erdaratik baldar itzultzen ditugulako.

Bi maisu handi hartu ditugu gidari lantegi honetan: Koldo Mitxelena eta Luis Villasante. Behin baino gehiagotan esan dut Martinezen etxe santu honetan euskal idazle klasikoak gidari bikainak direla prosan barrena abiatu beharrean. Hor dituzue Jonnateguyri buruzko artikuluak. Eta Gregorio Arrue ere maisutzat daukat benetan. 

Villasanteren iritziz, prosa gutxituaren eragile eta errudun nagusia garbizalekeria zen. Ni bat nator neurri handi batean.

Aurreko galderetara bueltaturik, zergatik dira ulergaitzak zenbait euskal testu? Hiru zergati aipatuko ditugu: 1.- Atzerakarga. 2.- Pausaldiak markatzeko zailtasuna. Batzuek koma idatzi ohi dute pausaldia adierazteko, baina pausaldi prosodikoak eta ortografikoak ez datoz beti bat. Gaztelaniazko adibidea etorri zait burura: gaztelaniaz pausaldi prosodikoa egin ohi da subjektu eta predikatuaren artean; horregatik ezartzen dute askok koma hor, baina ez da zuzena. 3.- Ikuspegi gramatikala soila, gramatikaren gehigikeria. Bi uste oker daude euskaldunon buruan gramatikaren gainean: bata, gramatikak arautzen duena baino gehiago arautzen duela; bestea, testu egokia sortzeko, nahikoa dela gramatika arauak betetzea. Testuak, gramatika zuzentasunaz gain, egokitasuna, komunikagarritasuna behar du. Testuek behar duten eta gramatika soila ez den horri estiloa esan diezaiokegu. Eta horra hor euskaltegietan irakasten ez den zerbait.

Hona hemen bigarren galdera: nola bihurtu ulerterrazago gure testuak? Bigarren zati hori hurrengo baterako utziko dugu.

17/10/2008 GMT 1

Joannateguy berriz ere (2)

martinez @ 08:21

Ikus lehen atala.

(...)

Eta hain kartsuki ari zen bere lanari, non jendea harritua baitzegoen beira haren bildura sainduari.

(...)

Hala ari zirelarik biak zerukotzat aberasten, Benoat bere bizitze garratzaren bidez, eta, aldiz, bestea ekarriz hain sainduki bizi zenari gosez ez hiltzeko behar zuena, gure arimen etsaia beldurtu zen, ia haur gazte hura ez ote zen saindu handiegi baten gaia.

(...)

Bazuen, jadaneko, hiru urteren heina Benoat bere harpean zela eta ari zela, geroago eta hobeki, geroan besteei irakatsi behar ziozkaten bertuteak praktikatzen.

(...)

Zu bazkari on horren egitera zoaz eta, aldiz, Benoat nere zerbitzari maitea gosearen gosez hiltzeko heinean da.

(...)

Apeza zutik eman zen eta gero biak eman ziren belauniko.

(...)

15/10/2008 GMT 1

Xabier Diharce 'Iratzeder' euskaltzain osoa hil da

martinez @ 07:47

Iturria: www.erabili.com

Beste hutsune bat Euskaltzaindian. Espero dut beste emakume bat sartzea.

Xabier Diharce, Iratzeder euskaltzain oso emeritua astelehenean (2008-10-13) hil zen, Beloken, 88 urte zituela. Haren aldeko hileta-elizkizuna bihar, asteazkenean, urriaren 15ean, izango da Beloken, Urt / Ahurti herrian, Beneditarren komentuko elizan, goizeko 10:30ean.

Xabier Diharce, Iratzeder ezizenez ezagutzen dugun idazle eta euskaltzaina, Donibane Lohizunen jaio zen, 1920ko urtarrilaren 4an. Uztaritzen eta Baionako Seminarioetan egin zituen apaiz ikasketak. Hogeita bat urte zituela, Belokeko beneditarren komentura joan zen. Lau urte geroago, 1945ean, bertan apeztu zen. 1948tik 1968 arte beneditar nobizioen maisu izan zen; gero priore eta 1972an abade izendatu zuten. Hamabost urtez izan zen Belokeko abade. Gero, 67 urte zituela, 1987an, Afrikara joan zen, Dahomey estatuko Zagnanado komentura, baina hamazazpi hilabete besterik ez zituen bertan eman, eta berriro Belokera itzuli zen. Hor bizi izan da azken arnasa hartu arte.

Hamabi urte zituela hasi zen Iratzeder lehen letrak euskaraz idazten. Berak behin baino gehiagotan kontatu izan duenez, adin horrekin aitarengana jo zuen eta apaiza izan nahi zuela esan zion. Aitak, ordea, horretarako euskara nahikoa ez zekiela erantzun zion. Eta egun hartan hasi zen Iratzeder bere euskara hobetzen. Ahal zituen euskal kanta guztiak ikasteari ekin zion orduan, 250 kanta inguru ikasi zituen. Eta, ikasi ahala, olerkiak egiteko gogoa piztu zitzaion.

Uztaritzeko seminarioan sartu zenean, 13 urteko mutikoa zela, Lafittek hartu zuen meza-laguntzaile eta berak irakatsi zion bertsoak egiten. Handik urte batzutara, 1938an, Aintzina aldizkariaren bigarren aldiari eman zioten hasiera hainbat idazlek, horien artean Mark Legassek eta Piarres Xarritonek, bai eta Iratzederrek berak ere. Bertan publikatu zuen zenbait poema, baita Le Courrier de Bayonne eta El Día Hego Euskal Herriko egunkarian.

1937an, Gernika bonbardeatu zutenean, poesia bat idatzi zuen eta Euzko Deya-ra bidali zuen: ezizen baten beharra ikusi zuen eta Iratzeder hautatu zuen. Ordutik hona ez du inoiz utzi. (Diharce bere abizenarekin eginiko hitz-joko baten emaitza da Iratzeder).

Iratzederren poesian bi konstante agertzen dira, Euskal Herria eta Jainkoa, alegia. "Jainkoaren amodioz maite dut Euskal Herria. Bi amodio horiek bat eginik daude ene baitan", esan zuen askotan. Belokeko komentuan Ezkila argitaletxea sortu zuen, bai eta Otoizlari euskarazko aldizkaria ere. Aldizkari hori urte askoz plazaratu zuen, Corde Magnoîrekin batera.

Salmoak obra nagusiaren egokitzaile izan zen Iratzeder eta toki nagusia hartu du euskal liturgia berriaren hedapenean.

1953ko urtarrilaren 1ean euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1962ko uztailaren 27an, berriz, euskaltzain oso, J. Elissalderen ordez. 1963an, Beloken, sarrera hitzaldia egin zuen, "Belokeko euskal bidea" gaiari buruz. Piarres Lafittek erantzun zion. Urte bete geroago bere Salmoak argitaratu zituen. Adituen esanetan, Salmoen euskal itzulpenik onena da. Kanta askoren letrak prestatu ditu, Gabriel Lertxundi beneditarrarekin batera lehendik -Kantikak liburua, horren emaitza- eta berak bakarrik geroago. Urteaga, Garbizu, Olaizola eta Bengoa musikalariek musika jarri dizkiete. Aita Donostiak musikaturikoak ere baditu.

Sariak

  • Eskualtzaleen Biltzarrak Zakalar poemagatik lehen saria eman zion.
  • Eskualtzaleen Biltzarrak Pindar eta Lano poesia bildumagatik olerki saria eman zion.
  • EIZIEk "Itzultzaile ohorezko" izendatu zuen 1991n.
  • Sarako Idazleen Biltzarrak omenaldia egin zion 1994an.
  • Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion 1994an.

Argitaratutako lan nagusiak

  • Azkalar (1939)
  • Itsasora (1940)
  • Pindar eta Lano 1938-1941 bitarteko poemak
  • Tontoteiko hiru semeak (1947)
  • Jarraik niri (1947)
  • Eguerri (1941)
  • Mortutik oihu (1947)
  • Piztu saiku, Maria eta Kurutzea (1951)
  • Ezkila eta Xirola (1951)
  • Herri mina (1952)
  • Meza sainduko kantikak (1953)
  • Pasionea (1954)
  • Harrapallu (1955)
  • Eguerri (1956)
  • Argiz argi (1957) 1947-1957 bitarteko poemak
  • Zeru-Menditik (1957)
  • Salmoak (1963)
  • Nire etxean hiru sorgin (1966)
  • Sauveur Candau (1966)
  • Eskual Herria eta Jainkoaren gizaldea (1968)
  • Uhaineri nagusi 1959-1971 bitarteko poemak
  • Himno Berri (1972)
  • Nor da hor (1975)
  • Fededunen arbasoa (1977)
  • Beteleko aldarea
  • Dabid, artzain eta iheslari (1982)
  • Jaunaren hegala (1983)
  • Biziaren olerkia (1983)
  • Oroitzapen purruxkak (1983)
  • Berri ona salmo-kantutan (1984)
  • Amen besta (1984)
  • Dabid eta Abzalo (1986)
  • Otoitz eta gudu (1988)
  • Lur Sainduan hamar egunez beilari (1990)
  • Hamazazpi hilabete Afrikako bihotzean (1991)
  • Beloke-ko Abatetxearen historia (1993)
  • Biziaren gudaldia (1997)

13/10/2008 GMT 1

Joannateguy berriz ere (1)

martinez @ 07:14

Aurrekoren batean esana dut hemen euskal literaturaren klasikoak gogoko ditudala, ez haien literatur merituengatik, haien hizkuntzaren ederrarengatik baizik. Interes filologikoa dute, beraz, niretzat, literario baino areago.

Horregatik ez nuke Bazilio Joannateguyren San Beonaten bizitzea liburua bukatutzat eman nahi, paragrafo hautatu batzuk agertu gabe, beti ere oharra eginda interes linguistiko-filologikoa baino ez dutela.

Jakin ezazue, bestetik, liburu osoa hemen daukazuela pdf batean.

Hona hemen perla batzuk. Goza itzazue.

Hala-hala, ikustatez eta amodioz betea bere Aita loriosaren alderat, egin zuen bere baitan behar ziotela ezagutarazi jende guziei nolakoa izatu zen Aita on haren bizitza.

(...)

Eta komentuetarik kanpo, zer begitarte egina izanen zaio?

(...)

Eta nola Benoatek ere baitzituen bertuterako jaidurarik hoberenak, goizik ohartu ziren haren inguruan zirenak maite zuela bertutea.

(...)

Eta, ohartu bezain sarri, egin zuen bere baitan etzuela gehiago zangorik ezarriko eskola hartan.

(...)

10/10/2008 GMT 1

Gotzon Garate. In memoriam

martinez @ 06:56

Ez dut gogoko bloga eguneroko gertaeren pare erabiltzea. Gotzon Garateren heriotzaren berriak, ordea, hunkitu egin ninduen, benetan maite eta atsegin nuelako idazle euskalduna.

Omenaldi xumea, beraz, egin nahian idazten ditut lerro hauek. Goian bego eta gure bihotz-gogoetan betiko.

Garateri buruz apur bat gehiago jakin nahi izatekotan, jo ezazue Literaturaren Zubitegira, bertan baitago haren gaineko informazio bilketa osoena.

03/10/2008 GMT 1

Euskara atzerrian ere bai

martinez @ 08:57

Iturria: www.erabili.com

2008-09-22 

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta UNEDek (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak), 2008-2009 ikasturterako lankidetza hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute, UNEDen bitartez euskara eta euskal kultura lektoretza Espainiako estatuan nahiz atzerrian sustatzeko.

Euskara ikasteko arrazoiak

Miren Azkarate Kultura sailburuaren ustez, euskarak bere eremu naturaletik kanpo ere "interes handia pizten du". Euskara ikasteko arrazoi sentimentalez gain, azpimarratu zuen badirela "arrazoi zientifikoak, kulturalak, politikoak...". Bere esanetan, "asko dira guregana hurbildu direnak gure hizkuntza politika ezagutu nahian, asko dira euskara bera eta bere bilakaera ezagutu nahi dutenak, euskararen biziraupenaren misterioa ezagutu nahi dutenak, edota euskaldunotaz eta Euskaditaz zerbait jakin eta hizkuntzaren oinarrizko ezagutza jaso nahi dutenak".

Euskara atzerriko 24 unibertsitatetan

Halaber, Azkaratek oroitarazi zuen datorren urtetik aurrera beste tresna sendo bat ere izango dutela zeregin horretan: Etxepare Euskal Institutua. Eta bitartean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak baduela jada, ekimen bat indarrean: lektore programa, bere sorreran, duela bost urte, "uste genuena baino are urrutirago iristen ari dena".

"Orain arte lektoretza programa 12 herrialdetan bazegoen ere, gaurtik aurrera, UNEDekin sinatu duten hitzarmen honen ondorioz, gehiagotan". Emaitzetan ere urrutirago helduko direla azaldu zuen sailburuak: "jende askorentzat nobedadea izango da jakitea 24 unibertsitate daudela gaur atzerrian euskara eta euskal kultura irakasten, 800 ikasle baino gehiago dabiltzala euskara eta euskal kultura ikasten unmibertsitate horietan. 60tik gora Helsinkin, 100 baino gehiago Txilen... Edonor harritzeko modukoak dira datuok".

Kultura sailburuaren iritziz, "hemendik kanpora egiten den guztia ere ondo etorria izango da euskararen prestigioaren eta ezagutzaren mesedetan baldin bada. Aliatuak behar ditu euskarak, nonahi. Gero eta gehiago gainera, bizi dugun globalizazioaren garaian".

Hitzarmen hau dela tarteko, datorren ikasturtean posible izango da Espainian euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako ikastaroak, diplomak, aldizkari zientifikoak, unibertsitateko ikastaroak, mintegiak, eta abar aurrera eramatea.

  • Euskara eta Euskal kulturako ikasketak eskainiko ditu UNEDeko Hizkuntza-zentroan (CUID). Ikastaroak 150 orduko modulutan garatuko dira, eta ikasle bakoitzak ezin izango du bi modulu baino gehiagotan parte hartu ikasturteko.
  • Euskal kultura zabaltzeko eta hedatzeko kultur ekintzak egitea, UNEDen urrutiko hezkuntzarako metodologia erabiliz, legeak ezarritako aurrez aurreko eskolak emango diren arren. Helburua da unibertsitatearen jarduerak ez mugatzea irakaskuntzaren arlora, baizik eta ikasle kopuru nahiko handia duten zentroetan, Madrilen bezala, ikasleak euskal bizimoduarekin harremanetan jartzeko ekintzak garatzea ikasturtean zehar.
  • Irakaslearen esku beharrezkoa den ekipamendua jartzea (ikasgela, programan ikastaroa iragartzea).
  • Lektoreari lan-kontratua egingo dio eta horren arabera ordainduko dio.

Miren Azkarate: "Gezurra badirudi ere, gaur egun Espainiako unibertsitaeetan atzerriko hizkuntzak bezain arrotz dira euskara, katalana, aranesa, galegoa...".

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!