Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: hizkuntza plangintza

01/09/2007 GMT 1

Mikel Zalbide Agustin Iturriagaz (III)

martinez @ 13:12

Iturriagaren 1830eko planaz hitz egin ohi da, nahiz eta hiru urte, 1830etik 1833ra, alegia, iraun zuen. Dakigularik, horixe izan zen lehenengo aldia Gipuzkoako goi-agintariek euskararen aldeko hizkuntza-politika esplizitu orokorra egitea erabaki zutena, euskara bizirik ateratzeko eta ilustratzeko neurriak eskatu baitzizkioten Iturriagari.

Gipuzkoako Aldundiak Sustapen batzordea jarria zuen martxan, zeinak lau alor nagusitan baitiharduen; hona hemen: Hazienda, Nekazaritza, Merkataritza-Industria eta Literatura. Literatura atalean sartu zen, noski, euskararen aldeko ekimena, atalaren egitekoa, hitzez hitz, hauxe baitzen: disposiciones dirigidas a conservar nuestra lengua bascongada, nativa de estas Provincias. Adituren bat behar zuen Sustapen batzordeak eta Iturriaga aukeratu zuen.

Iturriagak proposamena egin zien Batzar Nagusiei, helburua eskola-elebitasuna zela; ez nolanahiko elebitasuna, bete-betea baizik; baina horretarako material sorta zabala prestatu beharra zegoenez gero, horrexeri ekin zion Iturriagak Iztuetarekin batera: Iturriagak euskaraz prestatu zituen liburu-atalen hizkuntza-orrazketa egiten zuen Iztuetak eta beste zenbaitetan, berriz, Agustinek erdaraz prestaturiko zati batzuen euskara itzulpena berak egin zuen zuzenean. Liburuak, kartilla eta bi dialogo- edo jolas-liburutxo prest nahi izan zituen Iturriagak 1831ko uztailerako, Batzar Nagusiak Donostian biltzen zirenerako.

26/08/2007 GMT 1

Mikel Zalbide Agustin Iturriagaz (II)

martinez @ 16:27

Aurreko kapituluan esan genuen 1823an itxi ziotela ikastetxea Iturriagari eta irakasle gisa jardutea debekatu.

Orduan bere burua euskaraz janzten, alfabetatzen, hasi zen eta, horretan zebilela, 1830ean deia jaso zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietatik: euskara gainbehera zetorrelarik, zerbait egin beharra zegoela ikusten zuten Batzar Nagusiek eta euskara indarberritzeko plan bat erabaki zuten. Plan hori idatzi eta aurkeztea eskatu zioten, bada, Agustin Iturriagari. Baiezkoa eman zuen Agustinek eta bizpahiru urtetan jardun zuen horretan, Iztuetarekin eskuz esku.

Horretantxe ari zen, 1833an Lehen Karlistada lehertu zenean eta han bukatu ziren, aldi baterako, herri aginteen enkarguak. Gainera, herritik alde egin behar izan zuten Agustin Iturriagak, anaia Cayetanok eta zenbait lankide zaharrek, 1834an. Donostiara joan ziren lehenik eta Agustinek Iparraldera jo zuen hurrengo urtean. Han egon zen bost bat urtez, harik eta 1840an, gerra bukatuta, Hernanira itzuli zen arte.

Behin Hernanin, eliz lanak egiteaz aparte, hamar bat urte lehenago Batzar Nagusien enkarguz prestatu zituen ikasliburuak argitaratzeari ekin zion. Donostiako Baroja etxean argitaratzen saiatu zen, baina hirutik bakarra baino ez zuen lortu horrela argirtaratzea: Fabulua-ipuinen liburua. Beste biak, "Arte de aprender la lengua castellana" eta "Dialogo-jolasak" bere kontura argitaratu behar izan zituen. Beste hainbat liburu eta berak prestatutako hiztegia ere argitaratzeko asmoa zuen; ezin, ordea.

Dena den, ez zen hori ustekabekorik larriena izan, enfoke-aldaketa baizik. Iturriagaren langintzak bi helburu zituen: lehenik, euskara indarberritzea, eta bestetik, umeak gaztelania errazago eta probetxu hobez eskuratzeko bidean jartzea. Hernaniko ikasliburu biak, aitxitik, lehen asmoa gabe argitaratu ziren.

Hirugarren ustekabea ere izan zuen Agustinek; lehenengo bi liburu horien salmenta uste baino okerrago atera zitzaion. Suerte hobea izan zuen, nolanahi ere, hirugarren liburuarekin, fabula-ipuinei buruzkoarekin.

Ez zen horretara mugatu Iturriagaren jarduna 1840tik 1851ra. Juan Mateo Zabalaren aditz-liburuaren onespen-azterketan jardun zuen Iztuerarekin batean, San Inazioren martxa, ordura arte gaztelaniaz kantatu ohi zena, euskaraz jarri zuen eta errotulazio publikoan euskarari presentzia argia ematen hasi zen.

11/08/2007 GMT 1

Mikel Zalbide Agustin Iturriagaz (I)

martinez @ 08:48

mikel_zalbide.jpgMikel Zalbide euskaltzain osoak aurtengo ekainaren 2an irakurri zuen Donostian sarrera-hitzaldia. Agustin Iturriagaz mintzo zen. Hitzaldiaren testu osoa, ohar eta guzti, www.erabili.com gunean duzue. Nik laburtu egingo dizuet.

Agustin Iturriaga apaiz pedadogo hernaniarra XIX. mendean bizi izan zen. Garaiko abade gehienak ez bezala, pentsaera ilustratu-liberaletik zetorren. Garaiko apaiz jendea, egia esan, bateragaitza zen gizarte-aurrerakuntzarekin. Eskola-maisu gisara zihardutenen neurrian, haien ustez, baserriko semea (alabarik aipatu ere ez) baserritar izateko jaioa zen, ez bestetarako, eta hartarako ez zuen kultura idatziaren beharrik. Lapitzak ez dik artorik ematen, ohi zioten.

Oso urrutik zegoen Agustin apaiz-prototipo horretatik: justu beste punta-muturrean. Gainera, ekintza-gizona zen hernaniarra.

Bazuen Agustinek lagunarte jasoa, goi-mailakoa. Gipuzkoako jende ikasiarekin, Hernaniko eta Donostialdeko jende ilustratu eta, oro har, liberal famakoarekin bildu ohi zen sarri.

Iturriaga pedagogo izan zen gehienbat. 1818an zabaldu zuen ofizialki Hernanin bere ikastetxe berritzailea: zigorra debekatua zegoen eta ikasgai osagarriak eskaintzen zituen; kultura-giro osoan txertatuz erakusten ziren hizkuntzak, bere hutsean irakatsi ordez.

Gipuzkoako eskoletan hizkuntza kontuan gaizki jokatzen zela konturatu zen Agustin: gaztelaniaz erakusten zitzaien, erdaraz gutxi edo tutik ere ez zekiten umeei. Ikasle gehienak etxetik euskaldunak izanik, euskaraz eman behar zela eskola uste zuen Iturriagak.

1820an Madrilen gobernu-moldea aldatu eta liberalek agintea eskuratu zutenean, eskola kontuetarako aholkulari hartu zuten berehala Iturriaga. Gipuzkoa osorako ikasmaterial egokiak presta zitzan eskatu zioten. 1821ean, beraz, Aldundi liberalaren enkarguz, ikasmaterial elebidunak sortzen hasi zen buru-belarri.

1823an, ordea, erori egin zen aginte liberal-konstituzionala. Ikastetxea itxiarazi zioten eta susmagarrien zerrendara pasa zen Iturriaga. Apaiz-postutik apartatu zuten eta Zestoara bidali, baina hurrengo urtean Hernanira itzuli zen. Handik gutxira hasi zen haren kontrako epaiketa; horren ondorioz, debekatu zioten irakasle lanetan jardutea.

Eta hori lehenengo kapitulua baino ez da.

12/07/2007 GMT 1

Administrazioa euskalduntzeko plangintzaren porrota

martinez @ 17:51

Horrelakoa da behintzat IƱaki Lasa Ustaritz-en diagnostikoa. Hizkuntza Plangintzarako Sailburuordetzak Administrazio Orokorra euskalduntzeko III. Plangintzaldiaren balantzea plazaratuta, Lasak, Kontseiluko kideak, horren gaineko iritzia utzi du www.erabili.com gunean.

Laburtuta, ideia solte batzuk baino ez ditut aipatuko. Margotsuak dira Lasaren iritziak; zuriak, berriz, nire iruzkinak.

Administrazioak, euskaldunak barik, euskaraz ez dakiten pertsonak kontratatzen segitzen du. Euskalduna kontratatuz gero, ez genuke sosik gastatuko haren euskalduntzean; beraz, normalizazioaren alde diru baliabideak liberatzeko mudua izango litzateke.

Eusko Jaurlaritzako langileen % 80 inguru hizkuntza eskakizuna (HE) egiaztatu beharretik salbuetsita daude, 45 urtetik gorakoak direlako. "Koladero" eder gisara erabili dute erakunde askok adinaren salbuespena.

Ahalegin pertsonal zintzo handia eginda, HEren bat egiaztatu duten hainbat, ikasi ondoren, lanatal erdaldunetan kokatzen dute berriro, edo euskaraz ez dakien arduradun politiko baten aginduetan. Horrela, neke handiz lortutakoa, erabili ezean, ikasi baino azkarrago galtzen da.

Derrigortasun data duten lanpostuak % 40 dira. Horien % 54k egiaztatu du HE. Atera kontuak!

Herri administrazioen erdiek baino ez dute onartuta erabilera-plana. Hurrengo urteetarako helburua ezagutzatik erabilerara jauzi egitea omen da.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!