Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: hizkuntza plangintza

22/09/2008 GMT 1

Joannateguy eta eskuara 1902an (6)

martinez @ 07:18

(...)

JAKINTSUEK ZER DIOTEN EUSKARAZ

Huna lehenik Axular, hamazazpigarren mendean Sarako erretor zena. Omen handiko liburu-egile horrek dio: "Iduri luke beste mintzaira guztiak elkarrekin nahasiak direla; eta aldiz euskara bere lehenbiziko garbi gartan dago."

Hemezortzigarren mendean beste jakintsu handi batek, Larramendi jesuitak, iskribatzen zituen hitz hauek: "Nahi baduzue jakin euskara zer den, beha zkizkote beste mintzairarik ikasi ez duten jende batzuei nola mintzo diren beren artean; eta zu zoratua egongo zara zein den gozoa, argia, bizia, garbia eta zuzena."

Bizkitartean jesuita hura bera auhenez zegoen, euskara hain ederra izanik, eta haren denborako predikariek ez zekitela karrikako emakume batzuek bezain ongi.

Eta gutartean ere zenbatak ez daitezke ikusia dugunak, gure mintzaira ederra dlea, bereziki entzun ondoan kosta aldeko, Gipuzkoako edo oraino Zuberoko predikari batzuk. Orduan bai ohartu gaitezke euskara musika soinurik gozoena baino gozoago dela.

Txaho zuberotarra ez zen jakitaterik gabeko gizona; eta hala dio: "Euskara gizonez gorago denak egina den mintzaira da, eta mintzairetan den ederrena."

Eta orain, euskaldun lagunak, ari zaitezkete zeuen baitan: "Bai, atsegin da horrelako hitzak entzutea, baina, ondikotz, euskaldun batzuek esanak baitira hitz horiek." Entzun ezazue, beraz, liburu-egile arrotzek zer dioten.

(...)

17/09/2008 GMT 1

Joannateguy eta eskuara 1902an (5)

martinez @ 17:48

(...)

EUSKARAREN EDERRA

Aitortzen dugu ipar aldetik eta hegoagotik hartuak eta estutuak gauzkaten mintzairak, biak latinaren umeak, ederki orraztuak direla, apainduak eta aberastuak ere bai, mintzaira arrotzei harturiko hitzei esker; eta halarik ere euskara, zenbat-nahi higatua baldin bada-eta, hastapenean zuen edertasunetik, euskara ager daiteke bi mintzaira horien eta gainerakoen aitzinean.

Ezen latina eta greka bezain ongi Jainkoak emana dugu, eta beste mintzairekiko nahastikarik gabe gelditua da.

Damurik lurrak hazi dituen ahalmen handiko haoinbeste euskaldunetatik bati ez bati ez bazaio gogoratu behar zituela agerian ezarri euskarak bere baitan dauzkan aberastasunak!

Erran nahi baita gure mintzaira ederra egon dela atzeman ondoran batere landua izan gabe, utzia litekeen harri baliosa bezala.

(...)

13/09/2008 GMT 1

Joannateguy eta eskuara 1902an (4)

martinez @ 07:42

(...)

EUSKARARI ZOR DIOGUN BESTE ON BAT

Euskarak begiratu gaitu beste hainbeste eskualdetako jendeak bezain itsusi eta lazo bilakatzetik. Zeren eta gaiztaginek eta halaber ere erlijioaren etsaiek ez jakin gure mintzaira, eta gure herrietatik kanpo egon behar izan dute, harro-arazi gabe, nahi zuketen bezala, gure arbaso eta aiten buruak, kendu gabe haien bihotzetik lehen-lehen denboretatik hona hartua zuten erlijio sainduarentzako amodioa.

ONGI EZ DENA

Egia da oraingo egunetan bestelako airerik eta haizerik ere dabilela bazterretan. Frantziako eta Espainiako aintzindarien meneko bilakatuak, ez baldin bagara ere jadanik eginak zein gure aldeko erdarari, bederen ederki egiten ari gara.

Lana franko hemendik hamar-bat urteren buruko, ikusten bada, gure hiri txikietan, euskaraz hitz egiten dezakeen haurrik.

Ez dut esan nahi gaizki denik erdara ikastea, baina ez dago ongi euskara uztea frantsesez edo espinolez mintzatzeko.

Euskararen etsaiek zer atsegina ikusi ahal bagenitu denak erdarari lotuak, denak erdaldun bilakatuak!

Baina ez, ez dute horrelako irririk egingo, bestetalp ikuskaterik zor diogu euskara gure Ama onari.

(...)

08/09/2008 GMT 1

Joannateguy eta eskuara 1902an (3)

martinez @ 19:19

(...)

EUSKARARI ZOR DIOGUN ONA

Bada nork daki zenbat mende euskaldunak gure oraingo herri honetan direla. Non dira aldiz lehenago, erromanoen denboran, Frantzian, Espainian eta Italian ziren beste jende-aldeak? Haiek guztiak itoak edo urtuak nonbaitik etorritako jende basa batzuen artean.

Euskaldunak, aldiz, aitzina ere euskaldun egon. Bazekiten-eta jende-alde haietako batzuk edo beste beren artera hartuz, beharko zutela galdu, lurra bezain ongi, beren mintzaira ere, eta horregatik ez zieten Euskal Herrian kokatzen utzi, Euskal Herrian berak izango dira aitzina ere etxeko nagusi eta jaun.

Eztabaida biderik izan dezatela beren artean, eta han dute Lege Zaharra jakiteko zeinek duen hobena, eta aldiz kanpoko etsai zenbaitek nahi baldin badiote egin bidegaberik, orduan denak elkarretara bildu eta zainduko dute ederki beren herria.

Non zitezkeen hobeki euskaldunak egoteko eta ere puliki bizitzeko? Inora joan gabe, bazituzten hemen bertan aran eta zelai ederrak bihiarentzat, mendi gizenak azienda xehe eta larri guztientzat, itsas zabala ere arrantzarako.

Oraingo egunetan ere nongo gizon gazteak dira euskaldunak baino hobeto ikusiak, dela armadetan, dela ontzietan? Euskarak eduki baikaitu jende mota guztietatik bereiz, eta lehenagoko euskaldun aipatuen odola oraino gure zainetan.

(...)

04/09/2008 GMT 1

Joannateguy eta eskuara 1902an (2)

martinez @ 06:54

Har dezagun berriro Joannateguyren saiakeraren haria. Hona hemen bigarren zatia. Uste dut zortzi izango direla denetara.

 (...) 

EUSKARARI ESKER DAKIGUNA

Euskaraz mintzo garenok badakigu gure arbasoak nor eta zer ziren. Liburuek esaten digute, gerrara joanez gero, euskaldunak gizon gaitzak zirela, zenbat-nahi bortitzak baldin baziren ere Erromako armadak; eta garaitu bazituzten ere bazter guztietako jende-aldeak, ezin garaitu ahal izan zituztela euskaldunak, egun arte ezin landatu izan dituztela beren banderak Bizkaiko mendietan.

Liburuetatik dakigu gure arbasoek askotan buru emateko izan dutela, batean Erromako armadei, bestean moroei, edo frantsesei, eta buru eman dutela inoiz amorerik eman gabe, eta amore eman ordez jo eta jipoitu dituztela behin baino gehiagotan erromanoak, moroak, frantsesak eta besterik ere bai.

Liburu frankotan irakur daiteke lazgarri zela ikustea euskaldunak nolako kopetarekin jartzen ziren etsaiari buruz, ez bakarrik beren herrian zirelarik, baina herritik atereak, beste armada batzuetan ere.

Hitz batez badakigu euskaraz mintzo garenok, uretan eta lehorrean, inoren beldur ez ziren gizon batzuen semeak garela.

Eta horrelakoa jakiteak ez al du deus baliorik?

Deusik ez al du balio jakiteak gure arbasoak eta aitak nolako gizonak ziren? Deusik ez al du balio nolako aitoren semeen haurrak garen esan ahal izateak?

Ez da hori niri iruditzen zaidana.

(...)

01/09/2008 GMT 1

Joannateguy eta eskuara 1902an

martinez @ 07:48

Aspaldian aipatu nizuen Bazilio Joannateguyren "San Benoaten bizitzea", Klasikoak bildumakoa. Liburu eder horrek badakar eranskin batean Joannateguyren saiakera, "Eskuara" izenekoa, irabazle suertatu zena Urruñako Euskal Jaietan, 1902. urtean. Horri esker, Joannateguyk 100 franko politsikoratu zuen.

Testua hizkuntza politikazko pieza jakingarria izanik, laburtu eta moldatuko dizuet. Komentatzeko mordoa dauka testutxoak. Besteak beste, euskaldunak aipatzen dituelarik, askotan (ez guztietan, ordea) gizonak baino ez direla agertzen, emakumerik ez balego bezala. Benetan deigarria egiten zait hori.

Hainbat kapitulutan banatu dut oso idazki luzeak ez egitearren. 

Irakur dezagun, besterik gabe. Hona hemen:

 ESKUARA

Euskaldun ez den jendea, erdaldun bat izan dadiela errengurarik eta axolarik gabe gure mintzaira maiteaz, ez luke horrek gauza handirik esan nahi. Zer doakigu guri ere erdaldunak mintza daitezela gisa batera edo bestera? Erdaldun batzuek begietan hartua izan dezatela euskara; banoa urrunago, egin ditzatela zazpi eginahalak gal dadin lehen bait lehen, hori ere adi liteke hein baterainokoan.

Baina inola ere adi ez dezakedana da nola Euskal Herrian sortuak diren euskaldun seme batzuek ez zuketela gehiagoko atxikimendua beren amaren altzoan ikasi mintzairarentzat; nola izan daitezkeen ekarriak hain erraz euskararen bazterrera uztera.

Euskaltzale egiazko bat joan dakiela halako horiei esatera ez luketela euskara galtzen utzi behar; baina, jardesten ez badute ere euskaratik zer aterako duten? Euskarak zer emango dien? Haiek, aitzina ere, berdin ezaxol izango baitira, eta amodiorik gabe beren haurreko mintzairarentzat.

Eta bizkitartean bestelako ikustaterik zor genioke, bai, gure euskara ederrari.

(...)

22/07/2008 GMT 1

Euskararen erabilera normalizatzeko IV. plangintzaldia Eusko Jaurlaritzan (2)

martinez @ 07:23

Hona hemen Patxi Baztarrikaren artikuluaren laburpenaren bigarren zatia.

Gelditu ginen aurrekoan euskararen ezagutzari buruzko datuak ematekotan. Hona hemen datuok:

  • Eusko Jaurlaritzako lanpostuen % 41ek du derrigortasun data (DD).
  • DDrik ez dauka % 59k.

Datu hauek DD duten lanpostuetan diharduten langileei buruzkoak dira:

  • Horien % 37 interinoak dira (pfiuuu! askotxo, ez da?). Ia interino guztiek daukate egiaztaturik hizkuntza eskakizuna (HE). Ze erremedio!
  • Langile titularrei bagagozkie, % 47k egiaztatu dute dagokien HE eta baxuagoren bat, berriz, % 5ek.
  • Adinagatik salbuetsiak % 7 dia.
  • Ezer ere egiaztatu ez dutenak, azkenik, % 4.

Horren ondorioz, 3.000 langile dira euskaraz lan egiteko gauza; hala ere, gaztelania da horien gehienen lan-hizkuntza.

Ezagutza ezinbestekoa da erabilera areagotzeko; ez da nahikoa, ordea. Faktore ugari dira euskararen erabileraren oztopagarri: langileen eta administrazioaren ohitura eta inertzia, kezka eta beldurra (segurtasun eza gehituko nuke nik), egoera soziolinguistikoa, inguruan elebakar igari izatea, prestakuntza profesionala gastelaniaz jaso izana, hizkuntza bera estandarizatu eta trebatu beharra...

Planak bi oinarri nagusi izango ditu: batetik, derrigortasun-indize berria ezarri eta betetzea, eta bestetik, euskara ere administrazioko lan- eta zerbitzu-hizkuntza izateko urrats eraginkorrak egitea.

Beraz, DD jartzeko aplikatuko den indizea 2001eko Biztanleria eta Etxebizitza Zentsuko datu linguistiko ofizialetatik aterako da:

euskaldunak gehi ia euskaldunak bider 2 = % 43,87

Beraz, euskararen ezagutzea egiaztatzea beharrezkoa izango da 2.876 lanpostutan (% 43,87) eta merezimenduzkoa, berriz, 3.680 lanpostutan.

Bestetik, erabilerarako irizpideei dagokienez, hona hemen berrikuntza batzuk:

  • Sortze lanaren sustapena, itzulpenaren morroi izan gabe.
  • Idazketa elebiduna, korredakzioa.
  • Kalitate komunikatiboa bermatu.

17/07/2008 GMT 1

Euskararen erabilera normalizatzeko IV. plangintzaldia Eusko Jaurlaritzan

martinez @ 07:08

Horri buruzko artikuluak argitaratu zuen Patxi Baztarrikak lehengo egunean, uztailak 14 (Errepublikaren Eguna Frantzian). www.erabili.com gunean. Hona hemen laburpena.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak uztailaren 1ean onartu zuen plan hori, 2008-20012 tartean EAEko Administrazio Orokorrean aplikatzeko. Plana ez dagokie, beraz, foru aldundiei, ez eta udalei ere.

Helburu funtsezkoena da gizartea eta Administrazioa gero eta elebidunagoak izan daitezela, beti ere herritarren hizkuntza-aukera errespetatzen delarik. Eta euskara ere, gaztelaniarekin batera, Administrazioko lan-hizkuntza "normala" izan dadila.

Hauxe da abiapuntuko egoera egun Eusko Jaurlaritzan:

  • Ezagutza nahiko handia da; urria, ordea, erabilera. Ezagutza handitzeko egindako ahaleginari ez zaio etekin betegarririk atera.
  • Euskararen presentzia nahiko bermatua dago arlo hauetan: hizkuntza paisaianeta erakundeen kanpo-harreman ofizial idatzizkoetan.
  • Presentzia hori gehienbat itzulpenari esker bermatzen da: itzultzen den guztiaren % 80 gaztelaniatik euskarara bihurtzen da.

Hurrengo batean agertuko ditugu euskararen ezagutzari buruzko datuak.

10/07/2008 GMT 1

IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak (eta 2)

martinez @ 07:35

Hona hemen ondorio nagusi gehiago:

  • ...
  • Erabilerak, dena den, gora egin du eremu formaletan eta gazteen artean. Gazteen arteko erabileraren hazkunde hori elebidunen kopurua nabarmen hazi delako gertatu da batez ere.
  • Gaur elebidun direnek ez dute lehen elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara. Besteak beste, lehen hizkuntza gaztelania izatean euskaraz jarduteko erraztasun urriagoa dutelako eta gehienak gune erdaldunetan bizi direlako gertatzen da hori.
  • Elebidun hartzaileen kopuruak (hots, euskara ulertzeko gai izan arren, hitz egiteko gauza ez direnak) gora egin du nabarmen gure artean.
  • Erabilerari bagagozkio, Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 25,1ek euskara erabiltzen du neurri batean ala bestean: % 15,3k euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du; % 9,8k euskara erabiltzen du, baina erdara baino gutxiago.
  • Euskararen erabilera sustatzeari buruz, euskara sustatzearen aurka daudenak % 11,2 dira EAEn, % 17,6 Iparraldean eta herena, % 34,2, Nafarroan.
  • Amaitzeko, historia guztian inoiz baino jende gehiago dago gaur maila batean edo bestean euskaraz hitz egiteko gai dena. Eta funtzioetan ere inoiz ezagutu gabeko zabalera ari da irabazten euskara. Batzuek nahiko luketen baino geldoago, eta beste batzuek nahiko luketen baino azkarrago, baina indarberritzen ari da euskara. Urteetako eta belaunaldiak behar dituen prozesua da hau, eta prozesu horretan ez goaz atzera, ez gaude geldi, aurrerantz goaz.

08/07/2008 GMT 1

IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak

martinez @ 11:37

Hemen duzue horri buruzko argitalpena www.erabili.com gunean.

Eta hona hemen emaitzen laburpena eta agian nire gogoeta batzuk horiei buruz.

Ondorio nagusiak:

  • Euskal hiztun elebakarrik ez dago. Agian hizkuntza gutxi izango dira munduan elebakarrik gabeak. Horrek hizkuntzan bertan dituen eraginak ikertzea oso oso interesgarria izango liztateke.
  • Hamasei urte edo gehiagoko biztanleen artean elebidun gehiago daude. Iparraldean ere gazte elebidunen kupurua hasi da dagoeneko gora egiten.
  • Erdaldun elebakarren ehunekoak behera egin du EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, aldiz, gora egin du.
  • Euskararen osasun egoeraren adierazgarri nagusia haren erabilera da. Horregatik, etorkizuneko hizkuntza politikako jarraibideeetan atentzioa eta kezka erabilera nonahi areagotzean jarri behar dugu.
  • Euskararen erabilera ez da ezagutza beste hazten ari. Hori normala da: harreman-sareak eta erabilera-eremuak erabakigarriak direlako. Hiztun asko berriak dira. Elebidunen erdia gune erdaldunetan bizi da, gaztelaniaz edo frantsesez jarduten duten harreman-sare zabalak eta euskara erabiltzeko erabilera-eremu urriak ditu.
  • ...

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!