Euskaldunberri
Ramon Etxezarretak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, badio Euskararen Berripaperan 'euskaldunberri' kontzeptua desagerrarazi beharko litzatekeela euskal hizkeratik.
Eta estatistika ikerkuntzatik ere bai, sailburuorde jauna? Eta soziolinguistikatik ere bai? Jakina. Estatistikatik eta soziolinguistikatik kendu beharko genituzke bai berba bai kontzeptua. Eta, are inportanteago, euskaldunberritzat jotako guztien burutik, bihotzetik, barnetik eta gogotik. Zergatik? Oso ondorio latzak ekarri dizkiolako euskarari.
Euskaldunberri ia guztiengan sumatu dut gutxiago izateko, gutxiago balio izateko konplejua; euskaldunzaharren aldera, noski. Zer pentsa, bestela, bigarren mailako sailkapen-laukitxo batean sartuta?
Gutxiago izateko uste horrek segurtasun eza ekarri du. Segurtasun ezak areagotu egin du gutxiago izateko ustea eta horrek ezinbestez dakar berez gauzak gaizki, oker eta gogo barik egitea.
Ezagutzen dudan euskaldunberri bat hizlari bikaina da. Euskaldunzahar askok uste dute euskaldunzaharra dela, euskaraz primeran hitz egiten duelako eta sekula ez duelako aitortzen euskaldunberri izate hori. Zuzen-zuzen galdetuz gero, erantzun ohi du "kaleko euskara" ikasi duela, non eta andaluziarrez jositako Bilboko auzune batean! Delirantea benetan.
Beste euskaldunberri bati entzun diot unibertsitateko irakasle batekin hitz egin zuen aurreneko aldiz, irakasleak hauxe galdetu ziola: "Zu euskaldunberria zara, ez da?". Ez zen batere hasikera ona. Ikasleak berehala jakin zuen irakasleak ez zuela berarengandik gauza handiegirik espero eta uste on ez horrek bere isla izan zuen kalifikazioetan.
Horren guztiaren ondorioz, euskaldunberri bat baino gehiago ikusi ditut gogogabeturik euskaratik aldentzen, urruntzen, nazkatzen: "Bigarren mailako hiztuna naiz? Ez naiz fidatzekoa, kalte edo egingo diodalakoan euskarari? Gorde ezazue, bada, zeuen hizkuntza zeuentzat y dejadme en paz."

Zabaldu
del.icio.us