Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: hizkuntza

06/11/2009 GMT 1

Letra larriak idazteko irizpideak (6)

martinez @ 07:53

2.2.3.7.- Erakunde, instituzio, enpresa eta orotariko taldeak

Erakunde publiko nahiz pribatu, instituzio, enpresa, sozietate, elkarg, alderdi politiko, sindikatu, elkarte eta antzeko taldeen izena osatzen duten hitz nagusiak, eta barnean ohi daramaten izen generikoa ere bai, larriz hasita idazten dira:

Elgoibarko Institutua; Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa; Ekialdeko Indietako Konpainia Ingelesa; Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea; Alkorta Anaiak SA; Miren Arrandegia SM.

Ez dira nahasi behar enpresaren izen ofiziala eta izendapen arrunta. Beraz, enpresaren izena ososrik jartzen ez bada, Miren arrandegia idazkera dagokio.  

Erakundeen izendapen ofizialaz gain, badira beste bi aipamolde: (A) erakundearen izendapenaren parte bat bakarrik erabiltzea, eta (B) erakundearen izendapenaren ordezko beste izen bat erabiltzea.

A.     Erakundearen izendapenaren parte bat bakarrik erabiltzea

Askotan, erakundearen izen osoa barik, zati bat baino ez da erabiltzen (Udala, Aldundia, Fundazioa...). Halakoetan larriz edo xehez hasita idatz daiteke. “Jaurlaritza”ren kasuan, beriz, aukera bakarra dago, izen berezia delako, Jaurlaritza bat eta bakarra delako. Pluralean erabiltzen direnean edo esanahi generikoa dutenean, berriz, letra xehez idazten dira:

Euskal Autonomia Erkidegoko diputazioak batera aritu dira.

Probintzia bakoitzak bere diputazioa du.

 B.     Erakundearen izendapenaren ordezko beste izen bat erabiltzea

Izen ofiziala barik, beste izendapen sinonimoren bat, erreferentziakidea, erabiltzen bada (askotan izena + erakuslea egiturakoa), letra xehea erabili ohi da:

Garbi dago erakunde horretan aldaketa sakonak egin behar direla.

Zer moduz dabil talde txuri-urdina?

 2.2.3.7.1.- EstatuaHona hemen “estatu” hitzaren adierak:

-         Lurraldea. Adiera geografiko hutsa denean, letra xehez, “probintzia” edo “kontinentea” bezala:

Mitinak ematen ibili zen estatuaren batzer batetik bestera.

Surinamgo estatuaren hegoaldean oihan tropikala da nagusi.

Estatuko hiri garrantzitsuena Bartzelona omen da, eta ez Madril.

-         Antolamendu politikoa. Herrialde baten gobernu organoak edo herrialde hori osatzen duen batasun politikoa adierazten dituenean, bi erabilera bereizi behar dira:

o       Generikoa, estatuaren izen bereziarekin batera erabiltzen denean:

Euskal lurraldearen eta Espainiako estatuaren arteko elkarbizitza politikoa.

o       Izendapena, izen berezirik gabe. Letra larriz idatzita idatz daiteke baina ez da nahitaezkoa, erreferentziakidetzat har daiteke-eta. Letra larriz idazten bada, ulertu ehar da erreferentea antolamendu politikoa dela, eta ez lurraldea:

Juan Karlos erregea da Estatuaren / estatuaren burua.

 Oharrak:

q       Estatuek bina izen izan ohi dituzte: bata ofiziala

Frantziako Errepublika, Espainiako Erresuma

eta bestea laburtua:

Frantzia, Espainia

q       Ordezko izendapenak erabiltzekotan, hobe honela:

Frantziako estatua, Espainiako estatua, estatua, Estatua

q       “Estatu” hitzak erakundea adierazten duenean, larriz beti, kargu baten izenean ez badago behintzat:

Condoleezza Rice Ameriketako Estatu Batuetako estatu-idazkaria zen.

Ekialde Hurbilean izan berri da AEBko Estatuko idazkaria.

Vatikanoko Estatuko Idazkaritzan lan egin zuen.

q       Erreferente jakinik ez eta esanahi generikoa duenean, xehez idazten da:

Pasaportea behar da estatu batzuetan sartzeko.

q       Errerente bat baino gehiago duenean ere xehez:

Espainiako eta Frantziako estatuak.

q       Estatu baten barneko banaketa administratiboaren barneko lurrade-entitatea adierazten duenean ere xehez: Chiapasko estatua, Texasko estatua

05/11/2009 GMT 1

Letra larriak idazteko irizpideak (5)

martinez @ 07:43

2.2.2.- Animalia-izen bereziak

Izen bereziak, larriz:Pintto txakurra, Rocinante zaldia, Dolly ardia, Txita txinpantzea, Flipper izurdea, Islero zezena, Moby Dick balea...

Arrazak eta aldaerak, xehez:dobermana, pertxeroia...

2.2.3.- Gauzakien izen bereziak eta abstrakzioak

2.2.3.1.- Abstrakzioak eta pertsonifikazioak

Letra larriz hasita idazten dira izaki bizidun gisara aurkezten diren izen arruntak: Gure artean Bakea betiko bizi izango da. Gauaren erdian etorri zen Herio. Orduan Justizia agertu zitzaidan, eskuan balantza zuela. Agur eta ohore, andre Askatasuna!
Ikurritz, goiburu eta leloetan ageri diren hitz nagusiak ere letra larriz hasita idatz daitezke:

“Ekin eta Jarrai” da Euskaltzaindaren ikurritza. “Asmoz eta Jakitez” Eusko Ikaskuntzarena. Hona hemen Frantziako Errepublikaren ikurritza: “Askatasuna, Berdintasuna, Elkartasuna”.

Luzeagoak edo esaldi osoak direnean, berriz, letra xehez:

Muxika arerioagaz haginka (muxikatarren leinuaren goiburua).

Fidelissima Vardulia nunquam superata (Gipuzkoaren armarriko goiburua).

2.2.3.2.- Gauzakiak

Izen berezia dutenean, letra larriz hasita: Excalibur (ezpata), Tizona (ezpata), Max Luzea (kanoia)... 

2.2.3.3.- Ibilgailuak

Berdin: Enola Gay (hegazkina), Apollo 11 (espazio-ontzia), Prestige (itsasontzia), Ama Guadalupekoa (trainerua)

 2.2.3.4.- Produktuak

Sor-marka ofizialen hitz guztiak letra larriz hasita idazten dira: Getariako Txakolina, Errioxako Ardoa, Idiazabalgo Gazta...

Horietaz aparte, generikoak, xehez:

Zer nai duzu: Bakiko txakolina ala Getarakoa?

Errioxako ardoa gero eta garestiagoa da.

Erabilera metonimikoetan (lekua produktuaren ordez), letra xehea:

Atera bi erroixa eta rueda bat.

Enpresen produktu eta zerbitzuen izenak, larriz:

Euskaltel Leihoa zerbitzua, Kredikutxa Pertsonala kreditua, Visa Classic txartela...

 2.2.3.5.- Markak eta modeloak

Letra larriz hasita idazten dira: Bi Kas, Cinzano bat eta hiru Campari. Minak dago eta Nolotil bat hartzeko esan diot. Microsoften Word, Excel eta Powerpoint dira erabilienak.

Hala ere, batzuetan izen arrunt bilakatu dira eta horrelaxe agertzen dira hiztegietan. Orduan, letra xehez: aspirina, zelofana, uralita...

Teknologia eta aplikazio informatiko izenekin bi erreferente aipa daitezke: bata, aplikazioa bera (Powerpoint aplikazioa, adibidez), eta bestea, horren emaitza (“powerpoint bat bidaliko dizut posta elektronikoaz”). Oso formalak ez diren idazkeretan xehez idatz daitezke, beraz. 

2.2.3.6.- Internet
Hizkuntza guztietan bezala, letra larriz idazten da eta izen berezi gisa deklinatu. Letra xehez idatzi behar dira, berriz, Internet ez diren gainontzekoak: intraneta, estraneta...

02/11/2009 GMT 1

Letra larriak idazteko irizpideak (4)

martinez @ 08:06

 2.2.- Nabarmentze-funtzioa

Izendapenetan zalantza nagusi bat izaten da: ea larriz lehen hitzaren lehen letra bakarrik ala hitz guztien lehen letra idatzi behar den. Inguruko hizkuntzatan ere irizpideak ez datoz bat batean eta bestean.

 2.2.1.- Pertsona eta jainko izen bereziak 

2.2.1.1.- Pertsonen izen-deiturak

Charles de Gaulle, Vincent van Gogh

De Gaulle, Van Gogh

Museoan 10 Txillida, 6 Picasso eta Monet guztiak lapurtu dituzte.

Aitona alzheimerrak jota dago.

.2.1.2.- Izengoiti eta ezizenak

Antso Azkarra, Joana Eroa, Orléanseko Dontzella

2.2.1.3.- Jainkoak eta pertsonaia mitologikoak

Erlijio monoteistetan jainko hitza eta bestelako izen eta izenlagunak larriz idatzi ohi dira.

Zeu zara Ahalguztiduna, Kreatzaile goikoa, Mesias egiazkoa.

Izaki mitologikoen kopuru mugatua ordezkatzen duten izenak letra larriz hasita idatzi behar dira: Graziak, Musak, Nereidak...

Izaki mitologikoen kopurua mugagabea denean, berriz, xehez idaztekoak dira: itsaslaminak, amazonak, ziklopeak, aingeruak, serafinak, sirenak, zentauroak…

2.2.1.4.- Fikzio-pertsonaiak eta animalia antropomorfoak: Donald ahatea

2.2.1.5.- Dinastiak, leinuak eta familiak: oñaztarrak, ganboarrak, retegitarrak

2.2.1.6.- Izen bereziekin batera erabiltzen diren izendapen generikoak: Trajano enperadorea, Zenarruzabeitia andrea, Bush lehendakaria, Margarita erregina, Aita Donostia, Ama Teresa Calcuttakoa, Anaia Garate

2.2.1.7.- Izen berezirik gabe erabiltzen diren izendapen generikoak: Gaur goizean Kulturako sailburuak esan du ...Hurrengo lehendakaria emakumezkoa izango da. Gaur Benedikto XVI.a aita santuak esan du ... Atzo aita santuak / Aita Santuak bidaia luzea egin zuen. Zein aita santu edukiko dugu 2050. urtean? Aspalditik bizi da erregina / Erregina / Ingalaterrako erregina / Elisabet II.a erregina Buckingham jauregian. Ingalaterran ez da erreginarik izango XXII. mendean. Potalan dago dalai lamaren / Dalai Lamaren jauregia. Foru Aldundiak eta Arartekoak hitzarmena sinatu dute. Iñigo Lamarka EAEko arartekoak prentsaurrekoa eman du.[Eskutitzen goiburuetan] Mercedes Guerrero Lehendakari Andre Txit Argia / lehendakari andre txit argia

2.2.1.8.- Hagionimoak: santu-santak eta Ama Birjina: Done Petri, Santa Barbara, Done Salbatore, San Agustin, San Tomas, Dona Julia, Andra Maria, Jondoni Paulo... Zeruan diren santu eta santa guztiak... Frantzisko Xabierkoa santu handia izan zen.

30/10/2009 GMT 1

Letra larriak idazteko irizpideak (3)

martinez @ 08:32

2.- Letra larriaren eginkizunak edo funtzioak 

2.1.- Kokatze-funtzioa

2.1.1.- Testuaren hasieran
Letra larriz hasita idazten da beti edozein idazkiren lehen hitza.

 2.1.2.- Puntuaren ondoren

Puntuak esaldiaren amaiera adierazten du eta hurrengo esaldiaren lehen hitza letra larriz hasita idatzi behar da beti. Baina laburduren eta ordinalen puntuen ondoan ez da letra larririk idatzi behar:Argazkiak, infogramak etab. erabiltzen dira aldizkarietan.

Liburuko XIV. kapituluan dago pasarte hori.

 

2.1.3.- Galdera- edo harridura-markaren ondoren

Marka horien ondorengo hitza letra larriz hasita idatzi behar da, baina haldera edo harridura perpaus laburren sorta batean galderak edo harridura perpausak komaz edo puntu eta komaz bereiztuz gero, lehenengo letra baino ez da larriz idatzi behar:

Non bizi da?; zarauztarra al da ?; noiz hasi da lanean?, zergatik?

 

 2.1.4.- Eten-puntuen ondoren

Eten-puntuek esaldiaren amaiera adierazten dutenean, hurrengo letra larriz idatzi behar da. Baina esaldia une batez bakarrik eten eta berriro hartzen bada, ez da letra larririk idatzi behar.

 

2.1.5.- Parentesi artean
Parentesi arteko testua bi kasu hauetan bakarrik hasten da letra larriz:

a)      Parentesia puntu baten ostekoa denean:

Arin-arinka gauzen gainetik pasatzeagatik, arazoen astuna astunagotzen dute. (Honaino sermoia).

b)      Parentesi barneko esaldia komatxo artean dagoenean, norbaitek esana edo idatzia hitzez hitz jasotzeko:

Eritasunak adoregabe utzi zuen (“Ez naiz ezertarako gauza”) eta hitz egiteko gogorik ere ez zuen.

2.1.6. Komatxo arteko aipuak

Horrelako aipuen lehen hitza larriz idatzi behar da. Hala ere, aipua eteten bada, jarraipenean ez da letra larririk idazten:

Lehendakariak esan zuen: “Ezin dugu horrelakorik onartu”.

“Ezin dugu horrelakorik onartu” –esan zuen lehendakariak– “baina prest gaude eztabaidatzeko”.

Komatxo arteko aipua edo adierazpena esaldi handiago baten barnean gertatzen bada eta komatxo arteko zatia sintaktikoki beregaina ez bada, komatxo arteko zatiaren hasieran ez da letra larririk idazten:

Alde horretatik, negoziazioetan “arazo nagusia konpontzeko itxaropena” agertu dute.

2.1.7.- Bi puntuen ondoren

Esaldi osoko aipamenetan, letra larriz idazten da lehen letra:

Gogoratu haren hitzak: “Horrek baditu bere arriskuak”.

Esaldi oso baten zatia besterik ez diren aipamenak, letra xehez:

Gogoratu zer esan zigun: “bildu eta hitz egitea” dela premiazkoena.

Aurreko zatiaren osagarriak, letra xehez:

Hizkuntza hori ez da beren buruaren jabe: besteren legeak dauzka gogoan.

Bi puntuen ondoren paragrafo berria hasten denean, honako irizpide hauen arabera ebazten da letra xehez ala larriz idatzi behar den:

Ø      Gutun hasierako diosal eta deikien ondoren, larriz:Agur, irakurle maitea:Zuri eskerrak eman beharrean gara …

Ø      Zerrendetan, lehen hitzeko lehen letra larriz idatzi behar da esaldi osoak dituztenean:

Astearteko bileran egitekoak :

§       Aurreko bileraren agiria onartzea.

§       Hurrengo jardunaldiko programa aztertzea.

§       Norberak dakartzan proposamenak aurkeztea.

Ø      Zerrendak letra xehez hasi behar dira esaldi osokoak ez direnean:Hauexek dira euskalgintzako profesionalak:

§        irakasleak,

§        kazetariak,

§        itzultzaileak eta idazleak.

 2.1.8.- Zerrendak
Zerrendetan eraguztietako irizpideak erabiltzen dira, baina idazki beran edo idazki sail batean irizpide bakarra erabili behar da beti.

26/10/2009 GMT 1

Letra larriak idazteko irizpideak (2)

martinez @ 08:07

LETRA LARRIAK IDAZTEKO IRIZPIDEAK

 

Ohar nagusia

Behar denean soilik erabili behar da letra larria. Zalantzaren aurrean, xehea erabili. 

1.- Letra larriei buruzko ohar orokorrak

1.1.- Letra larri handiak eta txikiak
Bi letra larri mota daude: handiak eta txikiak. Letra larri txikaik, formaz, letra larriak dira; tamainaz, berrizm beren inguruko letra xeheak bezalakoak dira.

1.2.- Digramak

Digramaren lehen letra bakarrik da larriz idaztekoa. Adibideak: 

Lleida, Txillida, Ttipia, Chihuahua, Khartum...

1.3.- i  eta  j
Maiuskulaz idazten direnean, gaineko puntua ez da idatzi behar:

indiar, India, japoniar, Japonia

1.4.- Diakritikoak

Letra larrietan eutsi egin behar zaio zeinu diakritikoari:

MARTÍNEZ, NÎMES

1.5.- Letra guztiak larriz
Zenbaitetan, testu baten hitz bat edo zati bat nabarmentzeko, delako hitza edo esaldi oso-osorik letra larriz idatzi ohi da. Erabilera hori, gehienetan, ez dagokio ortografiari, testuen diseinuaren edo maketaren aukera estilistikoa baita, eta hortaz ez dago arautzerik. Adibidez, inprimatutako liburu eta aldizkarien azaletan, edo haien barneko atalen izenburuetan, edo egunkari eta aldizkarien goiburuetan, letra guztiak larriz idazten dira askotan; eta zerbait iragartzeko karteletan eta oroitarrietan ere bai. Adibideak:

DICCIONARIO GENERAL VASCO – OROTARIKO EUSKAL HIZTEGIAARGIA; FONTES LINGUAE VASCONUM; SENEZMESEDEZ, EZ ERRE 

Erabilera horiek guztiak lan honen esparrituk kanpo daude, lan hau testu arruntari baitagokio eta ez maketari.

Aurrekoez gainera, honako hauetan ere idatzi ohi dira letra guztiak larriz:

1.5.1.- Zenbaki erromatarrak 

Luis XIV.a, Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarra

1.5.2.- Siglak eta akronimoak
Siglak letra larriz idazten dira beti. Sei letra baino gehiagoko badira, hala ere, lehen letra bakarrik idatzi ohi da larriz:

Unesco, Cenelec...
 

Akronimoetan hasierako letra baino ez da larriz idazten:

Euskotren (eta ez *EuskoTren)

 

20/10/2009 GMT 1

Letra larriak idazteko irizpideak (1)

martinez @ 13:16

Liburu honen laburpena agertuko dut atalka.

  

Letra larriak idazteko irizpideakEIMA programaIkasmaterialen Aholku BatzordeaHezkuntza, Unibertsitate eta Ikekerta SailaEusko Jaurlaritza

Lehenengo eta behin, liburuaren eskema: 


 

LETRA LARRIAK IDAZTEKO IRIZPIDEAK

Ohar nagusia

 1.- Letra larriei buruzko ohar orokorrak: 1.1.- Letra larri handiak eta txikiak 1.2.- Digramak 1.3.- i  eta  j 1.4.- Diakritikoak 1.5.- Letra guztiak larriz: 1.5.1.- Zenbaki erromatarrak 1.5.2.- Siglak eta akronimoak

2.- Letra larriaren eginkizunak edo funtzioak:

2.1.- Kokatze-funtzioa: 2.1.1.- Testuaren hasieran 2.1.2.- Puntuaren ondoran 2.1.3.- Galdera- edo harridura-markaren ondoren 2.1.4.- Eten-puntuen ondoren 2.1.5.- Parentesi artean 2.1.6.- Komatxo arteko aipuak 2.1.7.- Bi puntuen ondoren 2.1.8.- Zerrendak

2.2.- Nabarmentze-funtzioa:

2.2.1.- Pertsona eta jainko izen bereziak 2.2.1.1.- Pertsonen izen-deiturak 2.2.1.2.- Izengoiti eta ezizenak 2.2.1.3.- Jainkoak eta pertsonaia mitologikoak 2.2.1.4.- Fikzio-pertsonaiak eta animalia antropomorfoak 2.2.1.5.- Dinastiak, leinuak eta familiak 2.2.1.6.- Izen bereziekin batera erabiltzen diren izendapen generikoak 2.2.1.7.- Izen berezirik gabe erabiltzen diren izendapen generikoak 2.2.1.8.- Hagionimoa: santu-santak eta Ama Birjina

2.2.2.- Animalia-izen bereziak

2.2.3.- Gauzakien izen bereziak eta abstrakzioak: 2.2.3.1.- Abstrakzioak eta pertsonifikazioak 2.2.3.2.- Gauzakiak 2.2.3.3.- Ibilgailuak 2.2.3.4.- Produktuak 2.2.3.5.- Markak eta modeloak 2.2.3.6.- Internet 2.2.3.7.- Erakunde, instituzio, enpresa eta orotariko taldeak 2.2.3.7.1.- Estatua:-        Lurraldea-        Antolamendu politikoa-        Izendapena, izen berezirik gabe 2.2.3.7.2.- Administrazioa 2.2.3.8.- Organo, sail, talde eta batzordeak

2.2.4.- Entitate abstraktuak: 2.2.4.1.- Zentzia eta teknologia 2.2.4.2.- Biologia: bizidunen sailkapena 2.2.4.3.- Ospakizun erlijioso, zibil, politiko eta bestelakoak 2.2.4.4.- Historiako gertakariak 2.2.4.5.- Aldi geologikoak, historiaurrekoak eta historikoak 2.2.4.6.- Ikasketak 2.2.4.7.- Jarduerak, ekimenak, ekitaldiak, ospakizunak 2.2.4.8.- Sariak 2.2.4.9.- Hitzaldiak, txostenak, komunikazioak, artikuluak 2.2.4.10.- Liburak eta bestelako argitalpenak 2.2.4.11.- Aldizkariak 2.2.4.12.- Ikus-entzunezko saioak 2.2.4.13.- Antzezlanak, filmak, musika- eta plastika-obrak 2.2.4.14.- Arau eta agiri ofizialak

2.2.5.- Leku-izenak: 2.2.5.1.- Leku-izenak 2.2.5.2.- Astronimia 2.2.5.3.- Zodiakoa 2.2.5.4.- Puntu kardinalak 2.2.5.5.- Zeru-lurretako irudizko lerroak eta poloak 2.2.5.6.- Odonimoak: kale, plaza, pasealeku, errepide... 2.2.5.7.- Etxeak eta eraikinak 2.2.5.8.- Leku-izenetatik eratorritako aditzak

3.- Letra larriak noiz ez diren erabili behar: 1.- Siglak edo ikurrak osatzen dituzten izen arruntak 2.- Arteak eta zientziak 3.- Jentilizioak eta pertsona-izenetatik eratorritakoak 4.- Jaiak 5.- Farmako generikoak 6.- Hilak, urtaroak eta asteko egunak 7.- Monetak 8.- Herriak, etniak, hizkuntzak 9.- Konposatu kimikoak, aleazioak, mineralak 10.- Lurreko eta atmosferako geruzak 11.- Haizeak 12.- Arte, filosofia eta lietarutako genero, estilo, joera eta konposizio motak 13.- Musika-notak 14.- Leku- edo pertsona-izenen ondoan, atributu gisa, edo haien ordez erabiltzen diren ezizenak 15.- Ideologia, etika edo erlijioaren ikuspuntutik goresgarritzat hartzen diren ideia eta terminoak edo idazlearen ikuspegitik itzal edo garrantzi handikoak direnak 16.- Ekonomia eta politikako sektoreak eta klaseak 17.- Erlijioak eta jarraitzaileak 18.- Kargu ofizial eta akademikoak eta tituluak 19.- Letra larriz idazten diren hitzetatik eratorritako hitzak

05/10/2009 GMT 1

Kaleen izenak

martinez @ 06:58
 
 
 
Kale izendegiak: izenak hautatzeko irizpideak eta erabiltzeko arauak

Iturria: www.erabili.com

Nik laburtuta.

Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak antolatuta, "Toponimia gizarteratzea: aukerak eta egindako lana" izeneko ikastaroan (Durango, 2009-6-4) Mikel Gorrotxategik emandako hitzaldia irakur dezakezue jarraian.

Atarikoak

a) Izenen aukeraketa. Toponimoak pertsona izenak?

Izendegi bat osatzean lehenengo puntua izenen aukeraketa da. Euskal Herrian ez dago hori arautzen duen legerik, baina nazioartean badira lege batzuk nola edo hala alde hau ukitzen dutenak.

  • Gomendio nagusia tokian tokiko izenak (toponimoak) erabiltzea da. 2007an Izen Geografikoen Normalizazioari buruzko Nazio Batuen 9. Konferentziak ebazpenean toponimoak kultura-ondare ukiezinaren parte direla zehazten du.
  • Ondorioz pertsona izenen erabilera murriztu beharko litzateke, Nazio Batuen aholkua jarraiki. Aipatutako erakundeak bi proposamen ditu, bizi direnen izenak ez erabiltzea eta heriotzatik erabili arte epe bat jartzea.

Bigarren arau hori leku askotan dago indarrean. EE.BB-etan eta Kanadan, besteak beste, debekatuta dago legez bizirik dagoen inoren izena erabiltzea. Lehenengo kasuan hamar urte eman behar dira hiltzen denetik izena erabili arte, Kanadan berriz urte osoa nahikoa da espedienteari ekiteko. Suitzan eta Nicaraguan ere antzeko legediak daude. Lege hauen helburua jende ezagunaren, kirolarien, kantarien eta abarren heriotzak dakarren beroaldia baretzea da.

b) Estandarizazioa zertarako?

Nazio Batuek azpimarratu dute estandarizazioaren beharra, besteak beste, arrazoi praktikoengatik. Baina ez da bakarrik, eta hemen aipatutako gomendio horiek labur gelditzen dira, arautu behar, normalizatu ere egin behar da.

Kontzeptu bi horiek argi eduki behar dira.

Arautzea maila landuari dagokio, idazteari batik bat, eta izen horiek erabilera estandarra finkatzean datza: Bilbo edo Idiazabal.

Normalizatzea izenaren egoera soziolinguistikoari dagokio eta izen hori ongi erabiltzea litzateke. Lehen aipatutako kasuetan Idiazabal ongi normalizatuta dago. Hiztunek ezagutu eta erabiltzen dute, nahiz eta inguruan ahoz Izaal modukoak arruntak izan. Izena ofiziala ere bada. Bilbo, ere, nahiko normalizatuta dago, nahiz eta, harrigarria bada ere, ofiziala ez izan.

c) Proposamenak egiteko aukerak

Biderik eraginkorrena udalak Hirigintzara jotzea da. Bertan, kalea eraikitzeko espedientearen barruan edukitzen dituzte espropiatutako lurren dokumentazioa eta izenak agertzen dira. Bat baino gehiago ageriko balitz egokiena hautatu beharko litzateke. Izena aukeratze lan horren barruan idazkera egokia zein den ere aztertu beharko dugu.

Eredua izan zen garai batean Getxo. Bertako toponimoak erabiltzen zituzten kale berriak izendatzeko eta izenik ez zegoenean herrian bertan galdutakoak berreskuratzen zituzten, hala nola desagertutako baserriak. Hau aski ez zenean mendi izenak erabiltzen hasi ziren, izen hauek erabat neutro eta hizkuntza bietan erabilgarriak zirelako.

d) Hiritarren parte-hartzea

Aukera hau bereziki baliagarria dela izenak aldatzeko, ez berriak jartzeko.

1. Kale, plaza eta besteen izenak

Komeni da izen bakarra jartzea. Izen bikoitza bakar bakarrik onartuko dela desberdinak direnean, Donostia / San Sebastián edo Askatasuna / Libertad modukoetan bezala.

Izenak finkatzean erabilgarritasuna bilatzen saiatu behar da. Hori dela eta, izenak bortxatu gabe, hizkuntza bietan ahalik eta hurbilenekoak aukeratzen ahalegindu gara.

Arrazoi beragatik inoiz azaltzen diren izen luzeak eta erabilgaitzak, bereziki generikoa baduten izenekin, erraztera jo dugu. Generikoa dutenek arazo bi sortzen dituzte: batetik izenak bikoizten dira, generikoak desberdinak izateaz gain joskera dela-eta lekune bana hartzen dutelako (Calle del Doctor Begiristain / Begiristain Doktorearen kalea); bestetik generiko horiek gehienetan eguneroko jardueran desagertu egiten dira, jendeak izen berezia baino ez baitu erabiltzen. Hori dela-eta, nahiz eta proposamenean azaldu, izen ofiziala aldatzea erakunde honi ez, baizik udal agintariei baitagokie, izen generikoa kentzea proposatzen da, hortaz Begiristain kalea / Calle (de) Begiristain.

1.1. Izen bereziekin

Egitura orokorra honako hau da: [ Izen berezia + kalea ]. Adibidez: Aizkorri kalea, Ibaeta plaza, Castelao kalea, etab. eta ez *Aizkorriren kalea, *Ibaetako kalea edo *Castelaoren kalea. Beraz ez da gaztelaniaz maiz agertzen den de preposizioa itzuliko: Calle de Cervantes / Cervantes kalea, Xabier Lizardi kalea, etab.

Gaztelaniazko kale-izenetan lehenbiziko osagaian bertan batzuetan de preposizioa agertzen da izena eta deitura lotuz, (Telesforo de Aranzadi, Juan de Antxieta...). Horrelakoetan, preposizioa kendu egin dugu gehienetan, beregainki tradizio luzerik ez dutenetan: Telesforo Arantzadi, Juan Antxieta, e.a. Erdal deituretan, ordea, de hori gorde egin dugu: Antonio de Sucre kalea, Diego de Rojas kalea. Besterik da, jakina, deitura konposatuetan agertu ohi diren de hori: Torcuato Luca de Tena, esaterako. Hauetan preposizioari eutsi egin zaio, deituraren parte delakoan.

1.2. Izen arruntekin

  • 1.2.1. Izen elkartu gisa

    Konstituzio plaza, Foru pasealekua, Dendari kale, Merkatari plaza, etab. Eta ez Konstituzioaren plaza, Foruen pasealekua edo Dendarien kalea gramatikalki egokiak badira ere.

  • 1.2.2. Genitibo markarekin

Hala ere, zenbaitetan, ez zaigu iruditu bidezko artikulua ezabatzea. Izan ere, batzuetan, sintaxiak hala eskaturik, genitiboaren hondarkia nahitaezko gertatzen da: Probostuen plaza / Plaza de los Probostes, Agirre Lehendakariaren kalea / Calle del Lehendakari Agirre, esaterako, Arbos Musikariaren pasealekuaAreiltza Doktorearen kalea, e.a.

Hala ere, gorago esan bezala, erabilerak generikoa desagertarazi duenean hobe da izen berezia soilik ematea: Jose Elosegi kalea, Areiltza kalea, etab. Ez da horrelakorik proposatzen generikoa kentzea nahasgarria izan daitekeenean, izen berezia errepikatzen den kasuetan esaterako. Horren adibidea Jauregi kalea eta Jauregi Jeneralaren kalea lirateke. Gogoratu bestalde, egungo erabilera ofiziala ez dela bat ere sistematikoa eta era askotan ager daiteke: deitura soila (Elhuyar), deitura bi (Agirre Miramon), deitura eta generikoa (Arbos Musikaria), izen deitura (Arturo Campion) eta izen deitura eta generikoa (Doctor Klaudio Delgado).

Genitibo marka ezin ezabatua gertatzen da, orobat, artikulua nahitaezkoa dugunean: Abuztuaren Hogeita Hamaikako kalea(6), Alfontso VIII.aren kalea, Ternuako Arrantzaleen kalea.

  • 1.2.3. Leku-genitiboarekin

    Batzuetan, -kasu gutxitan, egia esan- deizioak leku bati erreferentzia egiten dionez gero, -en genitiboaren ordez, -ko leku-genitiboa izango dugu. Ategorrietako galtzada zaharra, Areatzako zubia, Amaragañeko kalea, etab. Nongo kasua erabiliko da bestalde zubi edo tunel izendatzean, hori baita erabilera jatorra.

    Baina betiere, sintagma mugatua dugun neurrian, hondarkia (-en nahiz -ko) agerian izango da: *Gurutze Zuria kalea ez, Gurutze Zuriko kalea; *Doktore Begiristain kalea ez, Begiristain doktorearen kalea, baizik.

1.3. Kale izena toponimo zahar bat denean

Horrelakoetan izena bere horretan errespetatzen da, forma ihartutzat emanez. Horrek esan nahi du batzuetan artikuluarekin agertuko dela eta beste batzuetan artikulurik gabe. Nolanahi ere, kasu batean eta bestean hitza oso-osorik gordeko da, izen berezia balitz bezala. Horrela, Errotaetxea kalea edo Urartea kalea, alde batetik, eta Illunbe kalea bestetik.

1.4. Bide osagaia duten kaleak

Hauetan, bide osagaiak aski informazio ematen duenez, kale hitza ez idaztea gomendatzen da. Batzuetan artikuluarekin emango da: Amezketabidea, Agitibidea, etab., eta beste batzuetan artikulurik gabe: Aldapabide, adibidez. Horren arazoia berezko erabilera da, bide-dun toponimoak horrela ibiltzen direlako. Oro har, toponimoa berria denean artikuluarekin emango da.

Bide osagaia aurreko hitzari itsatsia idatzi behar da, Altxuenebidea, Errotazarbidea, Murgilbidea, salbu ezkerreko elementu hori bi hitzez edo gehiagoz osatua egon edo gaztelaniazkoa denean. Adibidez: Elbira Zipitria Andereñoaren bidea edo Aingeru Zaindariaren bidea.

Bideak nondik norakoa aipatzen duenean, berriz, ohikoa izan da Arkaia-Otazu bidea moduko egitura erabiltzea.

1.5. Letra moldeen erabilera

Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz ez bezala, generikoa atzean doa eta hitz hasieran ez doanez letra xehez idatzi behar da, izen berezia ez bada Kale Txikia edo Plaza Barria kasuetan bezala. Izenaren gainerako osagai guztiak espezifikotzat jo behar dira eta letra larriz idatzi, barnean generikoa badago ere. Hortaz Alamedako Markesaren plaza edo Arteta Margolariaren kalea eta ez *Arteta margolariaren kalea edo *Arteta Margolariaren Kalea.

2. Pertsona izen-deituren grafia

Dudarik ez dago arlo hau dela korapilatsuena eta zailena ebazteko. Bidezkoena hizkuntza bakoitzari berea ematea denez deiturak jatorrizko hizkuntzaren idazkeran emango dira, inguruko auzo hizkuntzetan egiten den bezala, Nebrixa>Nebrija.

Hala ere Espainia edo eta Ameriketan euskal deitura dutenak ugariak izanik gogorra litzateke haiei ere aldatzea, Bolivar askatzailea, esaterako, eta horrelakoetan bere horretan uztea proposatzen da. Gauza bera gertatzen da garaikideak izan eta deitura euskalduntzeko aukera edukirik ere euskaldundu ez dutenekin (Gabriel Celaya edo Pío Baroja modukoak).

Ponte izenen kasuan berriz jabeek erabili zuten moduan jartzea erabaki zen, izen bikoitza, hala erabili zutenentzat gordez. Hala ere Euskal Herriko zenbait pertsonaia historikoren kasuan bidezkoa da euskaraz ematea, Bernat Etxepare, konparaziorako. Ez da gomendatzen mende honen hasierako idazkera. Beraz, Uriarte’tar Joseba Andoni-ren ordainez, Jose Antonio Uriarte emanen da.

2.1. Erdal izenak

Oro har, erdal izen-deiturak, dauden-daudenean utzi behar dira: Calle Ignacio Mercader / Ignacio Mercader kalea, Calle Ramon y Cajal / Ramon y Cajal kalea, Calle Arturo Campion / Arturo Campion kalea.

Dena dela, azentuari dagozkion seinu diakritikoak, hots tilde ikurrak ezaba daitezke.

2.2. Euskal izen-deiturak

Gorago esan bezala euskal deiturak euskal ortografiarekin eman dira, soil soilik. Ponte izenak, berriz, bere horretan utzi dira, idazkera bikoitza pertsonaia historikoa izan edo hala erabili zutenentzat utziz. Beraz: Calle Isidro Antsorena / Isidro Antsorena kalea, Calle Javier Barkaiztegi / Javier Barkaiztegi kalea, baina Calle Bernat Etxepare / Bernat Etxepare kalea, Calle Juana de Albret / Joana Albret kalea, etab.

3. Leku izenen idazkera

3.1. Euskal leku izenen idazkera

Euskal toponimo batez osatutako izenak, euskal grafiara egokitu dira, izen bakarra emanez: Zarautz, Zuhatzu, Munaitz, etab.

Aurreko irizpidearen salbuespena hizkuntza bietan tradizio desberdinak daudenean gauzatu da eta honelakoetan biak eman dira. Beraz, Nafarroa Beherea kalea / Calle Baja Navarra, etab.

3.2. Hitz arrunten itzulpena

Erdal izen arruntak (Ferrerias, Marina, Astilleros etab.) euskarara itzulita eman dira: Oleta kalea (ez Olaeta), Itsas kalea, Ontzitegi kalea, etab.

Badira, ordea, beste deitura berriagoak, erakunderen bati dagozkionak (Ur Zaleak, etab.), hauek izen berezitzat har daitezke eta, horrenbestez, tradiziorik ez den bitartean, ez dugu ukitu beharrik ikusi.

4. Santu izena duten kaleak

Gure tradizioan, bai literaturan, bai onomastikan eta bereziki hagiotoponimian horrela agertzen diren santu izen zaharrekin, aposizio honetaz horniturik azaltzen direnekin(7), Done, Dona erabiltzea gomendatzen da, San, Santa adjektiboak gainontzekoentzat utziz. Hortaz, Done Bikendi kalea, Done Eztebe kalea, Done Joan kalea, baina San Frantzisko kalea. Kristoren ama izendatzeko Andre Maria hobesten da, baina Andra erabiltzen den inguruan azken hau ere erabil daiteke arauan zehazten den bezala.

5. Kale edo plaza hitza aipatu gabe aritu behar denean nola joka?

Errotulaziotik aparte, "kale" hitza eman gabe hitz egin nahi denean, toponimoak, izen sintagma normaltzat deklinatu beharko lirateke: baldin artikulua badute, artikuluarekin (Harrian, Harriko, Harritik, etab.) eta ez badute, gabe, izen propio gisa: Gaztelubiden, Gaztelubidetik, etab.

Pertsona izena duten kaleetan ere, izen hori osorik hartuko da: Antonio Gaztañetan, Nemesio Otañotik, etab.

Baina izen elkartu modura eratutako izenetan (Konstituzio plaza, Foru pasealekua, Bake plaza, etab.) arazoa sortzen da. Izan ere, kasu batzuetan pluralean eman beharko litzateke: Foruetan; beste batzuetan berriz singularrean Konstituzioan. Beste zenbaitetan, azkenik zentzugabekeria litzateke generikoa kentzea: Bakean, Geltokian edo Eskolan esaterako. Hortaz, izen elkartu gisa emandako kale izenetan ezin da generikoa (kale, plaza, etab.) kendu: Posta kalea, Foru plaza, Iturri kalea, etab.

Bestalde, eta hau inportantea da, sarritan helbideak jartzerakoan, ez da "kale" hitza agertzen. Orduan, absolutiboan emango da kalea: Done Bladi, 4; Joan XXIII.a, 3; etab. Baina Konstituzio plaza, 5; Foru pasealekua, 12, etab.

6. Azken oharrak. Xaflen diseinua bideratzeko irizpideak

Euskara eta gaztelania, hitz ordenari begira, aski desberdinak direnez, biderik egokiena hizkuntza bakoitzari bere xafla eskaintzea da. Leku askotan plaka bakar batean eta sarritan elkarren hurren eman dira kale izenak Avenida de Algortako etorbidea, esaterako, erabilera okerrak (batez ere gaztelaniaz) sortuz: "vivo en la calle Algortako". Beraz egokiena holakoetan xafla bitan ematea da.

Bestalde, euskaraz artikulua eta kasu marka hondarkian bat eginik azaltzen baitira, ezin daitezke bi osagaiak berezirik idatzi, gaztelaniazko de preposizioarekin gertatzen denaren kontra. Hori dela-eta Antso Jakituna-ren kalea moduko idazkerak okertzat aitortuko ditugu. Holakoetan bereiz liteke Antso Jakitunaren kalea moduko idazkerak erabiliz, baina sistema honek ez luke balioko pluralerako, pluralean artikulua eta genitibo marka bat eginda agertzen baitira. Nafarroako Errege-erreginen kalea-ren kasuan, adibidez. Aurrekoa ikusita bereizketarik ez egitea proposatzen da.

MIKEL GORROTXATEGI NIETO Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkaria da

  • Estreinekoz Plazaberri agerkari digitalean argitaratua (2009-6-22)

Oin-oharrak

  • (6) Abuztuaren Hamaika kalea ere egokia bada ere, gaur egun usadio zabalduena denbora marka erabiltzea denez horrela proposatzen da.
  • (7) Dona: Alodia, Grazia / Garazi, Julia, Maria, Mariana, Pia. Done: Agustin, Bikendi/Bizente, Blas/Bladi, Emiliano/Millan, Erroman, Eztebe, Felix, Fruktuoso/Murtuts, Jakue (Donejakue bidea Compostelara zihoan bidea izendatzeko), Joane (Donibane), Julio, Jurgi, Kosme, Kristobal / Kristobare, Laurendi, Leon, Martie / Martin, Martzelo, Meteri, Mikel, Paulo, Pelaio, Petri, Salbatore, Saturdi, Sebastian, Tomas eta Zipriano.

02/10/2009 GMT 1

Saroi

martinez @ 06:49

Saroi, euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko sistema berria

Iturria: www.erabili.com

Errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko Saroi izeneko sistema berria garatu du Maite Oronoz EHUko ikertzaileak. Saroi tresna orokorra da, erroreen tratamendua egiteko ez ezik, analisi-zuhaitzetako egituren gaineko kontsultak egiteko eta zuhaitz horietan egitura linguistikoak bilatzeko balio duena.

Errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko dauden tresnen analisia egin du Maite Oronozek bere doktore-tesian. Testuinguru zabaleko erroreak detektatzeko -adibidez, komunztadura-erroreak- esaldiaren analisi-zuhaitza arakatzea beharrezkoa da. Horretarako tresna aproposik ez du aurkitu ikertzaileak, eta, horregatik, Saroi tresna sortu du. Saroik errore sintaktikoen tratamendua egiten du, eta, gainera, analisi-zuhaitzen egituren gaineko kontsultak egiteko eta zuhaitz horietan egitura linguistikoak bilatzeko ere balio du.

Saroi tresna erabilerraza eta malgua da, eta maila desberdinetako hizkuntza-ezaugarriekin lan egiteko gai da -morfologia, morfosintaxia, sintaxia, etab-. Egilearen esanetan, hizkuntzalaritzarako lan-tresna egokia eta erabilgarria izan daiteke.

Tesiaren egilea eta Saroiren sortzailea Maite Oronoz Anchordoqui da, eta bere lana Euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko baliabideen garapena: datak, postposizio-lokuzioak eta komunztadura izenburupean aurkeztu du. Ikertzailearen iritziz, euskararen egoera dela eta -estandarizazio-prozesuan dago, aberatsa da euskalkiei dagokionez, eta erdara indartsuek inguratzen dute- ohikoa da erabiltzaileek Euskaltzaindiaren arauetatik aldentzen diren hizkuntza-egiturak erabiltzea. Egitura zuzenetatik edo arauetatik desbideratzen diren egitura horiei errore deitu die tesiaren egileak.

Komunztadura-erroreak

Datetan, postposizio-lokuzioetan eta, batez ere, subjektu, objektu eta zehar-objektu funtzioa betetzen duten osagaien eta aditzaren arteko komunztaduran gertatzen diren erroreak detektatu ditu ikertzaileak ikerketa-lanean.

Errore horien bila corpus erroredunak zein zuzenak automatikoki analizatzeko, EHUko Informatika Fakultateko IXA taldearen analisi sintaktikorako prozesua erabili du Maite Oronozek, eta informazio linguistikoa adierazteko, berriz, XML bidezko oharpen-sarea.

Erroreak detektatzeko eta zuzentzeko erabiltzen diren teknikei gainbegiratu zabala eman ondoren, hizkuntza-ezagutzan oinarritutako teknikak erabiltzea erabaki du Oronozek. Hala, testuinguru lokaletan -segidan dauden bospasei hitzeko eremuetan- gertatzen diren erroreak detektatzeko eta zuzentzeko, hizkuntzaren tratamendu automatikoko bi tresna ezagun erabili ditu: Xerox Finite State Tool (XFST), datetako erroreak lantzeko, eta Murriztapen Gramatika (MG), postposizio-lokuzioen erabilera okerrak tratatzeko.

Egileari buruz

Maite Oronoz Anchordoqui (Hondarribia, 1972) Informatikan lizentziatua da. IXA taldeko ikertzailea da 1996az geroztik, eta EHUko Informatika Fakultateko irakasle laguna da 2001etik hona. Bere lana EHUko Informatika Fakultateko Lengoaia eta Sistema Informatikoak saileko Arantza Díaz de Illarraza eta Koldo Gojenola irakasleen zuzendaritzapean egin du.

14/07/2009 GMT 1

Eskaintza berriak Euskaltzaindiaren webgunean

martinez @ 08:56

 Iturria: www.erabili.com

 Euskaltzaindiak aukera berriak eskaintzen ditu www.euskaltzaindia.net webgunearen bi ataletan: Euskera agerkariari dagokionean, bai eta Iker/Jagon-tegiak sailean ere.

Hala, Euskera agerkariaren Interneteko hemerotekan hobekuntzak burutu ditu Euskaltzaindiak. 1980 eta 2004 arteko 2.296 artikulu jada digitalizatuta zeuden eta Interneten eskuragai. Orain, artikulu horiei OCR (Optical Character Recognition; euskaraz, karaktere-ezagutze optiko) teknika aplikatu zaie, eta horrela, bertatik testua eskuratzea errazagoa da webguneko bisitariarentzat. Gainera, bilaketak egiteko euskarri hobea eskaintzen du.

Euskera agerkaria Euskaltzaindiaren aldizkari ofiziala da eta 1919tik hasita argitaratzen da, bi etenekin: 1938-1952 eta 1954-1955. Akademiaren lan eta agiriak jasotzen ditu eta, orobat, hainbat egileren artikulu eta txosten akademikoak.

Bestalde, webgunearen Jagon eta Iker sailetan dauzkan argitalpen digitalen eskaintza berritu eta ugaritu du Euskaltzaindiak. Izan ere, hemendik aurrera, lehendik zeuden lanei beste 36 argitalpen erantsi zaizkie.

  • Iker Sailari dagokionez, Hiztegigintza arloan Aita Pierre Lhanderen Hiztegia, 1926ko edizioa, azpimarratu behar da.
  • Gramatikari dagokionez, Resurrección Maria Azkuek 1925ean argitaraturiko Morfologia Vasca da aipagarria.
  • Dialektologian, Louis Lucien Bonaparte printzeak euskaraz argitaraturiko ia lan guztiak biltzen dituen Opera Omnia Vasconice argitalpena aurki daiteke, faksimil edizioan.
  • Literatura arloan, "Euskararen Lekukoak" bilduma osoa, euskara eta euskal literaturaren historia ikertzen laguntzeko oinarrizko testuen bilketa, jarri da ikusgai.
  • Jagon Sailean, soziolinguistika alorreko lan batzuez landa, euskararen erregistroen trataera lantzen duen Jagon bildumaren 6. zenbakia -Zenbait orientabide erregistroen trataeraz- erabiltzaileen esku jarri da.

24/04/2009 GMT 1

Zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitazioari buruzko Dekretua aurkeztu dute

martinez @ 09:40

Nire lehenengo erreakzio alpertsua: beste titulu bat atera behar! Hau nekea eta nagia! 

Iturria: www.erabili.com

Dekretuak gaikuntza profesionala arautuko du, bai euskaratik beste hizkuntzetarako eta bai beste hizkuntzetatik euskararako itzulpen eta interpretazio lanetan jarduteko; eta, bestetik, lanbide honetarako gaituak daudenen erregistroa osatzeko.

Zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitazioari buruzko Dekretua aurkeztu zuten herenegun (2009-4-22) Donostian, bezperan Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak onartu ondoren. Dekretu honen xedea da, batetik, zinpeko itzultzaile eta interprete gisa aritu ahal izateko gaikuntza profesionala arautzea, bai euskaratik beste hizkuntzetarako eta bai beste hizkuntzetatik euskararako itzulpen eta interpretazio lanetan jarduteko; eta, bestetik, lanbide honetarako gaituak daudenen erregistroa osatzea. Habilitazioa lortzeko lau bide daude: probak gaindituta, Interpretazio eta Itzulpengintzako unibertsitate-ikasketak baldintza jakin batzuetan eginda, Espainiako Kanpo Arazoetarako Ministerioaren tituluaren jabe izanda, eta esperientzia profesional zehatz bat edukita.

"Dekretu hau onartu izana jauzi garrantzitsua da ikuspegi ugaritatik begiratuta", nabarmendu zuen Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, ondoan Jon Urrutia Mingo, IVAP erakundeko zuzendaria; Andoni Sagarna, Euskaltzaindiko zuzendaritzako kidea eta Iker saileko burua; Jon Irazusta, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea; Bakartxo Arrizabalaga, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (EIZIE) presidentea; eta Erramun Osa, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako (HPS) Koordinaziorako zuzendaria zituela.

Baztarrikak azpimarratu zuen dekretu honi esker lege, justizia, administrazio eta ekonomia arloetako harremanak "gero eta nazioartekoago bihurtu" diren bezala, euskara bera ere "hizkuntza nazioartekoagoa" dela. Xehetu zuenez, dekretu honen argitan, "euskara hizkuntza normalizatu, moderno eta bizi-indardunen multzoan jartzeko beste urrats bat gehiago eman da. Aurrerapauso kualitatiboa. Izan ere, euskararen erabilera ofiziala administrazioarekiko harremanetan bezala enpresa munduko harreman komertzial eta ekonomikoetako kontratuetan sendotzeko pausoa baita". Era berean, gaineratu zuen dekretuari esker euskarako itzulpen eta interpretazio juridiko, judizial eta ekonomikoen "segurtasuna eta ofizialtasuna bermatzen eta indartzen" direla. Halaber, bere ustez, euskarako itzultzaile eta interpreteentzako gaikuntza profesional berri bat "finkatzen da unibertsitatean itzulpen eta interpretazio ikasketak egiten ari direnentzako" eta "gure autogobernuaren garapenerako urrats bat da".

Eskaria areagotzen

10/1982ko Euskararen Oinarrizko Legearen 12. artikuluaren haritik, otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuak Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala sortu eta arautu zuen. Harrezkero Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arduratu da euskararako eta euskaratik gaztelaniarako itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetasun juridikoa ziurtatzeaz, dokumentuek itzulpen ofiziala behar zutenean. Gaur egun, baina, eskaria areagotu denez, herritarrei zerbitzu hobea eta iristerrazagoa ziurtatzearren, komenigarria da eginkizun hori profesional prestatu eta habilitatuek ere bete ahal izatea. Komenigarria da euskarako zinpeko itzultzaileak habilitatzea, eremu publikoan ez ezik eremu pribatuan ere jardun dezaten.

Aipatutako itzultzaile eta interpreteen lanbide-habilitazioak ahalbidetuko du euskararen erabilera, eta, aldi berean, gaztelaniarekin ez ezik gainerako hizkuntzekin ere parekatzeko bidean jarriko du euskara bera, herritarren eskubide eta betebeharrei dagokienez. Halaber euskararen erabilera erraztuko du lege, administrazio nahiz ekonomi arloetako agirien prozeduretan, hauek inoiz euskara ofiziala den lurraldeetatik kanpokoak direnean edo bertan eragiten dutenean.

Dekretuaren aurrekariak

Baztarrikak azaldu zuen urte asko pasa direla Euskadiko Autonomia Erkidegoan zinpeko itzultzaile eta interpreteen figura sortu nahi izan zenetik gaurdaino. "Ez da atzo goizeko kontua zinpeko itzultzaile eta interpreteena. 1982ko Euskararen Legearen 12.1. artikuluan aurreikusi zen lehen aldiz ("Jaurlaritzak araupetuko ditu bi hizkuntzen arteko zinepeko itzultzaile-titulua lortzeko eta emateko baldintzak" / "El Gobierno regulará las condiciones para la obtención y expedición del título de traductor jurado entre las dos lenguas oficiales"). Auzitegi Konstituzionalak, ordea, Lege horren kontra Espainiako Gobernuak jarritako ez-konstituzionaltasun errekurtsoari buruz 1986an emandako epaian ez-konstituzionaltzat jo zuen aipaturiko 12.1. artikulu hura, eta anulatu egin zuen. "Titulu akademiko ofizial" moduan hartu zuen zinpeko itzultzailearena Auzitegi Konstituzionalak eta, 1986ko epaian zioenez, Erkidego Autonomoarena ez, baizik eta Estatuarena omen zen "titulu akademiko ofizialak" sortu eta emateko baldintzak finkatzeko eskumena. Harrezkero -1986tik 2009ra bitartean, alegia- "linboan" egon da zinpeko itzultzaileen kontu hau, ez aurrera ez atzera".

Auzitegi Konstituzionalaren 1986ko epaiaren ondoren, 1980ko hamarkadaren bukaeran hain zuzen ere, Espainiako Gobernuaren Kanpo Arazoetarako Ministerioak euskarako zinpeko itzultzaile titulua emateko deialdia egin zuen. Gutxi gora behera 12 itzultzailek eskuratu zuten titulua. Geroztik, ordea, ez da izan inolako aukerarik euskarako zinpeko itzultzaile titulua lortzeko. Zehatzago esanda: Espainiako Gobernuak 1992an eta 1996an onartu zituen bi Errege-Dekretutan zinpeko itzulpena eta interpretazioa soilik "atzerriko hizkuntzei" buruz arautu zuen, arautu gabe utzi zituelarik gaztelania ez diren Espainiako "beste hizkuntzei" legokiekeen zinpeko itzulpena eta interpretazioa. Horrela, bada, euskarako zinpeko itzultzaile titulua arautzea ustez legokiokeen Espainiako Gobernuak 1992tik aurrera bere egitekoetatik kanpora utzi zuen kontu hau. Lehen esan bezala, beraz, 1982an hasi eta Auzitegi Konstituzionalak atzera botatako kontu hau "linboan egon da urte hauetan guztietan", gehitu zuen Baztarrikak.

Sailburuordeak esan zuenez, Euskararen Legearen eskutik 1982an hasi zen bide hartan, baina gerora Auzitegi Konstituzionalaren 1986ko epaiak eragin zuen iluntasunean, argia piztu dela, eta arazo juridiko hura gaindituta geratu dela. Auzitegi Konstituzionalak berak ireki zuen arazoa gainditzeko bidea. Lehen urratsa 1989ko epaiaren eskutik eman zuen, eta behin betikoa 1993ko 111/1993 epaiaren bidez. Izan ere, epai honetan elkarren artean bereizi egin baitzituen "titulu akademiko ofiziala" eta "gaikuntza ofiziala". Auzitegi Konstituzionalaren arabera, "titulu akademiko ofizialak" arautzea Estatuaren eskumena da; ez, ordea, jarduera profesional jakin baterako "gaikuntza ofiziala" arautzea. Jarduera profesional batean aritzeko "gaikuntza ofiziala" litzateke zinpeko itzultzaile- eta interprete-habilitazioak egiaztatzen duena. Eta hori, euskararen kasuan, Erkidego Autonomoaren eskumena da.

Zergatik eta zertarako dekretu hau: balorazio orokorra

Hogei eta piko urte hauetan guztietan, 1982ko Euskararen Legeko 12.2. artikuluan aurreikusitako Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO) izan da zinpeko itzultzaileei dagozkien egitekoak neurri batean beregain hartu dituena. Gaur egun, ordea, euskararen erabilerak aurrera egin ahala eta inoiz bereak izan ez dituen hainbat esparrutan ere (bereziki esparru sozio-ekonomikoan) bere presentzia etengabe areagotzen ari denez, herritarrei eta enpresei zerbitzu hobea eta eskuragarriagoa bermatzeko komenigarria da prestaketa handiko profesionalak habilitatzea, euskarako zinpeko itzultzaileak eta interpreteak habilitatzea, alegia, eremu publikoan ez ezik eremu pribatuan ere euskaratik beste hizkuntzetarako edo beste hizkuntzetatik euskararako itzulpen eta interpretazioen fideltasuna, zehaztasuna eta ofizialtasuna bermatuko duten profesionalak.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aurkezpenean berretsi zuenez, herritarrek eta enpresek egiten duten euskararen "erabilera ofiziala normalizatzen lagunduko du" dekretuak. "Zuzenbide, justizia, administrazio, ekonomia eta beste hainbat arlotako harremanak gero eta gehiago ari dira nazioarteko bihurtzen. Euskarak harreman horietan ere balio osoarekin presente behar du. Hala izango bada, zehaztasun osoko itzulpenak behar ditugu, euskaratik beste hizkuntzetara eta alderantziz, batez ere lege, administrazio eta ekonomi arloetako testu, kontratu eta jardueratan".

Baztarrikaren arabera, zehaztasun eta ofizialtasun hori "bermatuko" duten profesional "habilitatuak behar ditugu: horiek dira zinpeko itzultzaile eta interpreteak". Habilitazio profesional horri esker, arlo horietan euskararen erabilera bultzatzeaz gain, euskara gaztelaniarekin ez ezik gainontzeko hizkuntzekin parekatzeko bidean jarriko dugu. Era berean, euskararen erabilera erraztuko da lege, administrazio eta ekonomi arloetako agirietan eta prozeduretan, agiri eta prozedura horiek euskara ofiziala den lurraldeetatik kanpo burutzen direnean.

Baztarrikak adierazi zuenez, dekretu honi esker lege, justizia, administrazio eta ekonomia arloetako harremanak "gero eta nazioartekoago bihurtu" diren bezala, euskara bera ere "hizkuntza nazioartekoagoa da. Europako eta munduko hizkuntza ez da ingelesa: Umberto Eccok esan bezala, Europako -eta munduko- hizkuntza itzulpena da". "Horrexegatik euskarak ere presente behar du itzulpenean, eta horretarako primerako makulua izango da dekretu hau. Hala diote, gainera, Europatik datozkigun aireek. Izan ere, duela hilabete, joan zen martxoaren 24an, Europako Parlamentuak hizkuntza aniztasunari buruzko ebazpen sonatu eta garrantzitsu bat onartu zuen. Ebazpen horrek itzulpengintza -itzulpengintza teknikoa, barne- garatu beharra azpimarratzen du Europako Batasuna indartzeko estrategia erabakigarri gisa".

Orobat, azaldu zuen Microsoft-en sistema eragileetan edo Google-en zerbitzu eta aplikazioetan beste hizkuntzen ondoan "euskarari lekua eginez euskara munduko hizkuntzen lehen mailan jartzen dugun" bezala, zinpeko itzultzaile eta interpreteak habilitatzearekin ere "indartu egiten" dutela euskarak munduko beste hizkuntzen artean duen posizioa. "Munduan erabilienak diren eta normalizatuta dauden hizkuntza guztiek dituzte zinpeko itzultzaile eta interpreteak: gaurtik aurrera, baita euskarak ere. Alde horretatik ere pauso garrantzitsua da hau euskararen normalizaziorako".

Dekretuaren deskribapena

  1. Euskarako zinpeko itzultzaile eta interpreteen figura sortu eta beren habilitazio profesionala arautzen du Dekretuak.
  2. Zinpeko itzultzaile edo interprete habilitazioa dutenek eginiko itzulpen eta interpretazioei ofizialtasuna aitortzen zaie.
  3. Habilitazioa lortzeko lau bide daude: probak gaindituta, Interpretazio eta Itzulpengintzako unibertsitate-ikasketak baldintza jakin batzutan eginda, Espainiako Kanpo Arazoetarako Ministerioaren tituluaren jabe izanda eta esperientzia profesional zehatz bat edukita.
  4. Probetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da gutxienez diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitekto teknikoa edo baliokidea den beste tituluren baten jabe izatea. Probak euskarari eta zuzenbideari buruzkoak izango dira eta, gainera, itzulpenak eta interpretazioak egin beharko dira.
  5. Itzulpengintza eta Interpretazioko unibertsitate-tituluaren jabe direnek baldin eta, gainera, besteak beste, itzulpen edo interpretazio praktiketako irakasgaietan gutxienez 24 kreditu gainditu badituzte, probarik egin gabe eskuratu ahal izango dute habilitazio profesionala.
  6. Espainiako Kanpo Arazoetarako Ministerioak emandako euskarako zinpeko itzultzailearen izendapenaren jabe direnek ere inolako probarik gabe eskuratu ahal izango dute habilitazio profesionala.
  7. Lege, administrazio eta ekonomia arloetan hamabi urtez jarraian eta jarduera nagusi gisa jardun dutenek ere, probarik egin beharrik gabe eta merezimendu edo esperientzia profesionalaren bidez habilitazio profesionala eskuratu ahal izango dute. Kontuan harturik badirela hainbat eta hainbat profesional urte hauetan guztietan hartarako prestakuntza arauturik izan gabe itzulpengintza eta interpretazio lanbidean jardun dutenak, eta kontuan harturik neurri batean beraiek izan direla euskarazko hizkera juridiko eta administratiboa finkatu dutenak, beharrezkoa eta justiziazkoa iruditu zaigu meritu bidezko habilitazio-aukera hau ezartzea.
  8. Probak gaindituz habilitazioa eskuratzeko deialdia gutxienez hiru urtez behin egin beharko da. Lehen deialdia dekretua indarrean jarri eta gehienez ere urtebeteko epearen barruan egingo da.
  9. Esperientzia edo merezimendu bidezko habilitaziorako deialdia dekretua indarrean jarri eta gehienez ere bederatzi hilabeteko epean egingo da. Merezimenduen bidea apartekoa eta guztiz ez-ohikoa da, eta horrexegatik behin bakarrik erabili ahal izango da bide hau.
  10. Probetarako deialdiak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (edo une bakoitzean Jaurlaritzako hizkuntza politikaren eskumena duen organoak) eta IVAPek egingo dituzte elkarrekin, eta habilitazio-izendapenak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak edo une bakoitzean Jaurlaritzako hizkuntza politikaren eskumena duen organoaren arduradunak egingo ditu.
  11. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: HPSren (edo une bakoitzean Jaurlaritzako hizkuntza politikaren eskumena duen organoaren) ordezkaria izango da presidentea eta IVAPena presidenteordea. Epaimahaikide izango dira EHUk, EIZIEk eta Euskaltzaindiak proposaturik izendaturiko hiru ordezkari, eta HPSren arduradunak IVAPekin adostuta aukeraturiko sei bokal.
  12. Zinpeko itzultzaile eta interpreteen Erregistro ofiziala sortuko da, eta itzulpenaren eta interpretazioaren ofizialtasuna egiaztatzeko erabili beharko diren ziurtagiri-eredua eta zigilua ere araututa geratu dira dekretuan.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!