Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: gizartea

20/07/2007 GMT 1

Hara Frantzian zer dioten Espainiako ekonomiaz

martinez @ 17:56

le_monde2.jpgFrantziako Le Monde egunkarian argitaratu berri duen artikulu batek badio Espainian, emakumeak eta etorkinak pilaka laneratu direnez gero, behera egin duela bataz besteko ordainsariak: zehatzago, % 4, 1995etik 2005era bitartean.

Antza, Espainia da ELGEko (Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) herrialde bakarra horrelakorik eduki duena, zonalde osoan bataz besteko ordainsariak gora egin baitu: % 1,8 1995etik 2000ra eta % 0,7, berriz, 2000tik aurrera. Espainiako ekonomia arduradunek zehaztu dute horren kausa dela langile piloa laneratu izana kualifikaziorik gabeko eta soldata txikiko lanpostuetan.

Dena dela, azken urteotan Espainiako ekonomiaren pizgarrietako bat biztanlego aktiboaren hazkundea izan da, emakumeak eta etorkinak, esan bezala, trumilka laneraturik. 1995ean 12,4 milioi lagun lanpostudun zeuden Espainian eta 2007an, aldiz, 20,1 milioi daude.

Ekonomia bultzatzen duten sektoreak, hain zuzen ere, kualifikazio eta soldata txikiko langileak eskatzen dituztenak dira: zerbitzuak, ostalaritza, etab. Prekaritatea da nagusi horietan, eta oro har, Espainiako lan-merkatuan ere bai: lanpostudunen % 33k dute aldi baterako kontratua; eta 25 urtetik beherakoen % 60k.

Soldata txikiko sektoreek, bada, ekarri dute behera bataz bestekoa, kualifikazioko lanpostuak nekez ugaldu baitira eta produktibitatea, beste hainbeste.

Ondorio legez dio Le Mondek Espainiako lan-merkatuak abiada bi duela eta lanpostudunen erdiak baino ez duela hitzarmen kolektiboen babesa eta iraunkortasuna.

18/07/2007 GMT 1

Zierbenako emakumeen egoera

martinez @ 15:56

Zierbenako Udalak iker-azterlana egin du udalerriko emakumeen egoerari buruz, Ekintza Positiborako II. Udal Planaren oinarri eta abiapuntu gisara. Horren ondorioetako batek diosku enplegua eta prestakuntza direla Zierbenako emakumeen kezka nagusiak.

Azterlana 2007ko apiriletik ekainera bitartean prestatu da, udalerriko hogeita hamar lagunen iritziak entzunda. Andre-gizon horiek hiru taldetan antolatu dira, adinaren arabera.

Zierbenako alkateak nabarmendu du hortaz emakumeek gero eta prestakuntza hobea daukatela, ez teknika arloan, ordea; eta hori oztopoa izaten dela laneratzerakoan, batez ere Zierbenan, industria ugari dauka-eta.

Horiek horrela, Udalak irailetik aurrera, prestakuntza ikastaro batzuk antolatuko ditu, Muskizeko Lanbide Heziketa Ikastetxearekin batera, asmoa delarik enpresen beharrizanak kontuan hartu, emakumeen prestakuntza teknikoa hobetu eta errazago lanera daitezela.

Datozen urteotan Zierbenako portu aldean hainbat industria kimiko ezarriko denez gero, ezin da aukera alferrik galdu eta emakumeen prestakuntza enpresa horien beharrizanetara egokitu behar da ezinbestez.

Azterlanak halaber dio 50 urtetik beherako emakumeen kezka nagusiak, esan bezala, enplegua eta prestakuntza izanik, 50 urtetik gorakoenak, berriz, etxearen eta aisiaren inguruko kontuak izaten direla.

Pilar Dosal andreak, Bizkaiko Foru Aldundiko Genero Politikako idazkari nagusiak, oso garrantzizkotzat jo du udalen jarduna berdintasunari dagokionez, erabaki egokiak har baititzateke generoen arteko alde itzela gero eta meheago egiteko.

16/07/2007 GMT 1

Okupa eta irabazi!

martinez @ 17:28

Aspalditik hona neukan nik kalean ikusita sinbolo deigarri bat: Azkuna alkate jaun txit gorenak banatutako Bilboko B txurigorri hura, azpian hezur bi gurutzaturik, piraten banderaren moduan, zituela. Atzora arte, ordea, ez nuen jakin B hori Bilboko Okupazio Mugimenduaren (BOM) irudia dela eta horrela mugimenduak erantzun a eman nahi diola Udalaren kultur politikari.

BOM taldea 2002an sourtu zen, ama Bizkaiko gaztetzeen Koordinadorea zelarik. Hasiera batean lau gaztetxe baino ez zebiltzan elkartean; gaur, aldiz, hamaika dira, denak auzoetan kokatuta. Izan ere, auzoei begira jardun bahi dute, gatzak bestela egin nahian eta auzoetan egiten dutelako herritarrek bizimodua.

BOMekoek nahi dute jendea beldurrik gabe hurbil dadila gaztetxeetara eta ikusi dezan zertan ari diren: gehienbat auzoko bizimoduan parte hartzea. Badaukate eskalada tailer bat, beste bat malabarrena eta kultur ekitaldi batzuk antolaturik abuztuari begira.

Horrelakoak erakunde nagusiak prestatuta, baina, auzo bakoitzean herri bazkariak antolatu ohi dituzte, zine emanaldiak eta hitzaldi zenbait. Haien lokala, gainera, erabilgarri dago edonork bilera egin dezan. Olabeagan, kasu, ezkontza-bazkaria ere egin dute eta adin guztietako jendea elkartu zen. Olabeagan primeran konpontzen dira elkarrekin okupak eta auzo-elkartea.

Okupa talde guztiek nahi dute beren burua kudeatu: autogestioa, bada. Ekimena haiena da, sormena eta antolakuntza ere bai. Beraiek lortzen dute gaztetxeak antontzeko behar duten guztia eta herriko jaiak, kontzertuak eta bazkariak prestatzeko. Sinisturik daude erakundeen dirulaguntzen beharrik ez dutela: "Gazteok nahiko azkarrak gara, guk geurez nahi duguna egiteko."

Duda izpirik ez daukat.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!