Aurreko kapituluan esan genuen 1823an itxi ziotela ikastetxea Iturriagari eta irakasle gisa jardutea debekatu.
Orduan bere burua euskaraz janzten, alfabetatzen, hasi zen eta, horretan zebilela, 1830ean deia jaso zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietatik: euskara gainbehera zetorrelarik, zerbait egin beharra zegoela ikusten zuten Batzar Nagusiek eta euskara indarberritzeko plan bat erabaki zuten. Plan hori idatzi eta aurkeztea eskatu zioten, bada, Agustin Iturriagari. Baiezkoa eman zuen Agustinek eta bizpahiru urtetan jardun zuen horretan, Iztuetarekin eskuz esku.
Horretantxe ari zen, 1833an Lehen Karlistada lehertu zenean eta han bukatu ziren, aldi baterako, herri aginteen enkarguak. Gainera, herritik alde egin behar izan zuten Agustin Iturriagak, anaia Cayetanok eta zenbait lankide zaharrek, 1834an. Donostiara joan ziren lehenik eta Agustinek Iparraldera jo zuen hurrengo urtean. Han egon zen bost bat urtez, harik eta 1840an, gerra bukatuta, Hernanira itzuli zen arte.
Behin Hernanin, eliz lanak egiteaz aparte, hamar bat urte lehenago Batzar Nagusien enkarguz prestatu zituen ikasliburuak argitaratzeari ekin zion. Donostiako Baroja etxean argitaratzen saiatu zen, baina hirutik bakarra baino ez zuen lortu horrela argirtaratzea: Fabulua-ipuinen liburua. Beste biak, "Arte de aprender la lengua castellana" eta "Dialogo-jolasak" bere kontura argitaratu behar izan zituen. Beste hainbat liburu eta berak prestatutako hiztegia ere argitaratzeko asmoa zuen; ezin, ordea.
Dena den, ez zen hori ustekabekorik larriena izan, enfoke-aldaketa baizik. Iturriagaren langintzak bi helburu zituen: lehenik, euskara indarberritzea, eta bestetik, umeak gaztelania errazago eta probetxu hobez eskuratzeko bidean jartzea. Hernaniko ikasliburu biak, aitxitik, lehen asmoa gabe argitaratu ziren.
Hirugarren ustekabea ere izan zuen Agustinek; lehenengo bi liburu horien salmenta uste baino okerrago atera zitzaion. Suerte hobea izan zuen, nolanahi ere, hirugarren liburuarekin, fabula-ipuinei buruzkoarekin.
Ez zen horretara mugatu Iturriagaren jarduna 1840tik 1851ra. Juan Mateo Zabalaren aditz-liburuaren onespen-azterketan jardun zuen Iztuerarekin batean, San Inazioren martxa, ordura arte gaztelaniaz kantatu ohi zena, euskaraz jarri zuen eta errotulazio publikoan euskarari presentzia argia ematen hasi zen.