Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: gizartea

01/12/2007 GMT 1

Atzerritarrak pozik Euskadin

martinez @ 09:36

Euskadin bizi diren atzerritarrak pozik omen daude hemengo bizimoduarekin. Lauetatik hiruri ez zaio damutzen herria utzi izana; are gehiago, berdintxe egingo lukete, atzera jo ahal izanez gero. Hala dio behintzat Eusko Jaurlaritzako Inmigrazioaren Euskal Behatokiak (Ikuspegi) azaroaren 20an aurkeztutako ikerketa batek. Ikerketak badio halaber Euskadiko atzerritarren % 60k sekula ez edo oso gutxitan sentitu duela bere kontrako diskriminazioa. Era berean ez du arbuiorik sumatu, ez eta adierazpen negatiborik entzun ere.

Ikuspegiren txosten horren arabera, 107.000 bat atzerritar bizi dira Euskadin; biztanleriaren % 5 dira, beraz. Gehienek 2-5 urte bitartea eman dute hemen, boliviarrek izan ezik, duela gutxi iritsi dira-eta.

Txostena aurkezteko ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Inmigrazio zuzendariak, Roberto Marrok, azaldu zuen galde egindakoen % 70ek badiotela euskaldunok adeitasunez hartu dugula; % 3k, aldiz, jaso du erasoa edo iraina.

Horren pertzeptzioa, dena den, etorkinen nazionalitatearen arabera aldatu ohi da: asiar eta europarrek ongi harturik sentitzen dute; amerikarrak eta afrikarrak, ordea, ez dira hain baikor.

Gizarteratze-mailari dagokionez, gehienek uste dute ongi gizarteratu direla, eta are hobeto amerikarrek. Horregatik nahiko nuke gehiengoak hemen betiko bizi.

Bizimoduari ematen dioten bataz besteko kalifikazioa 6,96 da. Horretan ere daude hoberen amerikarrak (7,37); atzerago datoz asiarak (6,86), afrikarrak (6,57) eta europarrak (6,31).

batz bestez 810 euro kobratzen dute hilean. % 17,8 lanik gabe dago; ehuneko hori, beraz, askoz altuagoa da etorkinei bagagozkie, bertokoon kasuan baino (% 3-6). Lanpostua duten gehienek beste batzuen kontura dihardute; hamaretako batek bakarrik egin du bere negozioa; gehienbat txinarrek eta pakistandarrek. Langabetu gehienak afrikarrak dira.

Espainiako Lan eta Kanpo Arazoetarako Ministerioaren arabera, Euskadin 48.469 atzerritar zegoen 2007ko urrian Gizarte Segurantzan afiliaturik; urtearteko hazkundea % 17,8koa da.

26/11/2007 GMT 1

Laneko erasoa herri administrazioan

martinez @ 20:11

Bizkaiko Lan Ikuskaritzak eman du informazioa. Antzerako gauza gertatzen da goi-mailako agintari eta funtzionarioekin: oso gaitza da lanetik kalera botatzea; orduan, laneko erasoan ari ohi da, hark berak erababaki dezan joatea.

Herri administrazioan errazago egiten da, gainera, laneko erasoa edo "mobbing" delakoa. Zergatik? Lehenik, antolamendua eskasa delako. Bigarrenik, administrazio hain erakunde handi eta konplexua izanik, ardura desegin, urtu egiten delako. Hirugarrenik, plazarik gabeko langile askoren nagusiak betiko blindaturik daudelako.

Laneko Erasoaren kontrako Euskal Elkarteak badio langile asko dabiltzala negar batean administrazio bulegoetako komunetan.

Eraso mota krudelen eta suntsigarrienetako bat zereginik eza ezartzea da. Erasotako langileek bakar-bakarrik ematen dituzte lan-orduak, ezer egin gabe, egun batean eta hurrengoan, eta hurrengoan. Horrek kalte haundia egiten dio buru osasunari.

Laneko erasoaren arazo larriena da oso zaila dela frogatzea. Horregatik, gero eta biktima gehiagok grabatzen dute telefonoaz jasandako tratu iraingarria edo elkarrizketa argigarria. Epaitza batean Konstituzio Epaitegiak onartu egin zuen grabaketa horietako bat proba gisara. Jakin ezazue.

21/11/2007 GMT 1

Amatasuna

martinez @ 18:57

Begoña Martínez Domínguez: "¿Por qué tienen que seguir luchando las mujeres contra los tópicos y prejuicios sexistas?", in Emakunde, 2007ko iraila

(...) Genero-desberdintasunak handitu egiten dira tartean amatasuna sartzen denean.

(...) Hortaz interesgarria izango litzateke ikertzea zergatik diren gero eta gehiago amatasuna atzeratzen edo betiko errefusatzen duten emakumeak. Horren erantzun bat, ez bakarra, izan daiteke, horrela desberdintasuna sortzen duen baldintza biologikotik libratuko direlako ustea. Baina desberdintasuna ez du amatasunak sortzen, amatasunaren inguruko aurreiritziak baizik.

(...) Munduko eme guztiengan gertatu ohi da bizizaldia luzatuta, ama izateko aldia ere luzatzea. Paradoxazko samarra da giza-emea horrelakorik gertatzen ez den eme bakarra izatea.

(...) Egungo emakumeok 85 bat urtetan bizi gara bataz bestez eta horietako 83 bat eman ohi dugu ama izateak baldintzatuta, gestazioan, erditzean eta ditia ematen bi urte edo eman ohi dugulako. Gainera, hiru funtzio biologiko horietan bakarrik da emakumea ordeztezina; egun behintzat.

(...) Emakume batek ama izango den edo ez erabaki behar duen bizialdia lan garapen handienaren aldia da kasualitatez.

(...) Horretan ez da batere lagungarria askotan balore positibo batzuk negatibo batzuekin nahastea: afektibitatea, batetik eta alienazioa, sentikorregikeria, bere inetresak ahaztea, gizonezkoekin otzan jokatzea edo bizimodu publikoari uko egitea.

(...) Desberdintasun biologikoak, horrelakorik egonez gero, sekula ez du hierarkia zuritzen. (...) Baina desberdintasun biologikoak "emakumezkoen desabantail naturaltzat" jo ohi dira, eta aitzakia gisara erabiltzen dituzte askok emakumea erreprodukzioan eta etxean gordetzeko.

(...) Bikoteek egunean bizi duten krisiaren faktore bat da gizonak bere tradiziozko zeregina aldatu ez izana: azken batean oraindik ere tradiziozko emakumea nahi eta behar du.

18/11/2007 GMT 1

Eskolan ere homofobia

martinez @ 13:00

Eusko Jaurlaritzak Berdindu izeneko zerbitzu bat dauka lesbiana, gay eta transexualen arretarako. Bedinduk azterlana egin du berriki Euskadiko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta ageri-agerian utzi du bestelako sexualitatea erakusten duten haurrek gorriak ikusten dituztela, haur horien erdia etxean ere arbuiatzen dutela, hamarretatik zazpik erasoa jasaten dutela eskolan eta % 32k eraso fisikoa ere pairatzen duela.

Horiek horrela, eskolako eraso askoren jatorrian homofobia omen datza. Nerabe homosexualek adineko ohiko arazoak dituzte eta, horietaz gain, arbuioa ere jasaten dute, beren aukera sexuala dela kausa.

Hau panorama beltza!

10/11/2007 GMT 1

Emazte ohiari pentsiorik ez ordaintzea genero-indarkeria da

martinez @ 12:48

Hala uste du behintzat Valladolideko Auzitegiak, hala adierazi baitzuen aurtengo ekainean: hots, familiarekiko beharrak ez betetzea genero-indarkeria da, urratu egiten baititu emakumearen eta adingabeen eskubideak.

Valladoliden bataz bestez sei salaketa egin ohi dira egunean emate ohi eta seme-alabei pentsiorik ordaindu ez izateagatik.

Hainbat kasutan salaketa azken urteotan pentsiorik erreklamatu ez duten pertsonek egiten dute. Emakumeek, seme-alabak adingabeak zirenean, ez zuten pentsioa erreklamatu, nahiz eta epaitza irmoa beren alde eduki, zenbatekoa ezartzen zuena. Seme-alabak, ordea, adin nagusi egin eta salaketa egiten dute, iraganean kobratu gabeko pentsioak erreklamatzeko.

Emakumeen kontrako indarkeria mota bat baino gehiago dago: indarkeria fisikoa, psikikoa eta ekonomikoa. Indarkeria ekonomikoaz gutxi hitz egiten da. Bada, beraz, hasteko garaia.

06/11/2007 GMT 1

Atzerritarrak euskaldunberri

martinez @ 21:14

Frida aldizkaritik atera dut albistea. Olinder kolonbiarra da eta postari gisa dihardu Leioan (Bizkaia). Hemendik gutxira, izena emango du euskaltegi batean, euskara ikasi nahi duelako eta apur bat gehiago gizarteratu, etorkizuneko lan aukerei begira ere bai, noski.

Adalgisa bolibiarra da eta hizkuntza "arraroak" ditu gogoko. Haren ustez, euskarak harreman hobeak edukitzen lagunduko dio eta semeari eskolako lanak egiten ere bai.

Olinder eta Adalgisak zerikusirik ez daukate elkarrekin; bakarrik atzerritarrak izatea, orain bizi diren herritik oso oso urrun dagoen bste herri batean jaio izana eta bertan etxekotu eta bertako hizkuntza ikasi nahia. Euskaltegian egingo dute topo elkarrekin eta batera ekingo diote euskarari.

Egunean Euskadi Autonomia Erkidegoan Erefuxiatuei Laguntzeko Batzordeak (CEAR-Comisión de Ayuda al Refugiado) atenditu dituen etorkinen % 38k adierazi du euskara ikasi nahi duela. Javier Galparsorok, Euskadiko CEARko presidenteak dioenez, harrigarria eta oso ona da, beste zailtasun asko gainditu beharraz gain, euskararekiko interesa ere erakustea. Horrek duda gabe erakusten digu erroak egin nahi dituztela hemen.

Interes handiena 26-45 urte bitartekoek omen dute (% 68) eta Sestaon, Erandion eta Leioan bizi direnek.

Getxoko Udal Euskaltegian iaz hirurogei etorkin matrikulatu ziren euskara ikasteko eta, ikasitakoa praktikatu nahian, "Munduko Afaria" ospatu ohi dute urtero. Ikasleek beren herriko plater tipikoak prestatu ez ezik, zerbitzari moduan ere jardun behar dute afari horretan. Udal teknikarien esanetan, afaria oso esperientzia ederra izan zen ikasleentzat, baina, guztiaren gainetik, inportanteena da sarea egin dutela etorkinek eta euskararen oinarria behintzat berenganatu dutela.

04/11/2007 GMT 1

Komunikabideak eta genero-desberdintasuna (eta V)

martinez @ 10:22

cosmopolitan1.jpgAzkenengo atal honetan emakumeentzako prentsa edukiko dugu hizpide.

Nerabeentzako aldizkariek lau kode nagusi bete ohi dute: erromantizismoa, etxea, moda eta pop musika.

Hizkerari dagokionez, nabarmentzekoa da horrelako aldizkariak emakumeen hizkuntzaren estereotipoez baliatu ohi direla, irakurleen "bihotzera" zuzen eta erraz iristeko.

Elena Feliu Arqueolak, Cosmopolitan eta Telva aztertuta, egiaztatu du erruz erabiltzen dituztela zu edo gu izenordeak, elkartasunaren estrategia gisa, lagun minen arteko elkarrizketa bat-batekoa simulatu nahian.

Horretaz gain, aldizkariok "adeitasun" teknikak ere ohi darabiltzate, irakurleei atsegin izateko, irakurleen balioak eta gaitasuna aintzat hartzen dituztela adierazteko. Horrela, emetasunaren irudi positiboa osatzen dute, gizonekiko desberdintasuna nabarmenduta.

Bereziki lantzen dute emakumeen arteko intimitatea, hurbiltasuna, elkartasuna eta berdintasuna, baina aldi berean emakumeen identitateak desitxuratzen dituzte, emakumeen arteko gizarte ekonomia eta kultura desberdintasuna izkutatzen baitute. Emakumeen arketipoa egin dute, emakumeen funts unibertsala, gizonen aurrean definitzen dena.

01/11/2007 GMT 1

Bertakook gero eta gutxiago. Kanpotarrak gero eta gehiago

martinez @ 08:01

Euskal Herrian 2006an etorkinei esker egin zuen gora biztanle kopuruak. Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak bere azken txostenean etorkinak biztanleriaren % 4 ziren iaz Euskal Herrian. Euskal herritarron kopuruak % 0,4 egin zuen gora 2006an: 2.133.648 biztanle gara, beraz. Euskadin bizi diren etorkinen kopuruak, berriz, % 17,4 egin zuen gora. Badira jada 85.524.

Horiek horrela, etorkinek funtsezko aldaketa ekarri diote gure demografiari, 1998tik 2006ra 35.829 lagun bertoko galdu baitzuen Euskal Herriak (4.000 bat urtean, beraz); biztanle kopuru osoak, ordea, 32.520 gehiago eskuratu zuen, atzerritik 68.349 lagun etorri zirelako. Euskadin, hala ere, etorkin gutxi daukagu, Espainiako beste eskualde batzuen aldean.

Espainiara datozen etorkinen % 70 betiko geldituko da. Horiek horrela, bada, 20025. urtean Espainian zortzi milioi biztanle berri edukiko dugu. Hala dio behintzat Etorkinaren Komunikaziorako II. Urtekariak, urriaren 17an Madrilen aurkeztuta.

Espainian bizi direnen % 9,9k atzerriko jatorria dauka. Apur bat behera daude Frantzia (% 9,6), Alemania (% 8,9) eta Erresuma Batua (% 8,1). Espainiak etnia gehien daukan herria da Eurpako Batasun osoan eta munduan etorkin gehien hartzen duen herria da, Estatu Batuen atzetik. Hala dio behintzat Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak.

29/10/2007 GMT 1

Komunikabideak eta genero-desberdintasuna (IV)

martinez @ 20:39

Laugarren atal honetan emakumeak egunkarien sailetan nola agertzen diren azalduko dugu.

  1. Politika eta ekonomia. Sail horretan oso emakume gutxi azaldu ohi da (% 3,42) eta kasu benetan bitxiar gertatu ohi dira: Ana Patricia Botín andreaz, esaterako, denok dakigu haren aita zein den, baina zein kargutan diharduen, ordez, ez.
  2. Gizartea. Hemen daude emakumeen aipu gehienak (% 22,54), batik-bat osasunaz, tratu txarrez eta bioteknologiaz aritzean.
  3. Kultura, ikuskizunak eta komunikazioa. Emakume ugari horretan ere bai (% 19,86). Agian horregatik jotzen da sail hau kazataritza erraz edo bigarren mailakotzat. Estereotipo gehienak agertzen dituen saila ere bada.
  4. Kirolak. % 3,92 dira emakume hemen. Batik-bat albiste laburrean agertzen dira eta hainbatetan kirol kontuak ez direnak agertzeko: emakume tenislari bat eta haren entrenadorea ezkondu behar direlako edo.

17/10/2007 GMT 1

Komunikabideak eta genero-desberdintasuna (II)

martinez @ 18:20

Bigarren atal honetan estereotipo femeninoaz arituko gara. Hona hemen nagusia: estereotipoko emakumea ona da beti, pasiboa, esaneko, mendeko, otzan, samurra, eztia, ama xeratsua, etxekoa, atsegina, irribarretsu, ulerkorra, abegikorra, isila, leuna, ekimenik gabea, epela, beldurtia, beti gazte eta baldintza gabeko euskarria gizonarentzat. Ingurukoak maite eta babesten ditu, haien mendekoa da guztiz eta haien kezka dauka beti.

Estereotipo nagusi horren barruan, hainbat azpiestereotipo ere badaude. Hona hemen:

  1. Amuma zuhurra.
  2. Etxeko andrea. Ederki jantzita azaldu ohi da, inguru neutri zehazkabeetan, etxeko lanekiko lotura zuzenik gabe, etxeko lanen konnotazio negatiboa ezabatu nahian. Publizitateak nabarmendu nahi duenean produkturen bat prestatzen edo erabiltzen erraza dela, orduan bakarrik agertzen dira gizonezkoak, egitekoa emakumeei dagokiela iradokita, noski.
  3. Lanbidean arrakastatsua. Lanean daukan arrakasta erakargarria izatearen ondorio naturala da eta, erakargarri izateko, produktu egokia eskuratu du, ziur.
  4. Gauza-emakumea. Ez du bat ere nortasunik. Gizon guztiek eros dezkaeten zerbait besterik ez da. Erakargarri sexual hutsa da, gizonak asebetetzeko baino ez du balio. Apaingarri edo erakusleihi izan daiteke, dena den. Erakusleiho izatekotan, trofeoa ere bada, aldi berean, soinean daramatzan jantziek edo bitxiek gizonaren gizarte-maila jartzen baitute agerian.
  5. Emakume osagarria. Zoiontsua da, gizonaren nahiak asenetetzeko gauza izanik.
  6. Nerabe "guaia".
  7. Emakume ederra. Albistegietako aurkezleak, kasu. Emakume ederra hauetako bat izan daiteke: a) la femme fatale; b) emakume-neskatila haur aurpegiduna; c) aurreko bi horien batuketa.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!