Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Atala: gizartea

02/09/2008 GMT 1

Prostituzioaren zifrak

martinez @ 07:03

Atzo ekarri zituen metroan doan banatzen dituzten egunkari horietako batek. Bide batez esango dut berria, gaztelaniaz idatzita, noski, genero berizketarik egiten ez zuenez gero, nahiko nahasia gertatzen zela.

Titularraren arabera, espainiarrek (horrela, denak batera, emakumezkoak eta gizonezkoak) 50 milioi euro gastatzen dute egunean prostituzioan. Zehatzago izan beharko luke, nere uste apalean, emakumeek ez baitute ia ezer ere gastatzen horrelakoetan.

Aurrerago zioen berriak biztanleriaren % 6k ohi darabiltzala prostituzio zerbitzuak. Berriro bereizketarik egin gabe. Biztanleriaren erdia gizonezkoak izanik, esan al genezake Espainiako gizonezkoen % 12k darabiltzala horrelako zerbitzuak? Bai?

Beste hainbeste honekin: Espainian 300.000 lagun ari dira prostituzioan. Zenbat emakume? Zenbat gizonezko? Horrek ez du egoeraren irudi zehatzik ematen.

Datu honek, aitzitik, bai: lagun horien erdia (150.000, beraz) hegoamerikarrak dira.

Amaitzeko, biziki txalotzen dut Sevillako Udalaren ekimena: bezero puteroari zuzentzen dio propaganda. Oso ondo: lehenago izan zen eskaera eta gero eskaintza.

13/07/2008 GMT 1

Emakumeen kuoten alde

martinez @ 08:33

Emakumeen kuotek, hau da, legeak eremu jakin batean emakumezkoen ehuneko zehatza egon beharra agintzeak, ez dute aipu onik, ez eta emakumeen artean ere. Kontrako argudio-arrazoinamendurik franko irakurri eta entzun dut. Horregatik erabaki dut alde irakurriko dudan guztia biltzea. Bada, nolabait, indar-batze modukoa, behar dudanean ateratzeko.

Irakurri berri dut, bada, uztailaren 2an "Emakumea eta Politika" izeneko mahai-ingurukoa egin dutela Sevillan. Espainiako emakume politikari batzuk elkartu dira hara eta kuoten aldeko hauek agertu dituzte.

Inmaculada Riera (CiU). "Ni ez nintzen kuota-zalea, uste nuelako gizarteak aurrera egingo zuela eta emakumeak botereaz jabetzea berez etorriko zela. Urteak igaro dira, ordea, eta aldaketak oso geldo doaz. Legeak ekarri behar ditu aldaketok, beraz."

Rosa Díez (UPD). "Bat baldin bagatoz eta denok uste sendoa baldin badugu ona eta komenigarria dela eremu publikoan eta boterean hala emakumeak nola gizonak egotea, zer edo zer egin behar da, berez ez baita hala gertatzen. Jakina, politagoa izango litzateke jendeak behartu gabe beteko balitu berdintasunaren arauak, baina ez da."

Margarita Uria (EAJ). "Gure bultzadak, gure adimenak edota gure jakintzak bakarrik ez dute inertzia hautsiko. Zerbait gehiago behar dugu."

22/06/2008 GMT 1

Indarkeriarik eza

martinez @ 08:16

Portugaleteko Udalak lehiaketa pare bat antolatu du aurten neska-mutilei begira. Bata grabaketa-lehiaketa da; eta bestea, esloganena. Biek dute izena bera: "Helburua: Indarkeriarik Eza".

Lehengo egunean, ekainak 19, banatu zituzten sariak. Niri epaimahaian aritzea egokitu zitzaidanez gero, sariak banatzeko ekitaldian berba batzuk esatea ere egokitu zitzaidan. Epaimahaian hiru lagun aritu gara: beste biak hezitzaileak dira, psikologoak, gaztetxoekiko harremanean oso adituak hala teoriaz nola praktikaz. Ni, ordea, ez. Nik idazten besterik ez dakidanez egiten, eta hala esan nuen ekitaldian, olerki moduko bat idatzi nuen eta irakurri ere irakurri nien ekitaldira agertu zirenei.

Honela dio:

Begi-bistan jarri digute neska-mutilek indarkeria mota ugari dabilela bazterretan. Gauza bat bakarra, ordea, gertatzen da guztietan, indar ankerra beti baita bestearen kontra, bestelakoaren kontra, zer edo zertan gulakoa ez den baten aurka. Agian jokaeraz izango da beste hori arrotz, edo hizkuntzaz, herriaz, sexuaz, janzkeraz; apika diruz baino ez gara desberdin izango. Dena dela, bestelakotasuna bestelakokeria, aldea etsai bihurtuta, onartu ezinak garamatza beti bortxara, eta horra iritsita, muturreko muga horretan gaudela, dena apurtzen da orduan. Zatitu, suntsitu, pitzatu, akatu egiten dugu dena, bortxa bukaera baita, zola, hondoa, lurrik azkena, eta behin jota, ezerk ez dirau, ezer ez da haboro izango: ez da haboro adiskiderik, ez maitalerik, bizirik ere ez.

Lerro-zatiketarekin gaizki moldatu naizenez gero, olerkia zena prosa, hitz lau bilakatu behar izan dut. Berrikuntzan sartuta, halabeharrez.

08/05/2008 GMT 1

Emakume poliziak ere bazterrean

martinez @ 13:03

Formaz, teoriaz, berdintasuna dagoen arre, emakume poliziak bazterrean sentitzen dira. Hala adierazi zuten behintzat duela gutxi Bilbon egin zuten batzar batean.

Lehenengo eta behin, jantzia, uniformea dela eta. Tontakeria dirudien arren, polizien uniformeak buran gizonezkoak zituela diseinatu zituen norbaitek. Horregatik eraman behar dute emakumeek pistola bularraren pare, horregatik ez dago haientzat baletatik babesteko txalekorik, gizonentzakoek bularra zapaltzen baitiete.  Gizonez morrozturik egin behar dute lan, oso lan fisikoa, gainera, eta etengabe erakutsi behar dute gizon lankideak baino ausartagoak direla eta horrek estresa dakarkie, noski.

Isilpeko bazterkeria pairatzen dutela diote. Esaterako, gerta daiteke poliziagai batek plaza eskuratzea Zuzenbideaz edo Zirkulazio Kodeaz ezer jakin barik, udal bakoitzak bere ikasgaiak ezartzen baititu. Proba fisikoak gainditu barik, ordea, ez dago plaza lortzerik, deialdi guzti-guztietan daude-eta.

Administrazioan oro har emakume ugarik diharduen arren, polizietan, aldiz, nahiko gutxi dira, batez ete agintari postuetan. Espainiako GEO taldeetan, esaterako, emakumerik bat ere ez dago. Zergatik? Tradizioagatik, batetik, eta bestetik, ez delako lanbide erakargarria emakumeentzat.

Polizietan sartzeko probetan askoz emakume gehiagok gainditzen dituzte test psikologikoak eta elkarrizketak, gizonek baino. Eta emakumeek ikas maila altuagoa ohi dute. Proba fisikoak, berriz, gizonezkoek gainditzen dituzte errazago. Baremoak aztertu beharra dago, beraz, indarra eta egoera fisikoa ez baitira hain inportanteak poliziaren jarduketetan; askoz lehenago hartu behar dira kontuan beste trebetasun mota batzuk, gizakiago, komunikatiboago, emeagoak.

17/04/2008 GMT 1

Prostituzioari buruzko txostena (2)

martinez @ 09:54

Aurreko sarreraren bukaeran bota genuen galdera: zer egin horrelako egoera aurrean dugula? Hona hemen erantzuna.

Prostituzioaren aurrean, bi erantzun desderdin eman dira egunera arte. Batetik dago abolizionismoa, hau da, prostituzioa eta proxenetismoa babesten dituzten legeak baliogabetzearen aldeakoa; eta bestetik dugu legalizazioa eta erregularizazioa.

Emakundek erdibideko hirugarren irtenbidea proposatzen du. Lehenengo eta behin dio prostituzioa ez dela desiragarria, hobe genuela betiko galduko bazen; eta bigarrenik, genero desberdintasunean eta pobrezia eta herrialde garatu eta garatzeko bidean daudenen arteko desberdintasunean datzala. Prostituzioak gizakia gauza bilakatzen du eta emakumearen objektu sexualaren rolari eusten dio.

Hala ere, onarturik eta normalizaturik dago prostituzioa gure gizartean, gehienbat historia guztian egon den zerbait delako. Betidanik existitu izanak, ordea, ez du esan nahi etorkizunean ere existitu behar denik. Horregatik da beharrezkoa usteak aldatzea, hala pentsakeran nola jokaeran, beste fenonemo batzuekin, genero indarkeriarekin, kasu, egin den bezala.

Hitz batean, prostituziorik gabeko gizarterantz abiatu behar gara, beti ere prostituten eskubideak bermatuta.

Horrexetarako lan ildoak izango litzateke berdintasun politikak, garapenerako kooperazioa, inmigranteen aldeko neurriak eta pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkakoak. Halaber da beharrezkoa prostituzioaren kontsumoa jaistea, kontzientzazio kanpaina eginez gizonezkoei begira eta, batez ere, puteroei begira, begi-bistan eduki ditzaten, batetik, prostituzioak emakumeengan dauzkan ondorio kaltegarriak, eta bestetik, haiek eurek horretan duten erantzukizuna.

Aldi berean, prostituzioaren diharduten emakumeen giza bazterketa ekidin behar da, ahalduntze, osasun, lan, gizarteratze, lege-aholkularitza, etxebizitza, segurtasun eta abarreko nerurriak hartuta.

Horra hor Emakunderen proposamen interesgarri baliagarria. Ni, ordea, horren guztiaren balioa ukatu barik, abolizionismoaren aldekoa naiz.

04/04/2008 GMT 1

Bazterkeria garestiegia zaigu

martinez @ 07:01

Hala dio María Pazos ikerlariak eta ni guztiz konforme nago harekin: emakumeen bazterkeria dela kausa, indarrak alferrik xahutzen dira. Emakumeen prestakuntza maila nahiko altua da, baina giza "kapital" hori alferrik galtzen da seme-alabak zaintzen dituzten denboran; eta denbora hori hainbatetan hamar urtekoa da.

Pazosen nahia gizon "igualitario" sortzea da. Horretarako proposatzen du politika publikoek pizgarriak eman diezazkietela, gizarte eskubideak aitor diezazkietela, zaingo lanetan jarduteko modua izan dezaten. Gaur egun, gizonentzako aitatasun-baimena ez da emakumeena bezalakoa. Beraz, gizonek, nahiz eta igualitario izan nahi, ezin dute amaren neurrian umea zaindu, horretarako baimen egokirik ez dutelako.

Zehatz-mehatz proposatzen du amatasun eta aitatasun baimenak berdin-berdinak izatea, sei aste luze, eta ezinbestekoak. Horretaz gain, gizarte zerbitzu doakoak sortu beharko genituzke, haurrak eta mendeko pertsonak zaintzeko, eta lanaldiak murriztu, noski.

Espainiako Administrazioak horiexetan egiten duen gastua txiki-txikia da, Europako batazbestekoarekin alderatuta. Dena den, gastu handitu baino lehen, ondo egin behar da gogoeta zein ereduri jarraitzeaz, batetik Alemaniakoa baitaukagu (dirua emakumeei ematen zaie etxean geldi daitezen) eta bestetik, Suediakoa, emakumeen enpleguaren, zerbitzu publikoen eta gizonen "etxeratzearen" aldekoa.

Egungo gizartean begi-bistakoa da emakumeek ezin dituztela bateratu amatasuna, bizimodu onargarria eta diru-autonomia eta horregatik, baten bati uko egin beharrean, amatasunari egiten diotela uko. Horien ondorioz dugu jaiotze-tasa benetan txikia eta arazo ekonomiko larria.

María Pazos etxeko andreen soldataren kontra dago. Ni ere bai. Hobe etxeko lana egoki banatzen badugu, horrela bakarrik baloratuko baita.

25/03/2008 GMT 1

Berdintasuna saridun

martinez @ 19:56

Bizkaiko Foru Aldundiak urtero saritzen ditu gizon-emakumeen berdintasunaren alde diharduten hainbat entitate. Berdintasun Sariak izenekoak ematen dizkie, hain zuzen ere. Aurten hauexek izan dira saridun: Zierbenako Udala, Berrizko Gure Izarrak emakume elkartea, Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea eta Portugaleteko Goi Mailako Lanbide Heziketa Repelega Institutua. Horretaz gain, sari berezia Berdintasuna Taldeak jaso du. Sariok 2008ko martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, banatu ziren.

Entitate saridun horiek guztiek aurkeztu diote gizon-emakumeen berdintasunaren aldeko proiektu bana Genero Politiketarako Idazkaritza Teknikoari.

Sariok lau kategoria izaten dute: udalak, emakume elkarteak, dirua irabazteko asmorik gabeko entitateak eta Parekatuz proiektuan parte hartzen duten gizarte, ekonomia, politika eta kultur entitateak. Aurten, gainera, esan bezala, sari berezia eman diote Berdintasun Taldeari, hau da, emakume-gizonen arteko aukera-berdintasunerako eta genero-politiketarako Berdintasunaren aldeko Foru Planaren bilakabidearen adi dagoen sailarteko batzordeari. Talde horren ardura da Bizkaiko Foru Aldundiko sail guztietan genero ikuspegia eta genero politikak zeharka aplikatzea.

Agintaldi honetan Bizkaiko Foru Aldundiak Berdintasun eta Herritarren Eskubideen Zuzendaritza Nagusia sortu du, berdintasuanrekin daukan konpromisoaren adierazgarri.

23/03/2008 GMT 1

Gehiegi ikasitakoak

martinez @ 08:52

Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) gezurtatu berri du Arias Cañete Espainiako ministro ohiak esandakoa, 2007ko nazioarteko migrazioei buruzko ikekerketa batean adierazi berri baitu Espainian etorkinek oro har beren lan kualifikazioaren azpiko lanpostuetan ohi dihardutela.

Ikerketaren arabera etorkinen ikas-maila, hartzen dituen gizartearen bataz bestekoaren gainetik ohi dago, herrialde aberatsetan biztanleen % 20 eta langile atzerritarren % 25 baitira unibertsitateko lizentziadunak. Hala eta guztiz, ELGAk ziurtatu du etorkinek zailtasun handiagoak dituztela beren gaitasunarekin bat datorren lanpostua lortzeko. Grezian, dena den, Espainian baino okerrago daude etorkinak ikas- eta lan-maila desberdinei dagokienez.

Espainian 4,5 milioi atzerritar daude erroldaturik. Horrek esan nahi du hamar biztanleetatik bat datorrela beste herrialde batetik. Espainiako Estatistika Institutuak badio, hala eta guztiz, gero eta etorkin gutxiago doazela Espainian: 2005ean ia 700.000 erregistratu ziren; 2006an, 413.000 eta 2007an, berriz, 375.000. Ez da, beraz, egia gero eta gehiago datozenik.

15/03/2008 GMT 1

Etorkizuneko familia

martinez @ 07:45

Begi-bistan dugu gizarte aldatzen ari dela. 1996tik 2006ra bitartean Euskadin 104.000 familia sortu ziren, aurreko hamar urteetan baino % 15 gehiago, Eustaten arabera.

Familia motei erreparatzen badiegu, bi mota handitu dira gehienbat: gizaki bakarrak eta seme-alabarik gabeko bikoteak, alegia. Horiek biok batuta, gehiago daude tradiziozko familiak (ama edota aita eta seme-alabak) baino.

Hala da, bai. Bakarrik bizi direnen kopuruak % 61 egin du gora; seme-alabarik gabeko bikoteenak, berriz, % 51. Izugarrizko igoera kasu bietan.

Familia guztiak kontuan hartuta, bakarrik bizi direnak % 22 dira; seme-lalabarik gabeko bikoteak ere, % 22; tradiziozkoak, % 40,8; orain hamar urte, % 50 ziren: 30.000 bat familia gutxiago ditugu mota horretakoak.

Zeintzuk dira aldaketa horien kausak? Funtsean bi. Batetik, nagusiak gehiago bizi dira: seme-alabek alde egiten dute etxetik eta gurasoak lehen baino urte gehiagotan gelditzen dira bakarrik. Lehen, berriz, gurasoetako bat bakarrik gelditzen zenean, bestea hilda, seme-alaben etxera joan ohi zen. Hori ez da gaur gertatzen. Nagusia ondo eta indartsu sentitzen denean, bere etxean gelditu nahiago izaten du. Bigarren kausa, behin-betiko ezkongabeak izango lirateke.

Gazteek, bestalde, gero eta seme-alaba gutxiago daukate. Tradiziozko familiak orain dela hogei urte 4,3 lagun zeukan; gaur, berriz, 3,7 baino ez dauka. Gazteek oso berandu uzten dute gurasoen etxea. Bikoteak berandu eratzen dira eta seme-alabak beranduago eta urriago datoz.

Guraso bakarreko familiak ere gutxiago dira. 2001etik 2006ra bitartean aita eta seme-alaben talden kopuruak % 30,4 egin zuen behera eta ama eta seme-alabenak, aldiz, bakarrik % 15,4.

Gizon alargun gehiago ditugu: lehen % 48 eta orain % 68. Emakume alargunen kopurua, ordea, ia berdin gelditu da: % 58tik % 60ra. Emakume banandu eta dibortziatuek, bestetik gora egin dute: % 21etik % 26ra. Azalpen modura dio Eustatek 2001eko guraso bakarreko familia asko 2006an gizaki bakarreko familia bilakatu dira, seme-alabek etxea utzi dutelako.

Azkenik, "nukleo anitzeko familiak" ditugu. Hala esaten da, behintzat, familia bat baino gehiago etxe bakarrean bizi denean, etxebizitza erostea eta alokatzea garestia izanik. 2001ean nukleo anitzeko 12.000 familia bizi ziren Euskadin; egun, berriz, 28.000 ditugu. Horrelako familia gehienak etorkinenak dira. Eta etorkinek berez ekarri duten beste familia mota bat ere badugu: hots, ahaidetasunaz edo ahaidetasunik gabe, baina familia nukleorik gabe (hau da, ezkondurik egon gabe eta neba-arreba izan gabe) elkarrekin bizi direnena. 21.300 familia dira horrelakoak Euskadin.

13/12/2007 GMT 1

Ghanatik Euskadira

martinez @ 17:55

Augustine Bukari Ayaab-win (Bukari hemendik aurrera) txiki-txikitan hasi zen modelatzen. Aitite eskulangilea zeukanez gero, beraren laguntzan aritu ohi zen Ghanako herrixka batean. Horrelaxe ikasi zuen artegintzan eta lokatza, porlana, burdina, zura eta brontzea moldatzen. Bukarik berak dioenez, haren lanabes nagusia bihotza da.

Bihotzak hain zuzen ekarri zuen orain dela lau bat urte Euskadira, portugaletetar batekin maitemindu zelako. Portugaleten ezarri zituen, beraz, etxea eta lantegia.

Inspiragarri ditu munduarekin zerikusia duen guztia, kulturen batasuna, elkarbizitza, bihotzez jardun beharra, inmigrazioaren mina (inork ez du gogoko bere herria utzi beharra; nahitaez egiten du beti; gizaki gisara onartu behar gaituzte) eta Afrikako emakumeen indarra: Emakumeak eragiten dio munduari; Afrikan eta hemen ere bai; hemen tabernak gizonez beteta daude-eta.

Haren lan batzuk ditugu ikusgarri Bizkaiko hainbat txokotan. Bukarirena da, esaterako San Pedroren irudia Loiuko parrokiakoa, "Ama Afrika" izeneko eskultura bat Portugaleteko Casiñlda Iturrizar kalekoa ere bai, eta bi dinosaurio Karrantzako Karpin Abentura parkean.

Eta zertan dabil orain Bukari lanean? Bada eskultura bat bi metro luze ari da prestatzen, hau ere Karpin parkean ezartzeko. Eta beste bat ere badauka erdi egina, Bihotzaz pentsatzen duen gizona, alegia

Ghanan ere badauzka Bukarik eskultura batzuk hiri garrantzizkoenetan.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!