Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: euskararen erabilera

31/10/2008 GMT 1

Itzulpena eta euskararen normalizazioa Administrazioan (2)

martinez @ 09:26

Ikus lehen atala.

Itzulpen-politika baten lerro nagusiak

Itzulpenak berebiziko tokia du euskararen erabilera suspertzeko lanean, baina normalizazioaren premiei erantzuteko moduan erabiliz gero. Bestela, sendagarri paregabea pozoi hilgarri bihurtzen da.

Itzulpenaren zeregin hauek azpimarratuko ditut:

  • Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, zerbitzu-hizkuntza idatzi gisa, Administrazioak funtzionamendu arruntaren bidez bermatzeko ezintasuna daukan bitartean.
  • Euskaraz eta erdaraz lan egin behar duten unitateen funtzionamendua ahalbidetzea, normalizazioak langileen lana bikoiztu ez dezan.
  • Administrazioaren identitate-euskarrietan (besteak beste, errotuluak, iragarkiak, oharrak, intraneta, web gunea, aldizkariak eta liburuak, erakundearen ekitaldi publikoak...) euskararen agerpena ziurtatzea.

Agian onar liteke langileek testu mota batzuk euskaraz eta erdaraz lantzea. Testu labur eta errepikakorrei buruz ari naziz, ereduen araberakoak, oso estandarizaturik, Aitzitik, testu luzeak, aldakorrak sortze-lana estatzen dutenak itzultzailearengana joan beharko dira. Oso ondo deritzot. Lana banatzeko oso modu egoki zentzuzkoa.

Aldizkari eta web gune edo intranetei dagokienez, urrezko araua zait euskararen erabilera kualitatiboari elehentasuna ematea eta ez kuantitatiboari. Kontua ez da elebitasun mimetikoa (hainbat politikariren obsesioa) lortzea, baizik eta euskarak euskaraz irakurtzen duenari zerbait gehiago eskaintzea, pizgarri bat, aberaste moduko bat. Hizkuntza gehiago dakienak gehiago eskuratu behar du; gutxiago dakienak zerbait galdu.

Bereziki ebitatuko nuke euskarazko artikuluak euskarari edo euskal kulturari buruzkoak izatea. Esukara ez da euskarari buruz hitz egiteko espezialitate-hizkuntza. Guztiz ados. Endogamiarik ez. Garbi eduki euskarak den-denari buruz hitz egiteko balio duela.

Web guneari begira, irizpide hauek proposatuko nituzke:

  • Euskaraz ere nabegatzeko diseinatuta egon behar da.
  • Interes orokorreko berri, ohar, eta informazio guztiak euskaraz eta erdaraz agertu behar dira. Itzuli behar, beraz.
  • Artikulu espezializatuak, zientifikoak, jatorrizko hizkuntzan agertu eta euskaraz ere bai.
  • Web gunea kudeatzen duten langileek, Administraziokoak nahiz kanpoko enpresa batekoak izan, euskara ondo erbaili behar dute. Oso oso oso garrantzizkoa hau. Haien artean itzultzailea egongo da edo harreman estua edukiko dute itzultzailearekin.

Izan ere, herri administrazio jakin bateko arduradunek euskararen normalizazioaren aurrean benetan nolako jarrera daukaten jakin nhai badugu, errepara diezaiogun web guneez eta intranetez arduratzen direnak zein irizpiderekin aukeratu edo kontratatu dituzten. Eskara kontuan hartu ez badute, atera kontuak.

Argitalpenekin zentzuz jokatzea gomendatuko nuke, zentzudun izatea, maila sinbolitkotik maila errealera jaistea. Eremu espezializatu askotan ez dago euskal jarduerarik ez irakurlerik ere. Horrelako liburuak itzuli egiten dira eta alferrik argitaratuko, onurak ez baitu esfortzua berdinduko. Apaltasunez jokatzea gomendatuko nuke. Baieztapen arriskutsu bezain zirikagarria. Ez daukat nik iritzi garbirik horretaz. Gogoeta luzeagoa egin beharko nuke eta bestelako iritziak entzun. Ez dut uste mundu guztiaren aurrean esukera dela-eta dirua alferrik gastatzeak mesederik egiten dienik euskaldunei, ez eta itzulpena dela kausa gaztelaniazko testuaren argitarapena luzatzen eta oztopatzen ibiltzeak ere. Are txarrago, ohikoa denez, gainera, euskal testua kalitate txikikoa edo ulergaitza bada. Beti ez da horrela gertatzen: hainbatetan euskal testu itzulia askoz hobea da, hizkuntzaren ikuspuntua hartuta, originala baino. Zergatik? Hizkuntzalari batek idatzi duelako eta originala, ordea, ez.

28/10/2008 GMT 1

Itzulpena eta euskararen normalizazioa Administrazioan (1)

martinez @ 10:25

Horretaz ari da Roberto Manjón-ek Senez aldizkarian argitaratu berri duen artikulua: Itzulpen-politika euskal administraziozn euskararen erabilera normalizatzeko planetan. Edukiaz berria, balentriatssa eta zorrotza iruditu zaidanez gero, laburpena eskainiko dizuet eta agian neure komentarioak ere bai.

Senez aldizkaria, itzulpen aldizkaria izanez, EIZIEren web gunean topa ohi daiteke normalean; momentuz, ordea, iazko alea baino ez dute weberatu. Baina nire artikulutxo hau irakurtzen duzunerako, irakurle maitea, baliteke ageri-agerian edukitzea.

Administrazio publikoek badute itzulpen politikarik?

Osakidetzaren Euskera Plana diseinatu dugunok gogoan eduki dugu itzulpen-politika hizkuntza-normalizazioaren giltzarrietatik bat dela, erakundeko buruen aitzindaritzarekin eta giza baliabideen hornikuntzarekin batera.

Herri erakundeetako normalizazio-planen emaitza urriei erreparatzea baino ez dago susmatzen hasteko itzulpen-politika gehienek ez dutela lortzen literaturaren mundutik ateratzea, alegia, erakundeek ez dutela itzulpen-politika seriorik, edo itzulpen politika batere.

Euskera Plana erakundeetako agintari eta erdiko mailako arduradunek jasan beharreko zerbait da, ideologiak ordainarazten dien kostua, bidesari ideologikoa, eta horrek normalizazio-prozesuaren epidermisa, azala, gehien ikusten dena zaintzeko eskatzen du. Horretarako nahikoa izango da nominan teknikariren bat edukitzea eta itzultzaile taldetxo bat.

Horien kostua, ordea, ez da makala. Horregatik, aldi berean itzultzaile eta normalizazioko teknikari den langilea edukitzea da onena.

Normalizaizo prozesuaren osasunak baditu adierazle garrantzitsu bi: giza baliabide nahikoak egotea eta baliabide horietan itzulpengintza eta normalizazio teknikaritza behar bezain espezializatuta eta bereizita egotea.

Itzulpengintza aitzakia eta ihesbide erraza bihurtzen da euskera normalizatzeko ahaleginetan azalean gertatu nahi dutenentzat.

Arazoaren beste agerpen bat izaten da langileen euskera-erabilera itzulpenez ordezkatzea. Gehiegitan teorian euskeraz jarduteko gaitasuna dutenak ez du horrela jokatzen, eta itzulpenak estaltzen du gabezia.

Arazoa izaten da hainbat lantegitan: noraino doa itzultzailearen lana?, noraino langile elebidunena? Langile guztiak ele bietan ondotxo moldatzen badira, zertarako itzultzailea? Erantzuna bigarren atalean.

23/10/2008 GMT 1

Testu antolatzaileak. Erabilera estrategikoak (2)

martinez @ 07:07

Ikus lehen atala.

Nola bihurtu ulerterrazago gure testuak? Hiru ataletan emango diogu erantzuna galdera horri.

1.- Ikuspegi gramatikaletik ikuspegi komunikatibora. Ikuspegi komunikatiboak bere baitan hartzen du gramatikala eta beste hiru ikuspegiz osatu eta zuzentzen du. Ikuspegi soziolinguistikoa, testuala eta estrategikoa dira hiru horiek. Osotasuna da ikuspegi komunikatiboa eta pentsamolde berria eskatzen digu, paradigma- eta ikuspegi-aldaketa.

2.- Testu-antolatzaileak era estrategikoan erabili. Honetan bi estrategia sail bereiz ditzakegu: aurrerakarga arintzekoak eta pasualdiak markatzekoak.

2.1.- Atzerakarga arintzeko estrategiak. Lau dira:

2.1.1.- Testu-antolatzailea, ahal den neurrian, lotzen dituen zatien tartean erabili, edo ahalik aurreen: bada ere -> nahiz eta, bihurtu dela -> nola bihurtu den, ... delarik -> eta ...

2.1.2.- Iragarlez hornitu testua: baldin (eta), harik (eta), ahalik (eta), baita, ezta...

2.1.3.- Testu-markatzaile bihurtu berez ez dena, eta aurreratu: hurrengoan -> eta ondoren ... une horretan -> Orduan...

2.1.4.- Testu antolatzailea sartu. Asmatu. Gehitu. Ez zegoen tokian jarri.

2.2.- Pausaldiak markatzeko estrategiak:

2.2.1.- Testu-markatzailea kokagunez mugitu. Aurrerantz ia beti.

2.2.2.- Testu-markatzailea bihurtu berez ez dena eta kokagune egokira eraman, behar izanez gero.

2.2.3.- Testu markatzailea (gainera, berriz, beraz) tartekatu 2.1.4. atalean bezala.

20/10/2008 GMT 1

Testu antolatzaileak. Erabilera estrategikoak (1)

martinez @ 10:03

Titulu hori daukate, batetik, Pello Esnal hizkuntzalariak aurtengo irailean Iruñean aurkeztu zuen liburuak, eta bestetik, liburuari buruz www.erabili.com web gunean plazaratu duen artikuluak.

Artikuluaren laburpena emango dizuet, ohi legez neure komentarioak tartekatuta.

Bi galdera nagusi daude liburuaren abiaburuan. Hauexek: zergatik dira ulergaitzak edo ulerterrazak zenbait euskal testu? Nola bihurtu ulertarrazago gure testuak? Abiabura irakurri bezain pronto piztu dit interesa artikuluak, horixe baita funtsean eskribitzaileon kezka nagusi: testuak ulerterrazago, irakurgarriago, argiago, garbiago egitea.

Zergatik dira gure testuak ulergaitzak? Agian erdaraz pentsatzen ditugulako. Eta erdaratik baldar itzultzen ditugulako.

Bi maisu handi hartu ditugu gidari lantegi honetan: Koldo Mitxelena eta Luis Villasante. Behin baino gehiagotan esan dut Martinezen etxe santu honetan euskal idazle klasikoak gidari bikainak direla prosan barrena abiatu beharrean. Hor dituzue Jonnateguyri buruzko artikuluak. Eta Gregorio Arrue ere maisutzat daukat benetan. 

Villasanteren iritziz, prosa gutxituaren eragile eta errudun nagusia garbizalekeria zen. Ni bat nator neurri handi batean.

Aurreko galderetara bueltaturik, zergatik dira ulergaitzak zenbait euskal testu? Hiru zergati aipatuko ditugu: 1.- Atzerakarga. 2.- Pausaldiak markatzeko zailtasuna. Batzuek koma idatzi ohi dute pausaldia adierazteko, baina pausaldi prosodikoak eta ortografikoak ez datoz beti bat. Gaztelaniazko adibidea etorri zait burura: gaztelaniaz pausaldi prosodikoa egin ohi da subjektu eta predikatuaren artean; horregatik ezartzen dute askok koma hor, baina ez da zuzena. 3.- Ikuspegi gramatikala soila, gramatikaren gehigikeria. Bi uste oker daude euskaldunon buruan gramatikaren gainean: bata, gramatikak arautzen duena baino gehiago arautzen duela; bestea, testu egokia sortzeko, nahikoa dela gramatika arauak betetzea. Testuak, gramatika zuzentasunaz gain, egokitasuna, komunikagarritasuna behar du. Testuek behar duten eta gramatika soila ez den horri estiloa esan diezaiokegu. Eta horra hor euskaltegietan irakasten ez den zerbait.

Hona hemen bigarren galdera: nola bihurtu ulerterrazago gure testuak? Bigarren zati hori hurrengo baterako utziko dugu.

01/10/2008 GMT 1

Joannateguy eta eskuara 1902an (eta 8)

martinez @ 06:49

(...)

EGIN BEHAR LITEKEENA EUSKARA GAL EZ DADIN

Hiri eta herri guztietan dira batzuk besteak baino gorago direnak; batzuk sortzeak hala ezarri dituelako, besteak beren ondasunen, karguen edo jakitatearen gatik.

Euskara gal ez dadin, besteen gainetik diren halako jaunak eta andreak euskaraz mintzatu beharko lirateke beren artean. Zeren eta orduan jende xeheak ez bailuke erdaraz hitz egiteko joera hain handirik, ikusiz erdara dakien jaun eta andre batzuk euskaraz mintzo direla.

Eta aldiz euskaraz besterik ez dakien jendeak zer atsegina, sumatzean haurrean ikasitako mintzaira ez bide dela hain xarra, jaunek eta andreek ere erdara baino maiteago dutela!

Euskaldun jaun eta andreak euskaraz mintzatzeak balituzle ondorio onak; baina gure eliz gizonei handitu dakiela oraindik ere pixka-pixka bat euskararentzako amodioa, eta eta horra zertarik duken on egiazkoa.

Ageri da euskarari esker dela euskalduna fededun. Gure eliz gizonak euskarari esker dira, beraz, heri kiristau batzuetako erretor. Zer ezagutza eta amodio ez diozkate, beraz, zor, gure mintzairari? Esker gabe ez izatera, behar dute euskara maite.

Eta bada maite baldin badute segur du bizia, zeren-eta orduan irakurriko dituzte euskal liburuak. Horrela ikasiko dute ongi mintzatzen, eta nahitaez denei maitarizko diete gero eta gehiago parekorik inon ez duen mintzaira.

Euskarari dioten amodio horrengatik oraino ez diote katiximarik egingo erdaraz, erdaldunen haurrei baizik; euskaraz mintzatuko dira, handi eta xume, herriko jende guztiekin, eta bestalde ezagutaraziko eta harraraziko dituzte euskal liburuak eta kazetak.

Orain dela ehun bat urte, bizkaitar karmelita batek, Aita Bartolomek, esaten zien bere denborako eliz gizonei: ""Irakur itzazue euskal liburuak, eta gure mintzaita ederra erdaldun hitzez bete eta itsustu ordez, zuek ere euskara ederrean egingo dituzue igandeetako mintzaldiak."

Zer esango luke Aita Bartolomek, ehun urte geroago agertuko balitz lurraren gainera eta ikusiko balitu euskaldunak euskara bazterrera utziak eta erdarari lotuak? Aita Bartolomek, euuskararentzat zuen amodioarekin, egingo luke oihu, etxean su duela ohartzen denak bezain goraki. Mintzo bat hain samin eta latzak ernaraziko ote genituen? Nik uste bai; eta, su hiltzen ari denari bezain ongi, guri ere eginaraziko egin-ahalak, gure euskara zahar bezain eder denaren onetan.

Zuek, beraz, zuen herrietan besteen gainetik zareten jaun eta andreok, zuek bereziki Euskal Herriko eliz gizon jakintsuok, maite ezazue euskara, euskaraz hitz egitea eta egin araztea, eta infernuko etsai guztiengatik ere, iraungo du, mundua mundu deino.

----AKABANTZA-----

Polita akabantza, ez da?

24/09/2008 GMT 1

Euskara Interneten

martinez @ 07:50

Iturria: www.erabili.com

Internet erabiltzen dutenen kopurua gorantza doa Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), baita euskaraz nabigatzen dutenen kopurua ere. Bostetik batek (% 20,8) nabigatzen du euskaraz, EUSTATek (Euskal Estatistika Erakundea) emandako azken datuen arabera.

EUSTATen arabera, EAEko 14 urte edo gehiagoko 908.700 biztanlek erabili dute Internet 2008ko bigarren hiruhilekoan, hau da, adin horretako EAEko biztanleria osoaren ia erdiak (% 49,3). 2007ko laugarren hiruhilekoaren aldean % 4,1eko hazkundea dugu.

Erabiltzaile kopuruak ez ezik, Interneten nabigatzeko euskara erabiltzen duten EAEko biztanleen kopuruak ere gora egin du. Bostetik batek nabigatu du euskaraz 2008ko bigarren hiruhileko horretan. Hain zuzen ere, 189.100 lagunek erabili dute euskara Interneten. 2007ko laugarren hiruhilekoaren aldean % 2,5 igo da kopurua.

Amaraunean ere, gaztelania da EAEn gehien erabiltzen den hizkuntza; gaztelaniaren erabilera % 3,6 hazi da. Euskara bigarren hizkuntza agertzen zaigu, beherakada izan duen ingelesaren aurretik: % 5,5 murriztu da ingelesaren erabilera Interneten EAEn. Lehen ingelesa zen bigarren hizkuntza eta gaur, berriz, hirugarrena.

15 eta 24 urte bitarteko gazteak izan dira, adin-tarteei begira, amaraunean gehien ibili direnak (% 91). Hala ere, gorakadarik aipagarriena 55-64 urte tarteko erabiltzaileena izan da, adin horietako erabiltzaile kopurua % 38 hazi baita 2007ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta.

EAEko internautak, batik bat, euren etxeetatik sartzen dira amaraunean. Ikasle gehienek (% 93,3) erabiltzen dute. Generoa kontuan hartuta, berriz, gizonezkoek gehiago erabiltzen dute Internet emakumeek baino, eta alde hori 6,2 puntutik (2007ko azken hiruhilekoa) 7,1era (2008ko bigarren hiruhilekoa) igo da. EAEko gizonezkoen % 53 dira internet erabiltzaile, eta emakumezkoen % 45,9.

Berri ona, beraz, euskararen aldetik, eta oso txarra, aldiz, generoaren ikuspuntua hartuta.

08/09/2008 GMT 1

Joannateguy eta eskuara 1902an (3)

martinez @ 19:19

(...)

EUSKARARI ZOR DIOGUN ONA

Bada nork daki zenbat mende euskaldunak gure oraingo herri honetan direla. Non dira aldiz lehenago, erromanoen denboran, Frantzian, Espainian eta Italian ziren beste jende-aldeak? Haiek guztiak itoak edo urtuak nonbaitik etorritako jende basa batzuen artean.

Euskaldunak, aldiz, aitzina ere euskaldun egon. Bazekiten-eta jende-alde haietako batzuk edo beste beren artera hartuz, beharko zutela galdu, lurra bezain ongi, beren mintzaira ere, eta horregatik ez zieten Euskal Herrian kokatzen utzi, Euskal Herrian berak izango dira aitzina ere etxeko nagusi eta jaun.

Eztabaida biderik izan dezatela beren artean, eta han dute Lege Zaharra jakiteko zeinek duen hobena, eta aldiz kanpoko etsai zenbaitek nahi baldin badiote egin bidegaberik, orduan denak elkarretara bildu eta zainduko dute ederki beren herria.

Non zitezkeen hobeki euskaldunak egoteko eta ere puliki bizitzeko? Inora joan gabe, bazituzten hemen bertan aran eta zelai ederrak bihiarentzat, mendi gizenak azienda xehe eta larri guztientzat, itsas zabala ere arrantzarako.

Oraingo egunetan ere nongo gizon gazteak dira euskaldunak baino hobeto ikusiak, dela armadetan, dela ontzietan? Euskarak eduki baikaitu jende mota guztietatik bereiz, eta lehenagoko euskaldun aipatuen odola oraino gure zainetan.

(...)

01/09/2008 GMT 1

Joannateguy eta eskuara 1902an

martinez @ 07:48

Aspaldian aipatu nizuen Bazilio Joannateguyren "San Benoaten bizitzea", Klasikoak bildumakoa. Liburu eder horrek badakar eranskin batean Joannateguyren saiakera, "Eskuara" izenekoa, irabazle suertatu zena Urruñako Euskal Jaietan, 1902. urtean. Horri esker, Joannateguyk 100 franko politsikoratu zuen.

Testua hizkuntza politikazko pieza jakingarria izanik, laburtu eta moldatuko dizuet. Komentatzeko mordoa dauka testutxoak. Besteak beste, euskaldunak aipatzen dituelarik, askotan (ez guztietan, ordea) gizonak baino ez direla agertzen, emakumerik ez balego bezala. Benetan deigarria egiten zait hori.

Hainbat kapitulutan banatu dut oso idazki luzeak ez egitearren. 

Irakur dezagun, besterik gabe. Hona hemen:

 ESKUARA

Euskaldun ez den jendea, erdaldun bat izan dadiela errengurarik eta axolarik gabe gure mintzaira maiteaz, ez luke horrek gauza handirik esan nahi. Zer doakigu guri ere erdaldunak mintza daitezela gisa batera edo bestera? Erdaldun batzuek begietan hartua izan dezatela euskara; banoa urrunago, egin ditzatela zazpi eginahalak gal dadin lehen bait lehen, hori ere adi liteke hein baterainokoan.

Baina inola ere adi ez dezakedana da nola Euskal Herrian sortuak diren euskaldun seme batzuek ez zuketela gehiagoko atxikimendua beren amaren altzoan ikasi mintzairarentzat; nola izan daitezkeen ekarriak hain erraz euskararen bazterrera uztera.

Euskaltzale egiazko bat joan dakiela halako horiei esatera ez luketela euskara galtzen utzi behar; baina, jardesten ez badute ere euskaratik zer aterako duten? Euskarak zer emango dien? Haiek, aitzina ere, berdin ezaxol izango baitira, eta amodiorik gabe beren haurreko mintzairarentzat.

Eta bizkitartean bestelako ikustaterik zor genioke, bai, gure euskara ederrari.

(...)

22/07/2008 GMT 1

Euskararen erabilera normalizatzeko IV. plangintzaldia Eusko Jaurlaritzan (2)

martinez @ 07:23

Hona hemen Patxi Baztarrikaren artikuluaren laburpenaren bigarren zatia.

Gelditu ginen aurrekoan euskararen ezagutzari buruzko datuak ematekotan. Hona hemen datuok:

  • Eusko Jaurlaritzako lanpostuen % 41ek du derrigortasun data (DD).
  • DDrik ez dauka % 59k.

Datu hauek DD duten lanpostuetan diharduten langileei buruzkoak dira:

  • Horien % 37 interinoak dira (pfiuuu! askotxo, ez da?). Ia interino guztiek daukate egiaztaturik hizkuntza eskakizuna (HE). Ze erremedio!
  • Langile titularrei bagagozkie, % 47k egiaztatu dute dagokien HE eta baxuagoren bat, berriz, % 5ek.
  • Adinagatik salbuetsiak % 7 dia.
  • Ezer ere egiaztatu ez dutenak, azkenik, % 4.

Horren ondorioz, 3.000 langile dira euskaraz lan egiteko gauza; hala ere, gaztelania da horien gehienen lan-hizkuntza.

Ezagutza ezinbestekoa da erabilera areagotzeko; ez da nahikoa, ordea. Faktore ugari dira euskararen erabileraren oztopagarri: langileen eta administrazioaren ohitura eta inertzia, kezka eta beldurra (segurtasun eza gehituko nuke nik), egoera soziolinguistikoa, inguruan elebakar igari izatea, prestakuntza profesionala gastelaniaz jaso izana, hizkuntza bera estandarizatu eta trebatu beharra...

Planak bi oinarri nagusi izango ditu: batetik, derrigortasun-indize berria ezarri eta betetzea, eta bestetik, euskara ere administrazioko lan- eta zerbitzu-hizkuntza izateko urrats eraginkorrak egitea.

Beraz, DD jartzeko aplikatuko den indizea 2001eko Biztanleria eta Etxebizitza Zentsuko datu linguistiko ofizialetatik aterako da:

euskaldunak gehi ia euskaldunak bider 2 = % 43,87

Beraz, euskararen ezagutzea egiaztatzea beharrezkoa izango da 2.876 lanpostutan (% 43,87) eta merezimenduzkoa, berriz, 3.680 lanpostutan.

Bestetik, erabilerarako irizpideei dagokienez, hona hemen berrikuntza batzuk:

  • Sortze lanaren sustapena, itzulpenaren morroi izan gabe.
  • Idazketa elebiduna, korredakzioa.
  • Kalitate komunikatiboa bermatu.

17/07/2008 GMT 1

Euskararen erabilera normalizatzeko IV. plangintzaldia Eusko Jaurlaritzan

martinez @ 07:08

Horri buruzko artikuluak argitaratu zuen Patxi Baztarrikak lehengo egunean, uztailak 14 (Errepublikaren Eguna Frantzian). www.erabili.com gunean. Hona hemen laburpena.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak uztailaren 1ean onartu zuen plan hori, 2008-20012 tartean EAEko Administrazio Orokorrean aplikatzeko. Plana ez dagokie, beraz, foru aldundiei, ez eta udalei ere.

Helburu funtsezkoena da gizartea eta Administrazioa gero eta elebidunagoak izan daitezela, beti ere herritarren hizkuntza-aukera errespetatzen delarik. Eta euskara ere, gaztelaniarekin batera, Administrazioko lan-hizkuntza "normala" izan dadila.

Hauxe da abiapuntuko egoera egun Eusko Jaurlaritzan:

  • Ezagutza nahiko handia da; urria, ordea, erabilera. Ezagutza handitzeko egindako ahaleginari ez zaio etekin betegarririk atera.
  • Euskararen presentzia nahiko bermatua dago arlo hauetan: hizkuntza paisaianeta erakundeen kanpo-harreman ofizial idatzizkoetan.
  • Presentzia hori gehienbat itzulpenari esker bermatzen da: itzultzen den guztiaren % 80 gaztelaniatik euskarara bihurtzen da.

Hurrengo batean agertuko ditugu euskararen ezagutzari buruzko datuak.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!