Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: berdintasuna

04/11/2007 GMT 1

Komunikabideak eta genero-desberdintasuna (eta V)

martinez @ 10:22

cosmopolitan1.jpgAzkenengo atal honetan emakumeentzako prentsa edukiko dugu hizpide.

Nerabeentzako aldizkariek lau kode nagusi bete ohi dute: erromantizismoa, etxea, moda eta pop musika.

Hizkerari dagokionez, nabarmentzekoa da horrelako aldizkariak emakumeen hizkuntzaren estereotipoez baliatu ohi direla, irakurleen "bihotzera" zuzen eta erraz iristeko.

Elena Feliu Arqueolak, Cosmopolitan eta Telva aztertuta, egiaztatu du erruz erabiltzen dituztela zu edo gu izenordeak, elkartasunaren estrategia gisa, lagun minen arteko elkarrizketa bat-batekoa simulatu nahian.

Horretaz gain, aldizkariok "adeitasun" teknikak ere ohi darabiltzate, irakurleei atsegin izateko, irakurleen balioak eta gaitasuna aintzat hartzen dituztela adierazteko. Horrela, emetasunaren irudi positiboa osatzen dute, gizonekiko desberdintasuna nabarmenduta.

Bereziki lantzen dute emakumeen arteko intimitatea, hurbiltasuna, elkartasuna eta berdintasuna, baina aldi berean emakumeen identitateak desitxuratzen dituzte, emakumeen arteko gizarte ekonomia eta kultura desberdintasuna izkutatzen baitute. Emakumeen arketipoa egin dute, emakumeen funts unibertsala, gizonen aurrean definitzen dena.

01/11/2007 GMT 1

Bertakook gero eta gutxiago. Kanpotarrak gero eta gehiago

martinez @ 08:01

Euskal Herrian 2006an etorkinei esker egin zuen gora biztanle kopuruak. Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak bere azken txostenean etorkinak biztanleriaren % 4 ziren iaz Euskal Herrian. Euskal herritarron kopuruak % 0,4 egin zuen gora 2006an: 2.133.648 biztanle gara, beraz. Euskadin bizi diren etorkinen kopuruak, berriz, % 17,4 egin zuen gora. Badira jada 85.524.

Horiek horrela, etorkinek funtsezko aldaketa ekarri diote gure demografiari, 1998tik 2006ra 35.829 lagun bertoko galdu baitzuen Euskal Herriak (4.000 bat urtean, beraz); biztanle kopuru osoak, ordea, 32.520 gehiago eskuratu zuen, atzerritik 68.349 lagun etorri zirelako. Euskadin, hala ere, etorkin gutxi daukagu, Espainiako beste eskualde batzuen aldean.

Espainiara datozen etorkinen % 70 betiko geldituko da. Horiek horrela, bada, 20025. urtean Espainian zortzi milioi biztanle berri edukiko dugu. Hala dio behintzat Etorkinaren Komunikaziorako II. Urtekariak, urriaren 17an Madrilen aurkeztuta.

Espainian bizi direnen % 9,9k atzerriko jatorria dauka. Apur bat behera daude Frantzia (% 9,6), Alemania (% 8,9) eta Erresuma Batua (% 8,1). Espainiak etnia gehien daukan herria da Eurpako Batasun osoan eta munduan etorkin gehien hartzen duen herria da, Estatu Batuen atzetik. Hala dio behintzat Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak.

29/10/2007 GMT 1

Komunikabideak eta genero-desberdintasuna (IV)

martinez @ 20:39

Laugarren atal honetan emakumeak egunkarien sailetan nola agertzen diren azalduko dugu.

  1. Politika eta ekonomia. Sail horretan oso emakume gutxi azaldu ohi da (% 3,42) eta kasu benetan bitxiar gertatu ohi dira: Ana Patricia Botín andreaz, esaterako, denok dakigu haren aita zein den, baina zein kargutan diharduen, ordez, ez.
  2. Gizartea. Hemen daude emakumeen aipu gehienak (% 22,54), batik-bat osasunaz, tratu txarrez eta bioteknologiaz aritzean.
  3. Kultura, ikuskizunak eta komunikazioa. Emakume ugari horretan ere bai (% 19,86). Agian horregatik jotzen da sail hau kazataritza erraz edo bigarren mailakotzat. Estereotipo gehienak agertzen dituen saila ere bada.
  4. Kirolak. % 3,92 dira emakume hemen. Batik-bat albiste laburrean agertzen dira eta hainbatetan kirol kontuak ez direnak agertzeko: emakume tenislari bat eta haren entrenadorea ezkondu behar direlako edo.

22/10/2007 GMT 1

Komunikabideak eta genero-desberdintasuna (III)

martinez @ 17:48

Ekamumeen gaineko estereotipoak hedatzeko, metaforak, esaera zaharrak, adjektiboak eta metonimiak baliatu ohi dituzte komunikabideek. Estereotipoak, gainera, aho biko ezpata izaten dira, estereotipo positibo batek itzal negatiboa ekar baitezake, eta alderantziz.

Komunikabideetan informazioaren protagonista gizonezkoa da ia beti. Emakumeak agertuz gero, gizonezko baten familiakoak izatean dira eta % 30 identifikatu gabe agertu ohi da.

Baina emakumeen protagonismoa gizartean komunikabideetan bezain pobrea al da? Ez. Komunikabideetan agertzen diren emakumeak % 11,88 dira eta gizartean emakumeen parte-hartzea hortik gorakoa da. Azalpena izan daiteke emakumeak protagonista diren gizarte-mugimenduak ez direla hierarkiaz antolatzen eta komunikabideek ez dutela beti interlokutorea bera topatzen.

Egunkarietan agertzen diren izen berezien % 9 baino ez da emakume izena. Aipatzen diren emakume guztien % 63 aktore, kantari eta irrati-telebistetako aurkezleak dira; % 12 beste lan-jarduerei dagokie eta % 11, azkenik, gizonarekiko harremanak definitzen du. Asteburuetako aldizkarietan emakumeak modari lotuta agertu ohi dira.

Argazki eta irudietan ere topatzen dugu sexismoa: emakume kirolariak, esaterako, gona jasota edo arropa estua daramatela azaltzen dira.

17/10/2007 GMT 1

Komunikabideak eta genero-desberdintasuna (II)

martinez @ 18:20

Bigarren atal honetan estereotipo femeninoaz arituko gara. Hona hemen nagusia: estereotipoko emakumea ona da beti, pasiboa, esaneko, mendeko, otzan, samurra, eztia, ama xeratsua, etxekoa, atsegina, irribarretsu, ulerkorra, abegikorra, isila, leuna, ekimenik gabea, epela, beldurtia, beti gazte eta baldintza gabeko euskarria gizonarentzat. Ingurukoak maite eta babesten ditu, haien mendekoa da guztiz eta haien kezka dauka beti.

Estereotipo nagusi horren barruan, hainbat azpiestereotipo ere badaude. Hona hemen:

  1. Amuma zuhurra.
  2. Etxeko andrea. Ederki jantzita azaldu ohi da, inguru neutri zehazkabeetan, etxeko lanekiko lotura zuzenik gabe, etxeko lanen konnotazio negatiboa ezabatu nahian. Publizitateak nabarmendu nahi duenean produkturen bat prestatzen edo erabiltzen erraza dela, orduan bakarrik agertzen dira gizonezkoak, egitekoa emakumeei dagokiela iradokita, noski.
  3. Lanbidean arrakastatsua. Lanean daukan arrakasta erakargarria izatearen ondorio naturala da eta, erakargarri izateko, produktu egokia eskuratu du, ziur.
  4. Gauza-emakumea. Ez du bat ere nortasunik. Gizon guztiek eros dezkaeten zerbait besterik ez da. Erakargarri sexual hutsa da, gizonak asebetetzeko baino ez du balio. Apaingarri edo erakusleihi izan daiteke, dena den. Erakusleiho izatekotan, trofeoa ere bada, aldi berean, soinean daramatzan jantziek edo bitxiek gizonaren gizarte-maila jartzen baitute agerian.
  5. Emakume osagarria. Zoiontsua da, gizonaren nahiak asenetetzeko gauza izanik.
  6. Nerabe "guaia".
  7. Emakume ederra. Albistegietako aurkezleak, kasu. Emakume ederra hauetako bat izan daiteke: a) la femme fatale; b) emakume-neskatila haur aurpegiduna; c) aurreko bi horien batuketa.

13/10/2007 GMT 1

Komunikabideak eta genero-desberdintasuna (I)

martinez @ 08:11

Horrelako titulua (Medios de comunicación y diferencia de género) dauka sarean topatu dudan Juan Carlos Suárez-en artikulu interesgarriak. Aurreko askotan bezala, hainbat ideia solte aterako diot, gogoetarako parada emango duelakoan.

  • Komunikabideetan gizonezkoek ez dute ezer aldatu, orain dela bi mende bezala dihardute. Komunikabideetan ez dago "etxeko gizonik", Rodríguez, Goikoetxea daudenak edo opor-alargunak baizik.
  • Gero eta homosexual gehiago agertzen digute; estereotipo bihurtuta, ordea.
  • Emakumeen tradiziozko lanbideak (etxeko andrea, garbitzailea, sukaldaria...) bigarren edo hirugarren mailakotzat jo ohi dira, pobrezia eta ikas-maila eskasari loturik.
  • Inoiz gutxitan agertzen dizkigute "gizonen" lanbideetan diharduten emakumeak. Telesailetan sekula ez da ikusten emakume su-hiltzailerik, ez eta taxi edo bus gidaririk ere. Sukaldaritza saioetan, gainera, chef ospetsuak gizonezkoak ohi dira.
  • Komunikabideak ez dira errealitatearen isla zehatza, errealitatea interpretatzeko proposamena baizik. Gainera, beraien enpresa-egitura dela kausa, ez dute errealitate osoa islatzen, bahi dituzte zatiak baizik.

Nahikoa momentuz. Bigarren atal bati ekingo diogu hemendik gutxira.

08/10/2007 GMT 1

Emakumeen osasuna ikergai

martinez @ 17:57

Berri ona irakurri dut El Nervión argitalpenean (horren berririk ez duzunoi azalduko dizuet Bilboko metroan doan banatzen duten horietako bat dela, Vocento taldekoa) astelehenean, irailak 17. Berri ona emakumeontzat eta emakumeen osasuna ikertzeko diru gehiago erabili beharko litzatekeela uste dugunontzat.

Badio,bada, berriak, Galdakaoko Ospitalean tratamendu berria ikertzen ari direla fibromialgia sendotzeko. Interesgarriena da tratamendu horrek diziplina bat baino gehiago hartuko duela. Fibromialgiak, dakizuenez, ez dauka sendatzerik, momentuz behintzat, eta sintoma nagusia min kronikoa du.

Galdakaoko Ospitalearen proiektuak hiru urte iraun behar du, aurtengo apirilean abiatuta. Ordutik hona hamabost gaixoko talde batzuek sei astetan tratamendua jasotzen dute. Esan bezala, tratamenduak berez dakartza aldi berean farmakoak, laguntza psikologikoa, fisioterapia eta informazioa gaixotasunaz eta haren ondorioez.

Ikerkuntzaren arduraduna Fernando Torre dugu. Badio Euskal Herriko biztanleen % 3 dabilela fibromialgiak jota eta gaixo gehienak emakumeak direla. Gaixoek min kronikoa dute, antsietate handia, depresioa eta, hainbatetan, suminkortasuna kolonean eta insomnioa.

Fibromialgia-gaixoen elkarteek badiote askotan medikuek es dietela behar bezala lagundu eta psikoatrarengana bidali dituztela, minak asmazioak zirelakoan.

25/09/2007 GMT 1

Albiste bi: bata ona eta bestea txarra

martinez @ 18:41

Albiste bi dauzkat prostituzioaz: bata ona da eta bestea, txarra. Zein nahi duzu lehenago?

Txarra? Goazen, bada.

Pasa den larunbatean, irailak 22, goizez, 23 urteko gazte batek prostituta bati deitu zion. Prostituta etxera joan zitzaion. Tipoa Bilboko Alde Zaharrean bizi zen.  Etxera iritsita, emakumeak dirua eskatu zion ezer baino lehen. Tipoak ezetz eta emakumeak uko egin zion sexuan aritzeari eta alde egin nahi izan zuen. Baina tipoak ez zion utzi. Bortxaz eraman zuen etxe barnera, kolpeka hasi zitzaion, ohe gainera bota zuen eta masturbatzen hasi zen.

Hortik gutxira emakumeak lortu zuen etxetik akde egitea. Ertzaintzari deitu zion. Ertzaintzak ospitalera eraman zuen. Emakumeak gutxienez bi egun eman du ospitalean, zauri larriak zeuzkan-eta.

Tipoa berehala atxilotu zuten ertzainek. Aurrean ere atxilotu zuten beste batzuetan: sexu abusuak egin zituen batean eta tratu txarrak eman, beste batean, familiako bati.

Eta berri ona? Hona hemen. Madrilen eta Euskal Herrian hemendik gutxira kaleratu behar duten egunkari berriak ("Público") ez du prostituzioaren publizitaterik edukiko.

19/09/2007 GMT 1

Odolean bat

martinez @ 19:19

Duela gutxi aurkitu dut elmundodeally.blogspot.com blog eder interesgarria. Aurtengo maiatzean oso artikulu jakingarria ekarri zuen emakumezkoon hilekoari buruz.

Artikuluaren hasieran kexu azaltzen da Ally, diru gutxi erabiltzen delako emakumeen sexuari buruz ikertzeko, baldin eta kontuak erreprodukzioarekin edo kontratzeptzioarekin zerikusirik ez badauka, jakina. Are tristeago egiten zaio, gainera, munduan egin diren ikerketa asko sekula ez jakinarazi izana.

Artikuluak "McClintock efektua" aipatzen du, hilekoak sinkronizatzean datzana. Martha McClintock (hau abizen gaitza, arraio!) doktoreak 1970eko hamarkadan argitaratu zuen bere ikerketa baten emaitza: toki komun batean bizi diren emakume talde batean halako gizarte-elkarreragiketa gertatzen da, prozesu fisiologiko motaren bat haien artean eta horrek erabatez eragiten die emakume horien hilekoei eta sinkronizatu egiten ditu. Labur, elkarrekin denbora luzea ematen duten emakumeen hilekoak sinkronizatu egiten dira, hots, aldi batera gertatzen dira. McClintockek neskatilen egoitza batean egin zuen ikerketa, 17-22 urte bitarteko 135 emakumeekin eta ez zituen horien kausak gehiegi aztertu. ordutik hona berrogei urte joan dira eta zer gehiago dakigu? Ezer gutxi.

McClintockek aipatu zuen arrazoirik probableena feromonak ziren: antza, emakumeok besapeetatik askatzen ditugun feromonek elkarreragiketa sorrarazten dute gurekin batera luzez bizi emakumeen hilekoan. Dena den, gaur dudarik gabe dakigu, horrelakoa gera dadin, bi emakumek edo gehiagok denbora luzea eman behar dute elkarrekin. Arrazoiak, beraz, zerikusirik ez dauka ilargiaren faseekin edo gizonezkoen harremanarekin. Jakin dezatela, beraz, falokratiko guztiek, emakumeoi gertatzen zaigun guztiak amatasunarekin edo erreproduzitu eta arra erakarri beharrarekin zerikusia duela uste dutenek.

Orain dela bost urte, 2002an, kontuari buruzko ikerketa guztiak errekopilaturik, berretsi egin zen McClintocken azterlanaren emaitza eta beste datu bat gainera: zenbat eta handiagoa izan emakumeen arteko intimitatea edo afektua, hainbat eta handiagoa, halaber, sinkronizazioa.

Eta horren arrazoaiaz ere apur bat badakigu: Heinbach doktoreak badio feromonak direla eragileak.

Bide luzea dugu, dena den, aurrean, horrelako informazioak emakume guzti-guztioi heleraziko bazaizkigu.

13/09/2007 GMT 1

Kastrazio kimikoak ez du ezertarako balio

martinez @ 17:00

Gezurrezko sinismen asko dabil bazterretan bortxaketari buruz. Espainiako Sexu Erasoen eta Tratu Txarren Biktimei Laguntzeko Elkartearen arabera, bortxatzaileen % 70 biktimaren ezagunak dira, haren familia-ingurukoak hain zuzen. Ezinbesteko datua da hori, behingoz apuruko baitugu ezezagunak, arrotzak, kanpotarrak, atzerritarrak direlako uste oker arrazista hori. Kontua da errazago salatzen direla kalean erasoz eta bat-batean gertatzen diren bortxaketak (% 30), ezagun, lagun, adiskide, lankide batek eginak baino.

Beste uste oker baten arabera, bortxatzaileek txikitan sexu abusuak pairatu zituzte eta horregatik egin direla erasotzaile. Guztiz gezurrezkoa da hori eta erraz desmontatzen: emakumeok ere pairatzen ditugu sexu abusuak eta ez dugu inor bortxatzen.

Halaber dabil bala-bala ahotan sexu erasotzaileak gaixo edo zoro direla. Hori oso kasu gutxitan bakarrik da egia.

Ez ahaztu horrelako datuak kastrazio kimikoaz hitz egitean.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!