Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: berdintasuna

02/01/2008 GMT 1

Agintzeko prest

martinez @ 17:55

Araceli Fernández: "Dispuestas a mandar" in Emakunde, 68. zk., 2007ko iraila

Askotan entzun dut Administrazioan guztiz gertatzen dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lan lerrunari dagokionez, kontratatzeko sistema, oposizioa, anonimoa izanik. Batere ados ez nagoela, nire uste hori berrestera etorri da artikulutxo hau. Beti legez, interesgarriena atera dizuet.

(...) 2002. urtean Espainiako Administrazioko goi-mailako kargudunen % 36 emakume ziren. Eta 2001.ean Eusko Jaurlaritzako erakundeetakoen % 27 ziren emakume.

(...) Emakumeen oztopoa ez da prestakuntza eza. Euskal herrian, esaterako, % 58 dira emakumeak unibertsitateetan. Enpresa Administrazio eta Zuzendaritza karreran % 52 dira eta gero eta gehiago, halaber, teknika ikasketetan. Etengabeko prestakuntzari bagagozkio, berriz, askoz ekamuke ikasle gehiago daukagu, gizonezkoak baino, batez ere okupazio-tasa kontuan hartuta. Horrek begi aurrean jartzen digu emakumeek oro har gora era aurrera egin nahi dutela lanbidean.

(...) Baztertu beharreko beste uste oker baten arabera, gizonezkoek lehentasuna eman ohi diete lan-betebeharrei, etxekoei edo pertsonalei baino.

26/12/2007 GMT 1

Helduentzako ikasgelak emakumez beterik

martinez @ 18:57

Irakurtzen edota idazten ez dakiten gizaki gehienak emakumeak dira, gure artean ere bai. Orain dela hirurogei bat urte familiako guztiek, heldu nahiz ume, ateratzen zuten bizimodua ahal zuten moduan eta etxe askotan ez zuten uste garrantzizkoa zenik neskatilak eskolaratzea. Aspaldiko ohitura hura gainditurik dago guztiz; haren ondorioak, berriz, begi-bistan ditugu oraindik ere.

Aspaldiko neskatila haiek galdutako denbora berreskuratu nahian dabiltza gaur: 19980tik 2000ra bitartean emakumeen albabetatze-tasa % 2 handitu zen; gizonezkoena, aldiz, % 1.

Barakaldoko Helduen Ikastegian, esaterako, 117 lagunek ikasten dute irakurtzen eta idazten; hamazazpi baino ez dira gizonezko. Irakasleek diotenez, gizonezkoak lotsatu egiten dira alfabetatu gabe izateaz eta ez ohi dute aitortzen. Sexismoak haiei ere egiten die kalte.

13/12/2007 GMT 1

Ghanatik Euskadira

martinez @ 17:55

Augustine Bukari Ayaab-win (Bukari hemendik aurrera) txiki-txikitan hasi zen modelatzen. Aitite eskulangilea zeukanez gero, beraren laguntzan aritu ohi zen Ghanako herrixka batean. Horrelaxe ikasi zuen artegintzan eta lokatza, porlana, burdina, zura eta brontzea moldatzen. Bukarik berak dioenez, haren lanabes nagusia bihotza da.

Bihotzak hain zuzen ekarri zuen orain dela lau bat urte Euskadira, portugaletetar batekin maitemindu zelako. Portugaleten ezarri zituen, beraz, etxea eta lantegia.

Inspiragarri ditu munduarekin zerikusia duen guztia, kulturen batasuna, elkarbizitza, bihotzez jardun beharra, inmigrazioaren mina (inork ez du gogoko bere herria utzi beharra; nahitaez egiten du beti; gizaki gisara onartu behar gaituzte) eta Afrikako emakumeen indarra: Emakumeak eragiten dio munduari; Afrikan eta hemen ere bai; hemen tabernak gizonez beteta daude-eta.

Haren lan batzuk ditugu ikusgarri Bizkaiko hainbat txokotan. Bukarirena da, esaterako San Pedroren irudia Loiuko parrokiakoa, "Ama Afrika" izeneko eskultura bat Portugaleteko Casiñlda Iturrizar kalekoa ere bai, eta bi dinosaurio Karrantzako Karpin Abentura parkean.

Eta zertan dabil orain Bukari lanean? Bada eskultura bat bi metro luze ari da prestatzen, hau ere Karpin parkean ezartzeko. Eta beste bat ere badauka erdi egina, Bihotzaz pentsatzen duen gizona, alegia

Ghanan ere badauzka Bukarik eskultura batzuk hiri garrantzizkoenetan.

04/12/2007 GMT 1

Beste emakume bat Euskaltzaindian

martinez @ 21:12

Lourdes Oñederra euskaltzain oso izendatu zuen Euskaltzaindiak azaroaren 30ean Bilbon egin zuen osoko bilkuran.

Lourdes Oñederrak, orain arte euskaltzain urgazle, 30. zenbaki-hutsartea beteko du.

Oraindik ere bada lotsatzeko modukoa emakumeeta gizonen arteko proportzioan Euskaltzaindian. Proposatuko nuke gizonezko gehiagorik euskaltzain ez izendatzea, emakumeek % 40 iristen ez duten bitartean.

Eta zalantza bat bururatu zait: Euskaltzaindia herri erakundea izanik, ez al dago Berdintasun Legearen mende?

28/11/2007 GMT 1

Kirolak gizondu egiten al gaitu emakumeok?

martinez @ 20:13

M. Lasarte: "¿El deporte masculiniza?" in Emakunde, 68. alea, 2007ko iraila

(...) Maider Mendizabal pilotaria inoiz behartu egin dute minigona janztera pilotan egiteko, nahiz eta emakume pilotariek betidanik praka luzea jantzi ohi duten. Hala ere, mundialean, bat-batean, erregelamendu berria ezarri zuten.

(...) Neskatila kirolariek badakite ezin izango dutela kiroletik bizi. Motibaziorik ezean, beraz, dedikazioak ere behera egiten du.

(...) Maider Mendizabal: "Haserretu egiten naiz emakumeok lehiakorrak ez garela entzutean."

(...) Ez dago emakume kirolari ereduzkorik. Neskatilek ez dute emakume idolorik, handitan izan nahi duten irudirik.

(...) Genero eta kirol arloetako ikerketen arabera, emakume eta gizonen arteko desberdintasunak, errendimendu fisikoari buruzkoak, erabat murriztu eta guztiz galtzen direla entrenamendu sistema bera darabiltenean. Dena den, ustezko desberdintasun handi hori % 10ekoa da.

(...) Beste mito handi bat emakumeen ustezko malgutasuna da. Egia esan, mutilak neskak bezain malgu dira, baina neskatilek malgutasuna hobetzeko ariketak egiten dituzte.

(...) Neskatilek kirolari uzten dioten funtsezko arrazoia nobioa edo mutilaguna da.

(...) Emakumeen gorputza muskulatzeak ez dakar berez gizonezko ezaugarriak hartzea, moldatzea baizik, zeinak bere jardunaren eskakizunetara egokitzeko.

24/11/2007 GMT 1

Familiaren osasuna emakumeen kontu

martinez @ 10:18

Josune Vélez de Mendizabal: "La salud familiar es cosa de ellas" in Emakunde, 68. zk., 2007ko iraila.

Carmen Valls-Llobet: Mujeres invisibles para la medicina: "Nekez ikertu da gaixotasunak emakumeengan nola agertzen diren. Horri buruzko informazioa biltzeko metodoak gizonezkoei begirakoak dira gehienbat eta oro har ez da kontuan hartzen sintomak desberdinak izaten direla emakumeengan. Esaterako, bihotzekoa ikertzen hasi zenean, aurreneko ikerketa haiek ez zituzten emakumeen sintomak kontuan hartu. Horregatik inor ez zen ohartu emakumeen bihotzekoen lehenengo sintomak zorabioa eta sabelean jaio eta barailetara igotzen den mina direla; gizonezkoen sintomak, berriz, denok dakizkigu: bularreko mina ezkerreko besora doana."

(...) Emakumeak sarriago ohi doaz osasun etxeko edo anbulatorioko kontsultara; gizonezkoak, berriz, askoz gehiagotan gelditzen dira ospitaletan ingresaturik.

Benetan datu jakingarri bitxiak horiek.

21/11/2007 GMT 1

Amatasuna

martinez @ 18:57

Begoña Martínez Domínguez: "¿Por qué tienen que seguir luchando las mujeres contra los tópicos y prejuicios sexistas?", in Emakunde, 2007ko iraila

(...) Genero-desberdintasunak handitu egiten dira tartean amatasuna sartzen denean.

(...) Hortaz interesgarria izango litzateke ikertzea zergatik diren gero eta gehiago amatasuna atzeratzen edo betiko errefusatzen duten emakumeak. Horren erantzun bat, ez bakarra, izan daiteke, horrela desberdintasuna sortzen duen baldintza biologikotik libratuko direlako ustea. Baina desberdintasuna ez du amatasunak sortzen, amatasunaren inguruko aurreiritziak baizik.

(...) Munduko eme guztiengan gertatu ohi da bizizaldia luzatuta, ama izateko aldia ere luzatzea. Paradoxazko samarra da giza-emea horrelakorik gertatzen ez den eme bakarra izatea.

(...) Egungo emakumeok 85 bat urtetan bizi gara bataz bestez eta horietako 83 bat eman ohi dugu ama izateak baldintzatuta, gestazioan, erditzean eta ditia ematen bi urte edo eman ohi dugulako. Gainera, hiru funtzio biologiko horietan bakarrik da emakumea ordeztezina; egun behintzat.

(...) Emakume batek ama izango den edo ez erabaki behar duen bizialdia lan garapen handienaren aldia da kasualitatez.

(...) Horretan ez da batere lagungarria askotan balore positibo batzuk negatibo batzuekin nahastea: afektibitatea, batetik eta alienazioa, sentikorregikeria, bere inetresak ahaztea, gizonezkoekin otzan jokatzea edo bizimodu publikoari uko egitea.

(...) Desberdintasun biologikoak, horrelakorik egonez gero, sekula ez du hierarkia zuritzen. (...) Baina desberdintasun biologikoak "emakumezkoen desabantail naturaltzat" jo ohi dira, eta aitzakia gisara erabiltzen dituzte askok emakumea erreprodukzioan eta etxean gordetzeko.

(...) Bikoteek egunean bizi duten krisiaren faktore bat da gizonak bere tradiziozko zeregina aldatu ez izana: azken batean oraindik ere tradiziozko emakumea nahi eta behar du.

18/11/2007 GMT 1

Eskolan ere homofobia

martinez @ 13:00

Eusko Jaurlaritzak Berdindu izeneko zerbitzu bat dauka lesbiana, gay eta transexualen arretarako. Bedinduk azterlana egin du berriki Euskadiko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta ageri-agerian utzi du bestelako sexualitatea erakusten duten haurrek gorriak ikusten dituztela, haur horien erdia etxean ere arbuiatzen dutela, hamarretatik zazpik erasoa jasaten dutela eskolan eta % 32k eraso fisikoa ere pairatzen duela.

Horiek horrela, eskolako eraso askoren jatorrian homofobia omen datza. Nerabe homosexualek adineko ohiko arazoak dituzte eta, horietaz gain, arbuioa ere jasaten dute, beren aukera sexuala dela kausa.

Hau panorama beltza!

13/11/2007 GMT 1

Genero eta emozioak

martinez @ 21:24

lagrima.bmpOso interesgarria iruditu zait Lucía Martínez Odriozolak iraileko Emakunderen aldizkarian idatzitakoa. Laburtu egingo dizuet. Aurreko batzuetan bezala, neure iritzi-ekarpenak arrosaz markatu ditut.

Olga Sánchez fiskala da. Oso langile fina. Martxoaren 11ko atentatuaren epaiketa dela kausa jakin dugu haren berri. Salaketa-txostenean Sanchezek oso berba gogorrak izan zituen konspiraziozaleentzat, agian biktima ahulena aukeratuta, kolokan jarri baitzuten beraren lana fiskal gisara. Misoginoek beti uste dute emakumeak ahulenak garela. Kasu honetan oker ibili ziren guztiz.

Sánchezek bere txostena irakurtzen zuen bitartean, epaiketa-buruak errieta egin zuen, "epaiketatik kanpoko pertsonak" aipatzeagatik. Geroago jakin genuen horren ostean Sánchez negarrez irten zela aretotik. Nola interpretatu behar dugu fiskal baten negarra, lan arloan ustegabekoa izanda?

Handik egun batzuetara, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Rafaela Romero aukeratu zuten batzarburu. Komunikabideek berriro erakutsi ziguten emakume bat negarrez, emozioaz gainezka, ustegabekoa zela kasua.

Ségoléne Royal-ek kontra egin zion Nicolas Sarkozy-ri hauteskunde-eztabaida batean. Hala Sarkozyk nola frantses askok gaizki ulertu zuten Royal, emozioak adierazten eta iritziak irmo plazaratzean. Sarkozyri esan zion ez dela gizabidezkoa lasai egotea pobreziaren aurrean: batzuek ulertu zuten kontrol eza zeukala eta beste batzuek, aldiz, Royal sendo, adoretsu, zintzo eta sendoa dela.

Sentimenduak eta emozioak gizaki guztioi dagozkigu. Horien beharra daukagu, biziko bagara. Alexitimia gaixotasun neurologikoa da: funtsean emozioak identifikatzeko gaitasun eza. Alexitimiak jotakoek, beraz, ezin dute emozioez hitz egin; gaixo gehienak gizonezkoak dira. Sentitzen eta hunkitzen ikasi egin daiteke; horretarako, ordea, beharrezkoa da sentimenduen eta emozioen kimuak haurtzaroan ez ebakitzea. Horrelako kimuak neskatilei akuilatu eta indartzen zaizkie; mutikoei, berriz, arbuiatu eta moztu egiten zaizkie.

Zergatik hunkitzen gaitu gehiago gizon baten negarrak? Zergatik uste dugu emakumeen negarra batere serioa ez dela? Zergatik uste dute askok bidezkoa ez dela, arma gisara ez duela balio edo ez duela erabili behar?

Gizonezkoek erabiltzen ez dituzten armak onarturik ez daudelako. Gizonezkoek erabaki dutelako horrelako armak, eurek erabili gabeak, ezin direla borrokan erabili. "Emakumeen armak" debekaturik daudela, gizonezkoek ezin dituztelako erabili.

10/11/2007 GMT 1

Emazte ohiari pentsiorik ez ordaintzea genero-indarkeria da

martinez @ 12:48

Hala uste du behintzat Valladolideko Auzitegiak, hala adierazi baitzuen aurtengo ekainean: hots, familiarekiko beharrak ez betetzea genero-indarkeria da, urratu egiten baititu emakumearen eta adingabeen eskubideak.

Valladoliden bataz bestez sei salaketa egin ohi dira egunean emate ohi eta seme-alabei pentsiorik ordaindu ez izateagatik.

Hainbat kasutan salaketa azken urteotan pentsiorik erreklamatu ez duten pertsonek egiten dute. Emakumeek, seme-alabak adingabeak zirenean, ez zuten pentsioa erreklamatu, nahiz eta epaitza irmoa beren alde eduki, zenbatekoa ezartzen zuena. Seme-alabak, ordea, adin nagusi egin eta salaketa egiten dute, iraganean kobratu gabeko pentsioak erreklamatzeko.

Emakumeen kontrako indarkeria mota bat baino gehiago dago: indarkeria fisikoa, psikikoa eta ekonomikoa. Indarkeria ekonomikoaz gutxi hitz egiten da. Bada, beraz, hasteko garaia.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!