Norvegia omen da andre-gizonen arteko berdintasun handiagoa dagoen herria. Berriki lorpen paregabea eskuratu dute hango emakumeek: enpresen % 80ko administrazio-kontseiluetan kideen % 40 emakumeak dira. Orain dela bi urte, aldiz, % 15,5 baino ez ziren.
Berdintasun Legeak horrelakoa ezarri zuenean enpresarien elkarteek kontra egin zioten. Baina legeak halaber ezartzen zuenez gero, egin ezean, balitekeela zigor moduan enpresa ixtea, enpresa askok erabaki zuten izaera juridikoa aldatzea, kontuan hartuta legea sozietate mugatuei ez zegokiela.
Osloko gobernua guztiz sinisturik dago kuoten sistemak bakarrik apurtuko duela emakumeak zapaltzen dituen "kristalezko sapaia". Unibertsitateko lizentziadunen % 50 emakumeak dira. Zergatik gelditu behar dira erabakiak hartzen diren guneetatik at? Herriko baliabide guztiak erabili behar dira, ez bakarrik erdia.
Horrelako neurriei esker da gaur Norvegia berdintasunaren eredu. Norvegian 1913an eman zuten botoa emakumeek, inon baino lehenago Europan behintzat. Gobernuen parekotasuna 1970eko hamarkadaren bukaeran etorri zen.
Sigrun Vageng andrea Norvegiako enpresarien elkarteko presidentea da eta legearen kontrakoa. Hala ere, bete behar dutela onartuta, nahiago izan du pentsetan hastea zer egin behar duten enpresetan emakume exekutibo onenak edukitzeko eta, horrela, Female Future izeneko programa sortu dute.
Seiehun bat emakumek hartu dute parte programan. Prestakuntza jaso dute administrazio-kontseilu batean jardun ahal izateko eta harremanean hasi dira enpresa handietako presidenteekin, elkar ezagun dezaten eta kontratatu beharreko lagunen artean emakumeak ere egon daitezen. Programan parte hartutako emakumeen % 60k jaso du administrazio-kontseilu batean jarduteko eskaintza.
Parte-hartzaile horietako bat da Kari Nicolaisen. Ez zaio gustatzen emakumeak emakume izate soilagatik kontratatzea, merituei erreparatzea nahiago baitu. Hala ere aitortzen du gizonezkoek gizonezkoak kontratatu ohi dituztela, horrela erosoago sentitzen direlako.
Suedia, Alemania eta Europako beste hainbat herri Norvegiari begira daude adi-adi. Egia da Norvegiaren kasua paregabea dela: langabeziaren tasa % 1,6koa izanik, enpresari askok nahi gabe hartu behar izan zituzten emakumeak, lanpostuak hutsik utzi ezinean. Ongizate maila jasoak eta haurtzaindegi ugariek ere errazten dute lana eta familia bateratzea. Baina hori guztia ez zen orain arte nahikoa izan enpresetako "kristalezko sapaia" apurtzeko.