Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: berdintasuna

26/04/2008 GMT 1

Emakumeen migrazioa eta nazioz haraindiko amatasuna

martinez @ 07:53

www.diariovasco.com gunetik datorkit informazioa. Hegoamerikako emigrante gehienak emakumezkoak dira. Haietako asko, seme-alabengandik banandu behar izan duten amak. Hala ere, urrunetik ere, zaindu egiten dituzte.

Lourdes Benería doktorearen arabera, emakume horien zereginak, rolak, aldatu egin dira, edo beste batzuk berenganatu dituzte, dirua bidaltzen baitiote familiari. Hala eta guztiz, diruaren aldetik independenteagoak izanik ere, botere handiagoa dutela sentitzen duten arren, badiraute seme-alaben ardura eta kezka edukitzen. Horri "nazioz haraindiko amatasuna" izena eman diogu.

Benería irakaslea da Cornellgo unibertsitatean (AEB). Badiosku Espainian bizi den emakume boliviarra ezagutzen duela; arratsaldero deitzen die telefonoz alabei eta den-denaz galdetzen die: Zer egin duzu gaur? Eskolako lanak bukatu dituzu? Eskolako lanak egiten ere laguntzen die batzuetan.

Seme-alabak atzera utzi izanak kalte psikologiko emozional gogor handia dakar berez. Baina inork ez dio erreparatzen, migrazioaren alde ekonomiko itzelaren aurrean: 2006an Hegoamerikak 65.000 dolar jaso zuen emigranteen eskutik. Mexiko eta Ekuadorren dibisen lehen iturria emigranteen bidalketak dira.

Gaur egun Hegoamerikako emakumeek betetzen dituzte Europan lana eta familia bateratzeko politika egokirik ezak egindako zuloak. Baina epe luzean zulo horiek berberak zabalduko dira beren herrietan.

1980ko hamarkadan Hegoamerikako emigrante tipikoa gizonezkoa zen eta Estatu Batuetara jotzen zuen. 1990ekotik aurrera, berriz, emakumezkoa da eta Europara doa.

Migrazioa, beraz, feminizatu, emetu egin da eta hegoamerikako emakumeen rola, zeregina aldatu egin da: autonomoago ikusten dute beren burua, askeago, tradiziozko roletatik urrunago. Eta abusuzko harremanetatik iheska dabiltzan emakumeak ere badauzkagu geure artean. Ez dezagun ahaztu.

23/04/2008 GMT 1

Euskal gazteen ustez, seme-alabak emakumeen kontu dira

martinez @ 12:17

Hala dio behintzat pasa den astean plazaratu zen ikerketa baten emaitzak. Ikerketa 14-25 urte bitarteko 900 neska-mutili egin die Euskal Herriko Unibertsitateak. haien ustez, hala gizonek nola emakumeek egin behar dute lan eta etxeko lanak erdibanatu. Parekotasun hori, ordea, apurtu egiten da seme-alabak datozenean, ikasleen ustez, emakumeek utzi behar baitute lanpostua eta haurrez arduratu, txikiak diren bitartean. Hala ere, neskak progresiatgoak dira, mutilak baino.

Ikerketaren arabera, mutilek errazago onartzen dute eraso fisikoa, noizbehinka, gatazkak konpontzeko aukera gisa seme-alaben hezkuntzan, bikotekidearekiko harremanean edo lagun artean. Horrek lotura zuzena dauka pentsakera adierazteko gaitasun ezarekin eta sentimenduak ezkutatzera daramatza.

Erlijiotasun nahiz espiritualtasun senik ere ez dute agertzen eguneroko zereginetan eta gaitasun urria dute, halaber, porrota baikortasunaz gainditzeko edo taldelan baten burua izateko.

Beren buruaren iritzi onik ere ez daukate, beren buruarekiko segurtasunik, beren buruarenganako usterik ere ez. Eta beren itxura fisikoa ez zaio atsegin.

Hau panorama beltza etorkizunerako!

17/04/2008 GMT 1

Prostituzioari buruzko txostena (2)

martinez @ 09:54

Aurreko sarreraren bukaeran bota genuen galdera: zer egin horrelako egoera aurrean dugula? Hona hemen erantzuna.

Prostituzioaren aurrean, bi erantzun desderdin eman dira egunera arte. Batetik dago abolizionismoa, hau da, prostituzioa eta proxenetismoa babesten dituzten legeak baliogabetzearen aldeakoa; eta bestetik dugu legalizazioa eta erregularizazioa.

Emakundek erdibideko hirugarren irtenbidea proposatzen du. Lehenengo eta behin dio prostituzioa ez dela desiragarria, hobe genuela betiko galduko bazen; eta bigarrenik, genero desberdintasunean eta pobrezia eta herrialde garatu eta garatzeko bidean daudenen arteko desberdintasunean datzala. Prostituzioak gizakia gauza bilakatzen du eta emakumearen objektu sexualaren rolari eusten dio.

Hala ere, onarturik eta normalizaturik dago prostituzioa gure gizartean, gehienbat historia guztian egon den zerbait delako. Betidanik existitu izanak, ordea, ez du esan nahi etorkizunean ere existitu behar denik. Horregatik da beharrezkoa usteak aldatzea, hala pentsakeran nola jokaeran, beste fenonemo batzuekin, genero indarkeriarekin, kasu, egin den bezala.

Hitz batean, prostituziorik gabeko gizarterantz abiatu behar gara, beti ere prostituten eskubideak bermatuta.

Horrexetarako lan ildoak izango litzateke berdintasun politikak, garapenerako kooperazioa, inmigranteen aldeko neurriak eta pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkakoak. Halaber da beharrezkoa prostituzioaren kontsumoa jaistea, kontzientzazio kanpaina eginez gizonezkoei begira eta, batez ere, puteroei begira, begi-bistan eduki ditzaten, batetik, prostituzioak emakumeengan dauzkan ondorio kaltegarriak, eta bestetik, haiek eurek horretan duten erantzukizuna.

Aldi berean, prostituzioaren diharduten emakumeen giza bazterketa ekidin behar da, ahalduntze, osasun, lan, gizarteratze, lege-aholkularitza, etxebizitza, segurtasun eta abarreko nerurriak hartuta.

Horra hor Emakunderen proposamen interesgarri baliagarria. Ni, ordea, horren guztiaren balioa ukatu barik, abolizionismoaren aldekoa naiz.

14/04/2008 GMT 1

Prostituzioari buruzko txostena

martinez @ 09:35

Emakumndek egin du 2008. honetan bigarren aldiz, aurreko txostena 2002koa izanik. Ordutik honako aldaketarik nabarmenena zerbitzuak eskaintzeko era da: kaleko prostituzioa gutxituz doa eta etxe eta klubetakoa, aldiz, igoz.

Euskadin ia 2.000 emakume ari dira prostituzioan. Segurtasuna, garbitasuna eta prezioa direla kausa, etxeetan dihardute gehienbat. 210 bat dira putetxe horiek. Berezoei ere abantaila dakarkiete etxeek: diskrezio handiagoa, alegia.

Klubak ere aldatuz doaz. Klub txikiak, lauzpabost emakumerenak, galduz doaz eta gehiago dira orain klub handiak edo makroklubak, hiritik kanpo gehienak, berrogei emakume ohi dituztenak eta sektorean eskarmentua duen jendearen esku. Sektoreak antolatzeko joera dauka: trafikatzaileek akordioak egiten dituzte, ekamumeak trukatzeko, kasu. Horren ondorioz, emakumeek 21 egun eman ohi dute klub batean, menstruazioarekin bat eginez.

Ehuneko 90 atzerritarrak dira eta hiru motatakoak. Batetik ditugu subsahariarrak (nigeriarrak gehienak), oso gazte (18 urte inguruan) eta kalean dihardutenak. Bigarrenik, latinoamerikarrak (brasildarrak gehienak), 18-35 urte bitartekoak, etxe eta klubetan aritzen direnak. Eta hirugarrenik, Europako Ekialdekoak, oso gazteak eta zorrotz zainduak (salgai gisara, noski, ez gizaki eskubidedun gisara).

Bertoko emakume prostitutak, azkenik, gazte eta helduak dira, gehienbat klubetan aritzen dira eta haien %5 transexualak dira, zeinen zerbitzuak gero eta gehiago eskatzen diren.

"Goi mailako" prostitutak, bigarren lanbide gisara hoteletan diharduten ikasle edo etxeko andreak, ez dira sailkapen horretan sartzen, alor horretara ezinezkoa baita iristea.

Erdiek seme-alabak dituzte eta lanbidean dauden arrazoi nagusia, espero bezala, ekonomia da. Atzerritarrak, gainera, egoera irregularrean bizi dira.

Zer egin, bada, horrelako egoera aurrean dugula? Hurrengo kapitulu batean aztertuko dugu.

04/04/2008 GMT 1

Bazterkeria garestiegia zaigu

martinez @ 07:01

Hala dio María Pazos ikerlariak eta ni guztiz konforme nago harekin: emakumeen bazterkeria dela kausa, indarrak alferrik xahutzen dira. Emakumeen prestakuntza maila nahiko altua da, baina giza "kapital" hori alferrik galtzen da seme-alabak zaintzen dituzten denboran; eta denbora hori hainbatetan hamar urtekoa da.

Pazosen nahia gizon "igualitario" sortzea da. Horretarako proposatzen du politika publikoek pizgarriak eman diezazkietela, gizarte eskubideak aitor diezazkietela, zaingo lanetan jarduteko modua izan dezaten. Gaur egun, gizonentzako aitatasun-baimena ez da emakumeena bezalakoa. Beraz, gizonek, nahiz eta igualitario izan nahi, ezin dute amaren neurrian umea zaindu, horretarako baimen egokirik ez dutelako.

Zehatz-mehatz proposatzen du amatasun eta aitatasun baimenak berdin-berdinak izatea, sei aste luze, eta ezinbestekoak. Horretaz gain, gizarte zerbitzu doakoak sortu beharko genituzke, haurrak eta mendeko pertsonak zaintzeko, eta lanaldiak murriztu, noski.

Espainiako Administrazioak horiexetan egiten duen gastua txiki-txikia da, Europako batazbestekoarekin alderatuta. Dena den, gastu handitu baino lehen, ondo egin behar da gogoeta zein ereduri jarraitzeaz, batetik Alemaniakoa baitaukagu (dirua emakumeei ematen zaie etxean geldi daitezen) eta bestetik, Suediakoa, emakumeen enpleguaren, zerbitzu publikoen eta gizonen "etxeratzearen" aldekoa.

Egungo gizartean begi-bistakoa da emakumeek ezin dituztela bateratu amatasuna, bizimodu onargarria eta diru-autonomia eta horregatik, baten bati uko egin beharrean, amatasunari egiten diotela uko. Horien ondorioz dugu jaiotze-tasa benetan txikia eta arazo ekonomiko larria.

María Pazos etxeko andreen soldataren kontra dago. Ni ere bai. Hobe etxeko lana egoki banatzen badugu, horrela bakarrik baloratuko baita.

27/03/2008 GMT 1

Prostituzioa = sexu zapalkuntza

martinez @ 21:00

Aurreko egunotako bat, ziur ez dakit zein, Sexu Zapalkuntzaren Aurkako Europako Eguna izan zen. Hori dela eta, Espainiako Emakume Aurrerakoien Elkarteak adierazi zuen Espainian 18.000 bat emakume atzerritar dira urtero sexu zapalkuntzaren biktima. Eta horiek dira detektaturiko kasuak bakarrik; benetakoak halako bi omen dira. Horiekin batera Emakumeen Salerosketaren kontrako Borroka izeneko txosten bat aurkeztu zuen Yolanda Besteiro presidenteak. Txostenaren arabera, Espainia esklabo bihurtutako emakume horien destino nagusietako bat da.

Espainiako Herrizaingo Ministerioak Sexu Zapalkuntzarako Gizakien Salerosketaren kontrako Plan Integrala prestatu nahi du agintaldi berri honetan. Lau arlo nagusi edukiko ditu planak: aurrezaintza, sentsibilizazioa, hezkuntza eta biktimak lagundu eta babestea.

Badirudi Espainiako gobernuak abolizioaren bidea hartu duela; hau da, prostituzioa babesten duten legeak kentzearen aldeko apustua egin nahi omen duela. Legeztatzea izango litzatelke kontrako aukera. Horretan dihardu Clarisa Belocci, Lan Sexuala eta Elkarbizitza Plataformaren bozeramaleak. Belocciren esanetan Espainian emakume asko beren borondatez eta aske erabaki dute prostituzioan aritzea.

Ni abolizioaren aldekoa naiz. Prostituzioa legeztatzea esklabutza legeztatzea bezalakoa da.

25/03/2008 GMT 1

Berdintasuna saridun

martinez @ 19:56

Bizkaiko Foru Aldundiak urtero saritzen ditu gizon-emakumeen berdintasunaren alde diharduten hainbat entitate. Berdintasun Sariak izenekoak ematen dizkie, hain zuzen ere. Aurten hauexek izan dira saridun: Zierbenako Udala, Berrizko Gure Izarrak emakume elkartea, Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea eta Portugaleteko Goi Mailako Lanbide Heziketa Repelega Institutua. Horretaz gain, sari berezia Berdintasuna Taldeak jaso du. Sariok 2008ko martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, banatu ziren.

Entitate saridun horiek guztiek aurkeztu diote gizon-emakumeen berdintasunaren aldeko proiektu bana Genero Politiketarako Idazkaritza Teknikoari.

Sariok lau kategoria izaten dute: udalak, emakume elkarteak, dirua irabazteko asmorik gabeko entitateak eta Parekatuz proiektuan parte hartzen duten gizarte, ekonomia, politika eta kultur entitateak. Aurten, gainera, esan bezala, sari berezia eman diote Berdintasun Taldeari, hau da, emakume-gizonen arteko aukera-berdintasunerako eta genero-politiketarako Berdintasunaren aldeko Foru Planaren bilakabidearen adi dagoen sailarteko batzordeari. Talde horren ardura da Bizkaiko Foru Aldundiko sail guztietan genero ikuspegia eta genero politikak zeharka aplikatzea.

Agintaldi honetan Bizkaiko Foru Aldundiak Berdintasun eta Herritarren Eskubideen Zuzendaritza Nagusia sortu du, berdintasuanrekin daukan konpromisoaren adierazgarri.

23/03/2008 GMT 1

Gehiegi ikasitakoak

martinez @ 08:52

Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) gezurtatu berri du Arias Cañete Espainiako ministro ohiak esandakoa, 2007ko nazioarteko migrazioei buruzko ikekerketa batean adierazi berri baitu Espainian etorkinek oro har beren lan kualifikazioaren azpiko lanpostuetan ohi dihardutela.

Ikerketaren arabera etorkinen ikas-maila, hartzen dituen gizartearen bataz bestekoaren gainetik ohi dago, herrialde aberatsetan biztanleen % 20 eta langile atzerritarren % 25 baitira unibertsitateko lizentziadunak. Hala eta guztiz, ELGAk ziurtatu du etorkinek zailtasun handiagoak dituztela beren gaitasunarekin bat datorren lanpostua lortzeko. Grezian, dena den, Espainian baino okerrago daude etorkinak ikas- eta lan-maila desberdinei dagokienez.

Espainian 4,5 milioi atzerritar daude erroldaturik. Horrek esan nahi du hamar biztanleetatik bat datorrela beste herrialde batetik. Espainiako Estatistika Institutuak badio, hala eta guztiz, gero eta etorkin gutxiago doazela Espainian: 2005ean ia 700.000 erregistratu ziren; 2006an, 413.000 eta 2007an, berriz, 375.000. Ez da, beraz, egia gero eta gehiago datozenik.

21/03/2008 GMT 1

Lola Ferreiro Sare kongresuan

martinez @ 08:18

Zaingo eta zaintzaileez ari garela, ez dago zehaztu beharrik gure gizarte honetan zaintzaile gehienak emakumezkoak direla eta zaindutakoak, berriz, gizonak. Lola Ferreiro doktorea garbi mintzatu zaigu zaintzaile-zainduen arteko harreman bihurrei buruz. Eta oso gauza bitxi jakingarriak esan ditu.

Ferreiroren arabera, emakume askok guztiz asebetzen duitu zaintze-lanak, beren burua ukatzera (abnegazioa) daramatzan sublimazioak jota. Horrelako emakumeek den-dena zaindu behar dute, berdin delarik zaintzaren objektu horrek hala nahi duen edo ez. Eta gainera zeharo egiten dute, zaindutakoari ez diote arnasik hartzen ere uzten, ez diote askatasunik, independentziarik aitortzen. Praktikan nahasi egiten ditugu independentzia eta afektibitaterik eza; ez dira, ordea, gauza bera.

Afektibitate ez erabatekoa eta gainbabes erabatekoa txanpon bateko alde biak dira; erdiko bidean abiatu behar, beraz. Egozentrismoa okerra da, noski, abnegazioa bezain okerra. Gainera, abnegazioak egozentrismoari laguntzen dio. Elkarren elikadura dira biok. Eta bion kontra dago eskuzabaltasuna.

Emakume abnegatuak asmatu, adibinatu egiten du, adibinazioa abnegazioaren proiekzioa izanik. Nik zu zaindu behar badut, guztiaren gainean zaindu ere, eta zuk hala eskatzen ez badidazu, nik asmatu behar dut zer behar duzun. Eta, horrela, apurka-apurka, sistema bihurri kaltegarria eraikitzen dugu.

Bestalde, badio halaber Ferreiro doktoreak sexuaz mintzatzen ikasi behar dugula. Arazoak ditugularik sexuaz hitz egiteko, hitz egitera behartzea are kaltegarriagoa da. Horregatik, hitz egitera behrtu barik, hobe da giroa paratzea, askatasunaz hitz egiteko modua izan dezagun eta esaten dugun guztia ongi etorria izan dadin.

08/03/2008 GMT 1

Martxoak 8

martinez @ 08:55

Martxoaren 8a da gaur, bai.

Begiratu apur bat zeure inguruan eta jakingo duzu zergatik iraun behar dugun aldarriketan.

Langabetu gehienak emakumeak dira. Lanpostudunek oro har gizonezkoek baino % 25 gutxiago kobratzen dute, prestigio txikiagoko lanpostuetan dihardute eta arrisku handiagoa dute, berriz,  eraso eta jazarpena jasateko.

Administrazioko gizarte zerbitzuetara diru laguntza eske jotzen duten gehienak emakumeak dira, bikotekiderik gabeak (ezkongabe, alargun edo dibortziatu) eta seme-alabadunak.

Emakumeak dira oro har indarkeriaren biktimak: etxean, kalean, eskolan...

Emakumeak arduratzen dira etxearen eta seme-alaben zaintzaz, gizonezkoek kirolean aritzeko modua, liburuak idazteko modua, lanean gora egiteko modua izan dezaten.

Arrazoi gehiago behar al duzue aldarriketan irauteko?

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!