Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Kategoria: berdintasuna

13/07/2008 GMT 1

Emakumeen kuoten alde

martinez @ 08:33

Emakumeen kuotek, hau da, legeak eremu jakin batean emakumezkoen ehuneko zehatza egon beharra agintzeak, ez dute aipu onik, ez eta emakumeen artean ere. Kontrako argudio-arrazoinamendurik franko irakurri eta entzun dut. Horregatik erabaki dut alde irakurriko dudan guztia biltzea. Bada, nolabait, indar-batze modukoa, behar dudanean ateratzeko.

Irakurri berri dut, bada, uztailaren 2an "Emakumea eta Politika" izeneko mahai-ingurukoa egin dutela Sevillan. Espainiako emakume politikari batzuk elkartu dira hara eta kuoten aldeko hauek agertu dituzte.

Inmaculada Riera (CiU). "Ni ez nintzen kuota-zalea, uste nuelako gizarteak aurrera egingo zuela eta emakumeak botereaz jabetzea berez etorriko zela. Urteak igaro dira, ordea, eta aldaketak oso geldo doaz. Legeak ekarri behar ditu aldaketok, beraz."

Rosa Díez (UPD). "Bat baldin bagatoz eta denok uste sendoa baldin badugu ona eta komenigarria dela eremu publikoan eta boterean hala emakumeak nola gizonak egotea, zer edo zer egin behar da, berez ez baita hala gertatzen. Jakina, politagoa izango litzateke jendeak behartu gabe beteko balitu berdintasunaren arauak, baina ez da."

Margarita Uria (EAJ). "Gure bultzadak, gure adimenak edota gure jakintzak bakarrik ez dute inertzia hautsiko. Zerbait gehiago behar dugu."

18/06/2008 GMT 1

Amelia Barquínek euskaraz eta hizkera sexistaz (3)

martinez @ 13:14
  • Neska eta emakume berbak irain moduan erabili ohi dira euskaraz. Hori sexismoaren seinale eta sintoma argi baino argiagoa ez bada, datorrela Jainkoa eta ebatz dezala.
  • Androzentrismoa dabil garai zehatz bateko "sufragio unibertsala" aipatzen dugunean, erabat ahaztuta Frantziako iraultzaren denboran, esaterako, emakumeek ez zutela botoa ematerik. Kontuz, bada, horrelako unibertsaltasunarekin.
  • Esukaraz atsotitz eta esaera zahar benetan kaltegarriak ditugu. Hona hemen hainbat adibide:
    • Ahuntza, atsoa eta emakumea, teman ez ditu inork irabaziko.
    • Ahuntzak katen den mahastia eta andreak agintzen duen etxea, antzeko.
    • Alaba baino, semea hobe.
    • Alaba bakarra, etxean gerra.
  • Ponte izenei dagokienez, Espainiako Kode Zibilak debekatzen dituenez gero identifikazioaz eta sexuaz nahasmena sor dezaketen izenak, onartezina da euskaraz emakume batek eta gizon batek izen berbera izatea. Baina benetan uste al duzue beharrezkoa dela sexu bereizketa izenen bidez argi eta garbi geratzea? Beste hizkuntza askotan behintzat ez da horrelakorik gertatzen.

Eta, bukatzeko, Barquínek azkeneko komentarioa jasoko dizuet. Esuakaz genero morfemarik ez egon arren, argi ikusi dugu zein puntutaraino dagoen generoa, hala ere, euskaran. Aldameneko hizkuntzekin alderatuta, nahiko antzekoak dira horretan, mezuen edukietan adierazten den sexismoa eta emakume eta gizonen trataera asimetrikoa baita diskriminaziorik ohikoena.

11/06/2008 GMT 1

Amelia Barquínek euskaraz eta hizkera sexistaz (2)

martinez @ 06:46

Beste sarreratxo bat eskainiko diot Amelia Barquínek idatzi eta Emakundek kaleratu duen liburuxka jakingarriari. Oharra egingo dut hortaz: hona bildutakoa ez da liburuak dioen guztia, niretzat eta bakarrik niretzat interesgarriena baizik.

Oharra eginda, segi dezadan zerrenda osatzen:

  • Euskaltzaindiak gaztelaniatik mailegatutako presidente, filologo, filosofo, notario eta antropologo moduko berbak onatsi ditu hiztegi batuan. Aurrean ere Lourdes Oñederrari irakurria nion ez duela asmatu Euskaltzaindiak, sexismo kontuetan behintzat, horrelako onarpenekin, euskaldun guztiak gutxienez elebidun izanik, barne-ulermenean "o" hori maskulinotzat identifikatzen baitugu berehala, eta ez neutrotzat.
  • Oso kontu handiz ibili behar dugu gutxiespenezko zentzua duten berba femeninoekin. Atso berbak, kasu, mespretxu ukitua du, agure-k ez bezala. Hiztegietan ere asimetria eta seismoa ote dagoen jaki nahi duenak, jo dezala "Euskal hiztegia"ra eta "bulartsu", "gizalege" edota "emalege" sarreretara.
  • Andereño tratamendua betiko ahaztu behar dugu. Emakume guztiak dira andre, gizon guztiak jaun, eta ez jauntxo, diren bezala, berdin delarik ezkondurik dauden edo ez.

Beno, badirudi hirugarren sarrera baterako materiala dugula. Egin dezagun, beraz, hurrengo batean, hirugarrena. Gutxienez.

09/06/2008 GMT 1

Amelia Barquínek euskaraz eta hizkera sexistaz (1)

martinez @ 08:36

Aurreko sarreran esan bezala, gauza berri interesgarri ugari topatu dut Amelia Barquínen liburuxkan. Zerrendatu egingo ditut.

  • Euskarak genero-morfemarik ez edukitzeak ez du esan nahi euskaraz ezin duenik sexismoa adierazi. Topiko nekagarria bada ere, milakako aldiz idatziko dut hizkuntzak ez direla sexistak, hizkuntza bidez adierazten diren edukiak, ideiak, baizik. Era berean futbol-baloi bat ez da sexista, ematen zaion erabilera baizik.
  • Hitano osoa galtzeko zorian dagoela, galduena forma femeninoak dira. Etorkizuneko hizlariei, hau da, haurrei begira, esan daiteke hainbatek telebistako marrazki bizien bidez baino ez dutela hitanoaren berri eta, marrazki bizietan pertsonaia gehienak gizonezkoak izanik, forma femeninoak nekez entzuten direla. Telebistak hizkuntzan eta hizkuntzaren bilakabidean daukan eragina oso jakingarria da eta gutxi ikertu da, ordea.
  • "Gizon" berba anbiguoa da, hainbatetan gizaki arrak bakarrik azaltzen baititu eta beste hainbatetan, berriz, arrak zein emeak. Horregatik gomendatzen du Barquínek "gizon" berba arrak adierazteko bakarrik erabiltzea eta "gizaki" edo "pertsona" emeak eta arrak azaltzeko.
  • Neba-arrebak, seme-alabak, neska-mutilak... dira erabiltzekoak. Muruagak ("Sexista izango ez den euskararen erabilerarako gomendioak" in HABE, 223, 12-14 or.) azaltzen du elkarte horietan silaba gutxiago daukan hitza doala aurrean. Silaba kopuru berbera daukatenetan, berrizm beti dago maskulinoa femeninoaren aurrean.
  • -sa atzizkia (aktoresa, alkatesa) baztertzekoa da. Oso oso beharrezkoa denean aktore bat emakumezkoa dela esatea, emakumezko aktorea esan dezakegu, zinema-sarietan bezala: Emakumezko aktore onenaren saria.

Nahikoa hori lehenengo sarrera baterako. Hurrengo batean edo batzuetan azalduko dut gainerakoa.

03/06/2008 GMT 1

Hizkera sexista

martinez @ 08:32

Pasa den asteburuan irakurri dut, goxo-goxo, Emakundek hizkera sexistaz atera berri dituen bi liburuxkak.

Aurretik gaztelaniazkoa, bietan potoloena, irakurri dut. Eulalia Lledó andreak idatzi du, hezkuntza arloko testu batzuetatik abiatuta. Betidanik mirestu izan dut Lledó andrea; genero eta feminismo kontuetan teoriagile aparta deritzot. Praktikara jaitsita, ordea, ez dut hain bikain ikusi, agian (benetan galdetzen diot neure buruari, ez dakit-eta) hizkuntzalaria ez delako, agian oso unibertso mugatuan (hezkuntza arloko testu apur batzuetan, esan bezala) ikertu duelako.

Dena delarik ere, kontua da Lledó andreak ez duela ezer berririk ekarri gaztelaniaren hizkera eta sexismoaren eremura eta horri beste kritika bat gaineratu behar diot: ez zen batere beharrezkoa gaztelaniari buruz dioena euskaratzea; nahikoa zen liburuxka bat, gaztelaniari buruzkoa, gaztelaniaz ateratzea eta beste bat, euskarari buruzkoa, euskaraz ateratzea. Zergatik ez, bestela, euskarari buruzkoa gaztelaniaratu? Hiperzuzentasun politikoan gabiltza edo horrelako susmoa daukat behintzat.

Bigarren liburuxka, euskarari buruzkoa, euskarazkoa, Amelia Barquín-ek idatzi du eta askoz interesgarriago, osoago eta berriago iruditu zait. Zer eztabaidatu, zer pentsa eta zer ikertu dakarkio eremuari eta horregatik eskainiko diot post oso bat hurrengo batean.

21/05/2008 GMT 1

Andaluziako Gobernuak 341 kexa jaso ditu emakumeek publizitatean duten irudia dela kausa

martinez @ 11:45

www.redfeminista.org gunetik hartua.

Erreklamazio gehienak jostailu, jateko eta garbikarien iragarkiak direla kausa jaso ditu Andaluziako Sexismorik gabeko Publizitatearen Behatokiak 2007an. 2006an jasotakoen aldean, % 13 handitu da kopurua.

Kexa gehienak (% 65) 25-45 urte bitarteko eta unibertsitatean ikasitako emakumeek egin dituzte.

Salaketa gehinak jasotako komunikabidea telebista da, noski, oro har tradiziozko ereduak sustatzeagatik. Esan bezala, jostailu, jateko eta garbikarien iragarkiak direla kausa egin dira erreklamazio gehienak, baina proramazioaren edukia eta prentsa titularrak ere jarri dira kolokan.

Behin kexa jasota, Behatokiak hitz egin ohi du indarreko legeria hausten duten enpresekin, publizitatea alda dezaten. Micaela Navarro Andaluziako Berdintasun kontseilariak agertu duenez, hainbatetan publizitate-egileek mugaraino daramate kanpainen edukia, oihartzun handiagoa lortzen baitute gobernuak debekatuta.

Komunikabideek errealitatea islatzen dute, bai, baina ez hori bakarrik, sortu ere egin baitezakete. Eta sortu nahi dugun errealitatean bestelako zereginak nahi ditugu neskatilentzat eta mutikoentzat. Komunikabideek, beraz, funtsezko egitekoa daukate: berrikuntzak gauzak aldatu nahia esan nahi du-eta.

19/05/2008 GMT 1

Eta hiltzen ez direnak? Zer?

martinez @ 12:25

Komunikabideek zarata handia atera ohi dute, eta ondo deritzot, gizonen batek emaztea hiltzen duenean. Oso gutxi irakur daiteke, ordea, jipoitu ostean bizirauten dutenei buruz. Horietaz arduratu da Teresa Mollá Castells artikulu batean. Horren laburpena datorkizue jarraian.

Nola ohi daude bizirauten duten horiek? Bada, normalean oso txarto eta are txartoago seme-alaba txikiak baldin badituzte, salaketa eginda eta urruntzeko agindua lortuta ere.

Erasotzaileak, salaketa jasota, biktima zoratzen saiatu ohi dira, edo urduri jartzen behintzat, senide, ladiskide edo ezagunen bidez. Hainbatetan gezurtero hutsak direla diote (nahiz eta zauriak begi-bistakoak izan) edo emazte desleialak, eta ez zirela etxeaz arduratzen. Horrela, kalte handiagoa egiten diote biktimaren autoestimu apurrari eta lortzen dute biktimaren bizimodua benetan eskasa izan dadila, gertatutako guztia bere lepoan hartuta eta, hainbatetan, ingurukoek uste dutelako emakumea dela den-denaren erruduna.

Inguru pribatuan oraindik dira zalantzagarriak biktimaren arrazoiak. Eta zalantza eta euskarri eza pairatzen ditu biktimak, tratu txarra jasan ostean. Beste tratu desegoki bat pairatzen du, beraz, ingurukoek sinisten ez dutela.

Beste batzuetan erasotzaileak seme-alabak jartzen ditu amaren kontra eta amaren sufrimendua areagotzen du horrela. Sexismo hutsa datza horren guztiaren azpian, matxoen boterearen kontra erreboltatzen den emakumearen aurkako sexismoa.

14/05/2008 GMT 1

Euskal gizonen eskutitza, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren kontra

martinez @ 12:06


Eskutitz hau sinatzen dugun gizonok badakigu gure gizartean ez dagoela berdintasunik emakumeen eta gizonen artean, ez harremanetan eta ez botere-banaketan, eta emakumeak gizonen menpe daudela. Ondorioz, gizonok hainbat pribilegio dauzkagu: aisialdirako denbora gehiago daukagu; esparru publikoan, politikan nahiz ekonomian botere handiagoa dugu; eta emakumeen etxeko lanaz eta zaintzaz gozatzen dugu. Aitzitik, gizartea antolatzeko modu honek modu negatiboan eragiten digu, eta gure nortasuna eraikitzeko gizartean eredu izan den tradiziozko gizonen eredu matxistak ez gaitu asetzen, eta gainera, gure izaera garatzeko prozesua baldintzatzen du.

Bidezkoa da egoera aldatzea, emakumeen eskubidea delako, eta gizarte osoaren onerako izango delako, egoera aldatzea onuragarria izango baita gizonentzat ere.

Horregatik, eta sexismoak eragiten dizkigun kalteak gainditzeko asmoz, berdintasuna oinarri duen gizartea eraikitzeko konpromisoa hartuko dugu, banaka nahiz taldean, emakumeek eta gizonek eskubide eta aukera berberak izan ditzagun, eta batzuon eta besteen ekarpenak eta beharrak modu berean balora daitezen. Horretarako konpromiso hauek hartuko ditugu:

- Emakumeek sexismoaren aurka egindako aldarrikapenekin bat egingo dugu eta bazterketa sexisten aurka egiten duten borroka oro babestuko dugu, eta bereziki, indarkeria matxista gaitzetsiko. Gainera, jendaurrean eta modu aktiboan gaitzetsiko ditugu halako bazterketa-jarrerak eta ez ditugu onartuko geure inguruan.

- Egoera, esperientzia eta jarrera guztiak haintzat hartuta, berdintasunik gabeko gizarte honi eusten dioten eguneroko balio eta jarrerak berraztertuko ditugu, eta beste gizon batzuei laguntzen saiatuko gara, aldaketa pertsonalen eta gizarte-aldaketen bide honekin bat egin dezaten.

- Geure burua eta besteena zaintzeaz arduratuko gara, pertsonen osasunaren eta segurtasunaren aurkako arrisku-jarrerak bultzatu ordez.

- Etxeko lanak eta familiakoak zaintzeko lanak geuretzat hartuko ditugu, baita gure izaera eraikitzeko bide gisa ere, eta bereziki, zaintzeko baimen, eszedentzia eta lanaldi murrizketez gozatuko dugu.

- Askotariko sexualitatea lortzearen alde, egingo dugu, mitorik gabe, konparaziorik egin gabe eta ezer ezarri gabe, elkarrekin gozatuz eta elkarri plazera emanez. Sexualitate librearen eta sexu-aukera zein sexu-orientazio librearen aurkako jarrera ororen aurka egingo dugu.

- Geure nortasuna libreki eraikitzen saiatuko gara, rolak eta estereotipoak alde batera utzita, geure emozioak eta sentimenduak osorik garatzeko.

- Indarkeria ez dugu arazoak konpontzeko zilegizko tresna gisa hartuko. Baztertu egingo dugu eta bide baketsuak eta elkarrizketa erabiliko ditugu egoera korapilatsuak konpontzeko.
 

Euskal gizonon konpromisoa berdintasunaren aldeko apustu sendoa da. Beharrezkoa da herritar libre, autonomo, zuzen eta zoriontsuagoen gizartea eraikitzeko.

Hemen duzu atxikitzeko orria.

08/05/2008 GMT 1

Emakume poliziak ere bazterrean

martinez @ 13:03

Formaz, teoriaz, berdintasuna dagoen arre, emakume poliziak bazterrean sentitzen dira. Hala adierazi zuten behintzat duela gutxi Bilbon egin zuten batzar batean.

Lehenengo eta behin, jantzia, uniformea dela eta. Tontakeria dirudien arren, polizien uniformeak buran gizonezkoak zituela diseinatu zituen norbaitek. Horregatik eraman behar dute emakumeek pistola bularraren pare, horregatik ez dago haientzat baletatik babesteko txalekorik, gizonentzakoek bularra zapaltzen baitiete.  Gizonez morrozturik egin behar dute lan, oso lan fisikoa, gainera, eta etengabe erakutsi behar dute gizon lankideak baino ausartagoak direla eta horrek estresa dakarkie, noski.

Isilpeko bazterkeria pairatzen dutela diote. Esaterako, gerta daiteke poliziagai batek plaza eskuratzea Zuzenbideaz edo Zirkulazio Kodeaz ezer jakin barik, udal bakoitzak bere ikasgaiak ezartzen baititu. Proba fisikoak gainditu barik, ordea, ez dago plaza lortzerik, deialdi guzti-guztietan daude-eta.

Administrazioan oro har emakume ugarik diharduen arren, polizietan, aldiz, nahiko gutxi dira, batez ete agintari postuetan. Espainiako GEO taldeetan, esaterako, emakumerik bat ere ez dago. Zergatik? Tradizioagatik, batetik, eta bestetik, ez delako lanbide erakargarria emakumeentzat.

Polizietan sartzeko probetan askoz emakume gehiagok gainditzen dituzte test psikologikoak eta elkarrizketak, gizonek baino. Eta emakumeek ikas maila altuagoa ohi dute. Proba fisikoak, berriz, gizonezkoek gainditzen dituzte errazago. Baremoak aztertu beharra dago, beraz, indarra eta egoera fisikoa ez baitira hain inportanteak poliziaren jarduketetan; askoz lehenago hartu behar dira kontuan beste trebetasun mota batzuk, gizakiago, komunikatiboago, emeagoak.

30/04/2008 GMT 1

Komunikabideetan emakumeen kontrako indarkeriaz aritzeko hamar aginduak

martinez @ 08:19

Argentinan atera ditu hamar agindu horiek PAR (Periodistas de Argentina en Red - Argentinako Kazetariak Sarean) elkarteak.

Hauexek dira hamar aginduok laburturik:

1.- Emakumeen kontrako indarkeria, genero indarkeria eta indarkeria matxista: hiru izendapenok dira zuzen eta egoki.

2.- Genero indarkeria delitua da (aurrezaindu eta zigortu egin behar da, beraz), gizarte arazoa, emakumeen bizitzaren, integritate fisiko eta psikikoaren kontrako atentatua eta giza eskubideen inguruko kontua ere bai.

3.- Krimen pasional gehiagorik ez.

4.- Biktimaren identitatea babestu behar da, ez erasotzailearena. Komeni da aipatzea zein-nolako jarrerak ekar dezakeen indarkeriazko harremana berez. Horrela, lagundu egingo diegu emakumeei euren egoeraz jabetzen.

5.- Hainbat informaziok kalte egin diezaiekete biktimari eta haren ingurukoei. Iraingarria da, gainera, biktima ezizena, hipokoristikoa eta antzerakoak erabiliz aipatzea.

6.- Sekula ez dugu ez justifikazio ez kausarik bilatuko: alkohola, droga, eztabaida, jelosia, banaketa, infidelitatea... Kausa bakarra da gizonezkoek emakumeen gainean darabilten kontrola eta jabetza. Besterik ez.

7.- Informazio-iturriak egiaztatu; batez ere, ofizialak ez direnak.

8.- Mota guztietako indarkeria salatzea: psikologikoa, ekonomikoa, emozionala... emakumeak hil arte itxaron beharrik gabe.

9.- Kontu handiz ibili argazkiekin. Biktimak eta familiak errespetatu. Albora utzi sexismoa, sentsazionalismoa eta obszenitatea. Musika erabiliz gero, kontuz ibili letrekin: ez aipatu "maitasun gaixo" ez eta jelosiarik ere.

10.- Beti ere aipatu biktimei laguntzeko telefono doakoa eta beste edozein argibide baliagarri.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!