Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Martinezena

Artxiboa: Martxoa 2009

30/03/2009 GMT 1

Banoa

martinez @ 07:16

guardasola.jpg

Berriz ere agur esan behar. Kanarietara eta gero Alacant aldera noala eta oraindino udaberrian gaudela, egokia iruditu zait hondartza eta euria, biak batera, baliatzea, hurrengora arte esateko.

Zintzo portau!

25/03/2009 GMT 1

Krisiaren biktima perfektoa: emakumea, gaztea eta etorkina

martinez @ 09:23

Iturria: Qué! Nervión

Eusko Jaurlaritzaren datuak dira, Euskadiko Autonomia Erkidegoari buruzkoak, beraz, baina nago beste leku batzuetan ere antzeko samarrak izango liratekeela.

Ehun mila bat euskaldunak gorriak pasa ari direla, diru nahikorik gabe jateko, etxebizitza ordaintzeko eta jantziak edo oinetakoak erosteko. Baina denetan gaiziken dabiltzanak betikoak ditugu: emakumeak, gazteak eta etorkinak.

Krisiarekin batera, beldurra etorri zaie, halaber, enpresei. Atea ixteko arriskua aurre-aurrean dutela, betiko erabakiak hartu ohi dituzte eta betikoak kaleratu: emakumeak, gazteak eta etorkinak, gizonezkoek, zaharrek eta bertakoek eskubidea handiagoa edukiko luketen bezala, besteek baino, lanpostuari eusteko.

Emakumeok, krisiaren biktima zuzenenak garela, bazter utzi nahi gaituzte, gainera, krisialditik ateratzeko erabakiak hartuko diren lekuetatik ere bai. Eta hanka sartze ederra izango litzateke, izango da, hori, buru guztiak, adimen guztiak beharko baititugu, honetatik irtengo bagara.

Krisiak garbi irakatsi digu sistemak porrot egin duela, egiturak errotik aldatu beharra dagoela. Horregatik behar ditugu konponbide berriak, irudimentsuak, eta ez, inola ere, aspaldiko errezetetara jotzea.

23/03/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (6)

martinez @ 09:04

Ikus aurreko atala.

Menpeko esaldien arteko korrespondentziak. Erabakiak hartu behar izaten ditu beti itzultzaileak interpretatzerakoan, jakin dakielarik beti direla posible gutxienez bizpaihiru irtenbide. Erabaki horietako bat, harrigarria, da, -larik moduko esaldi bat oso garbi denborazko esaldi moduan interpretatu eta halaxe itzultzea:

... aitak eta bere lagunak ez gintuztela entzunen iruditu zitzaidalarik -> als ich den Eindruck hatte, dass Papa und sein Freund uns nicht hören konnten.

Aditz konposatuak. Funktionsverben esaten zaie alemanez, edo Nomen-Verben-Verbindungen. Izenak dioen bezala, aditz konposatuak dira, aditzak eta sunstantiboak osatzen dituzte, aditzak esangurarik ez daukala eta elementu gramatikal hutsa delarik. Euskaraz ere baditugu horrelakoak, asko, gainera, "egin" aditzaz eginak gehienak (alde, ihes, aurre, oihu... egin). Adibide honetan, berriz, euskaraz unitate lexiko bakarra du euskal aditzak (aditz laguntzailea kontuan hartu gabe, jakina) eta bi unitate lexiko, berriz, alemanezkoak:

... aitak eta bere lagunak ez gintuztela entzunen iruditu zitzaidalarik -> als ich den Eindruck hatte, dass Papa und sein Freund uns nicht hören konnten.

Modu-denboren korrespondentzia aditzetan. Gehiagorako parada ematen digu oraindino aurreko esaldiak. Iraganeko aditz batek beste aditz bat du mendean. Mendeko hori iraganeko geroaldian da euskaraz, baldintza kutsua duela, eta Präteritum arruntean, berriz, beste inolako kutsurik gabea, alemanez, "können" (ahal izan) aditzaren laguntza duelarik, hori bai. Ingelesez gertatzen den bezala, "ahal izan" aditza sarri erabiltzen da modal gisara alemanez, askoz sarriago euskaraz eta gaztelaniaz baino.

... aitak eta bere lagunak ez gintuztela entzunen iruditu zitzaidalarik -> als ich den Eindruck hatte, dass Papa und sein Freund uns nicht hören konnten.

18/03/2009 GMT 1

Hainbat berba eta esamolde itzulgaitz (3)

martinez @ 12:42

Ikus aurreko atala.

hora. a altas h. de la madrugada: goizaldeko ordu txikietan, gauak orduak emanda, gautzarreko ordutzarretan / tener las h. contadas: -ren bizia neurtuta egon, luzaroko ez izan, ordua doanean doakigu bizia / ya es h. de comer: heldu gara jateko ordura / en buena h. te has cambiado de ropa: zure zorionean aldatu dituzu soinekoak / en mala h. me acerqué a: ordu gaitzean hurbildu nintzaion / pronto llegará la h. en que: etorriko da ordua eta laster, zeinetan... / más o menos a esa misma h.: ordu inguru hartan / ¿No puedes venir a otras horas?: Ezin al haiz garai hobean etorri? / ¿Qué haces aquí a estas h.? Zer diozu garai honetan? / ¡A buenas horas!: Garai onean zabiltzate! / le llegó su h. (de la muerte): egunak eta orduak jo zuten harentzat / H. punta: puntako ordu, puntako ordutegia ordu gori. H. valle: ordutegi arrunt, behe ordutegi.

ojalá. o. que...: oxala ba... [aurreneko baldintza]; o. no salga nunca de allí: arren jalgiko ez al da datzan tokitik; o. que venga: baldinbaitere, etorriko al da! // agian: Zenbat lagun etorriko dira? Agian anitz! ¡Ojalá muchos! (Laphitz) // O. hubiera podido despedirme: baldinbere / baldinbaitere, agurtu ahal izan banu. Hobe / Oxala agurtu ahal izan banu. Nahiago nuke agur esan banio (≈ me habría gustado (poder) despedirme: potentzialtasuna ez da benetakoa, erretorikoa baizik). Nahiago nuke agurtu ahal izan banu. Nahiago nuke agur esateko aukera izan banu. Pena dut agur esateko aukera ez izana.

16/03/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (5)

martinez @ 08:26

Ikus aurreko atala.

Denbora erreferentziak. Laugarren atalean esan genuen bezala, oro har itzultzaileak zehaztasun handiagoz jokatzen du jatorrizko egileak baino. Honako adibide honetan gauza bera gertatzen da, gutxi gorabehera, denborazko erreferentzia batean. Jatorrizko testuak esaten digu gauza bat afal ostean gertatzen dela, baina itzultzaileak, horretaz gain, are gehiago zehaztu behar du eta badio arratsean edo gauean gertatzen dela, horretarako bi adierazpide denborazko erabiliz, jatorrizkoan bat bakarra dagoelarik:

Afalondoan -> An jenem Abend (...) nach dem Essen

Espazio erreferentziak. Kasu honetan, aldiz, kontrakoa gertatzen da. Esan genezake, askoz zehatzago jokatzen duela egileak, badiolako amak haurra jantzi zuela "karrikara joateko", eta itzultaileak, berriz, bakarrik dio jantzi zuela "irteteko":

Karrikara joateko jantzi ninduen -> Sie zog mich zum Ausgehen an.

Baina badator berriro alemanezko presizio handiagoa. Amak txanoa jartzen dio neskatoari "buruan"; hori euskaraz gertatzen da, jakina, alemanez txanoa "buru gainera" jartzen da-eta. Eta "buru gainera" diot, eta ez "buru gainean", "setzen" (ezarri) aditzak, mugimenduzkoa izanik, nora adierazten baitu, eta ez non. 

Txano gorria ezarri zidan buruan -> Sie (...) setzte mir die rote Mütze auf den Kopf

13/03/2009 GMT 1

Mintzakide programa Bilbon

martinez @ 09:15

Iturria: Qué! Nervión

Bilboko Udalaren Euskara Sailak eta Ulibarri euskaltegiak jarri dute abian, euskararen erabilera areagotzeko.

Batetik, euskara ohiko hizkuntza eduki eta erabilera esparru gehiagotara zabaldu nahi dutenek, eta bestetik, euskara maila eta jarioa hobetu nahi dutenek bikoteak osatuko dituzte, binaka euskaraz aritzeko. Ordubetez elkartuko dira noizbehinka hamar astetan.

Bikoteak osatzerakoan, kideen lan- edo ikas-ordutegia, zaletasunak eta helburuak hartuko dira kontuan.

Albiste horrekin batera, hainbat datu plazaratu dute Bilboko euskaldunei buruz. Horren arabera, 15-24 urte bitarteko bilbotarren % 55 dira elebidun. Eta euskaldun hartzaileak, berriz, % 82 dira adin tarte horretan.

11/03/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (4)

martinez @ 08:42

Ikus aurreko atala.  

Narrazioaren denborak. Lehen atalean esandakoa osatu nahian, hona hemen denboren korrespondentzia:

Narrazioaren denbora. Euskaraz, tradiziozkoa, orainaldi bukatua da narrazioaren, kontakizunaren denbora. Alemanez, tradiziozkoa ere bai, Präteritum izenekoa, nahiz eta lehenengo esaldian, irakurlearengandik hurbilago ekarri nahian edo, Perfekt (orainaldi bukatua) erabili.

Iraganeko erreferentziak. Horrelakoak egiteko denbora euskaraz lehenaldi bukatua da. Alemanez, Plusquamperfekt.

etorri ginen hona -> waren wir hierher gekommen

Geroaldia. Gaztelaniarekiko korrespondentzian gertazen den bezala, hainbatetan euskarazko geroaldia Präsens bilakatu behar dugu alemanez:

ez dun gizon makurrik izanen -> gibt es keine bösen Männer

Zehaztasun handiagoa. Bigarren atalean, ñabardura semantikoak aipatzean, aurreratu genuen bezala, lexikoan eta adierazpideetan oro har, zehatzago jokatu ohi du itzultzaileak. Oraingo honetan, kasu, euskaraz "itsasoa" baino ez denak "Ozean", hau da, askoz zehatzagoa, izan behar du alemanez.

09/03/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (3)

martinez @ 07:56

Ikus aurreko atala.

Baiezko esaldia -> Ezezkoa. Arauak, oro har eta komunikazioaren alde, kontrakoa aholkatzen duen arren, badirudi kasu honetan askoz batago datorrela ezezko esaldia alemanezko hizkera arruntarekin eta horregatik aldaketa.

Hago lasai -> Mach dir keine Sorgen ('ez larritu')

Aditzeko esaldia -> Aditzik gabea. Aldaketa honetan itzultzaileak arindu nahi izan bide du hizkera.

Gaur ez dinat egingo -> Heute nicht

Partikula modalak. Alemanez badaude horrelako partikulak, esangura zehatzik gabeak, esaldiaren esangura osoa modalizatu egiten dutenak eta oso sarriak direnak hizkera arruntean. Hurrengo adibidean ikusten dugu nola euskaraz ez dagoela inolako partikularik, baina alemanez itzultzaileak erabaki duela esaldiari ondo datorkiola modalizazioa. "Da" da partikula modal hori:

... ez dinagu deus egiten ahal -> ... können wir da nichts machen

05/03/2009 GMT 1

Euskara-gaitasun tituluak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Marko Bateratuan uztartu dira

martinez @ 07:54

Iturria: www.erabili.com 

Euskara-gaitasun agirien baliokidetza sistema guztiz osatu du Eusko Jaurlaritzak. Euskarazko egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetzen dituen eta Europako Erreferentzi Markoan uztartu dituen sistema honek eragin zuzena du orain arte egiaztapen-sistema guztietan agiria duten milaka herritarrengan eta hemendik aurrera euskarara tituluren bat eskuratzeko bidean izan daitezkeenengan, gainera, baliokidetza eta aitortza sistema osorako da eta betirako da.

Euskararen gaitasun egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetuko dituen Dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailak aurkeztutako proposamenaren harira, eta honen bitartez euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura finkatu zituen 64/2008 Dekretua egokitu du eta handik kanpo geratu ziren titulazioak sartu ditu bere baitan, baliokidetza sistema gutiz osatuz.

Apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuak euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitu zituen, euskararen egiaztagirien arteko baliokidetzak beraien artean eta hauek Europako Erreferentzia Markoarekiko ezarriz. Hala ere, kanpoan utzi ziren hezkuntza arloko titulu eta ziurtagiri batzuk, dekretuan gerora sartzeko asmoarekin. Orain gehitu diren titulazioak, Hezkuntza Sailaren Irakaspostuetarako Hizkuntza-Eskakizunak eta Hizkuntza Eskola Ofizialen plan zaharreko eta berriko titulazioak dira. Gainera, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak ematen duen EGA eta Euskaltzaindiaren D agiria ere baliokidetza koadroan jaso dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak kudeatzen duen HLEA geratu da oraingoz kanpoan, hainbat epai eta gorabeheraren ondoren Hezkuntza Saila euskara-agiri horren sakoneko aldaketa bat egiteko asmotan dabilelako. Aldaketa hori aztergai dago, eta azken erabakia hartzean argituko da orain arteko HLEAren baliokidetza eta, kasua balitz, berriarena.

Baliokidetza sistema honen bitartez, euskara-agiri guztiak Hizkuntzen Europako Markoarekin homologaturik geratu dira, eta elkarrekin baliokidetuta. Guztira 34 titulu desberdin. Horietako batzuk 1975az geroztik ematen hasiak dira. Euskararen egiaztagirien arteko baliokidetzak beraien artean eta hauek Europako Erreferentzia Markoarekiko ezarri dira. Dekretuak Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Marko Bateratuaren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailekin parekatzen ditu HAEE-IVAP-ek, HABEk, Osakidetzak, Ertzaintzak, Hezkuntza Sailak, Euskaltzaindiak (D agiria), Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak (EGA) eta Hizkuntzetako Eskola Ofizialek emandako agiriak, bakoitzaren baliokidetzak ezarriz.

Baliokidetzak

  • Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
    • Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 1. hizkuntza eskakizuna.
    • Kultura Sailak emandako 1. mailako ziurtagiria, (HABE).
    • Osakidetzako 1. hizkuntza eskakizuna.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako antzinako ikasketa planaren euskal ikasketen 3. maila.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek egungo ikasketa planaren baitan emandako Tarteko Maila.
  • Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
    • Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 2. hizkuntza eskakizuna.
    • Kultura Sailak emandako 2. mailako ziurtagiria (HABE).
    • Justizia Administrazio langileen 2. hizkuntza eskakizuna.
    • Osakidetzako 2. hizkuntza eskakizuna.
    • Ertzaintzako 1. hizkuntza eskakizuna.
    • Irakaspostuen 1. hizkuntza eskakizuna.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako euskal ikasketen antzinako ikasketa planeko 4. maila.
    • Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek egungo ikasketa planaren baitan emandako Maila Aurreratua.
  • Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
    • Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 3. hizkuntza eskakizuna.
    • Kultura Sailak emandako 3. mailako ziurtagiria (HABE).
    • Justizia Administrazio langileen 3. hizkuntza eskakizuna.
    • Osakidetzako 3. hizkuntza eskakizuna.
    • Ertzaintzako 2. hizkuntza eskakizuna.
    • Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak emana eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak emana).
    • Euskaltzaindiaren D agiria.
    • Irakaspostuen 2. hizkuntza eskakizuna.
    • Antzinako Ikasketa Planaren baitako Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Madrilgo Hizkuntza Eskola Ofizial Nagusiko 5. maila edo euskal gaitasun maila.
    • Egungo planaren barrruan Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako menderatze operatibo eraginkorreko Gaitasun Maila.
  • Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
    • Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 4. hizkuntza eskakizuna.
    • Kultura Sailak emandako 4. mailako ziurtagiria (HABE).
    • Justizia Administrazio langileen 4. hizkuntza eskakizuna.
    • Osakidetzako 4. hizkuntza eskakizuna.

02/03/2009 GMT 1

Euskaratik alemanera (2)

martinez @ 07:53

Ikus aurreko atala.

Dativoa. Aurren-aurreneko esaldian dugun datiboak deklinazio-marka ageria darama euskaraz (amari) eta markarik bat ere ez, berriz, alemanez (Mama); artikuluren bat eramanez gero, possesives Artikel, kasu, Artikel horrek agertuko luke deklinazio atzizkia: meiner Mama.

Posesiboak. Alemanez, frantsesez, ingelesez askoz maizago erabiltzen dira posesiboak gaztelaniaz baino; euskaraz, are gutxiago, gaztelaniaz baino. Horren azalpena izan daiteke euskal aditzak informazio nahikoa ematen duela ekintzan parte hartzen duten pertsonei buruz eta, horren ondorioz, ez dela beharrezkoa gehiago zehaztea. Hemen, teoriaren kontra egin gabe, posesiborik ez dago euskaraz eta bai, ordea, alemanez:

Begietan (...) distira nabaritu diot -> In ihren Augen bemerkte ich ein Schimmern.

Ñabardura semantikoak. Narratzaileak euskaraz esaten digu behin amari distira ikusi ziola begietan, beste barik: "begietan distira ikusi nion". Itzultzaileak, berriz, nolabait zehaztu, nabarmendu du esaldiaren esangura eta hitzez hitz esaten digu distira deigarri egin zitzaiola. Aldaketa semantiko ttipia da, baina agian aztarna emango digula nola transbasatu behar diren hainbat ekintza hizkuntza batetik bestera; agian esango digu alemanez zehatzago, zorrotzago jokatu behar dugula oro har.

Distira (...) ikusi nion berbera -> Das gleiche, das mir an ihr aufgefallen war.

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!